Bi zinegotzi gehiago izango ditu Aiako Udalak aurrerantzean

Urola Kostako Hitza 2011ko maiatzaren 12a

Gaur egun EAJk eta ezker abertzaleak osatzen dute herriko udalbatzarra. Duela lau urte bezala, aurten ere lau alderdi aurkeztu dira udal eta foru hauteskundeetara, baina oraingoan bi zinegotzi gehiagok osatuko dute taldea. Izan ere, herriak gainditu egin du 2.000 biztanleko kopurua eta, horregatik, 9 zinegotzi izatetik 11 izatera pasako dira. EAJ, Bildu, PSE-EE eta PP aurkeztu dira hauteskundeetara. Azken alderdi honen Gipuzkoako prentsa arduradunak Hitza-ri jakinarazi dioenez, lurraldeko herri guztietan aurkeztu dituzte zerrendak, baina herri programak «toki gutxitan» garatu dituzte; Aiarako ez dute osatu. Beste alderdien kasuan, argiago dute herriari zer eskaini nahi dioten. Bildu koalizioak, esaterako, hainbat puntu nagusitan laburbildu du bere programa (bilduaia.blogspot.com). Hasteko, udal «ireki eta parte-hartzailea» eraiki nahi dute, eta gazteen «parte-hartzea bultzatu». Etxebizitzaren gaiari dagokionez, etxe hutsei «irtenbidea» eman behar zaiela uste dute. Eskola berriak «lehentasun osoa» izan behar du eta «herri guztiari kirol eta kultura eskaintza zabala egin behar zaio». Nekazaritza indartzea eta hondakinen kudeaketa eredua aldatzea eta garraio publikoa bermatzea dira Aiako Bilduren beste proposamenetako batzuk. Gizarte politika ardatz PSE-EEri dagokionez, Aiarako duten egitasmoa inguruko herrietan dituztenen antzekoa izango dela jakinarazi dute, «antzekoak baitira herritarren arazoak». Krisi ekonomiko orokorrak «eragina izan du gure eskualdean ere, eta bereziki ahulenak direnengan ondorio larriak eragin ditu». Lehentasunak argi dituzte: «Gure politikaren ardatza ahulenen aldeko gizarte politika izango da, ongizate arloa sendotuz eta lana sutatuko duten neurriak bultzatuz. Etxebizitzari dagokionez, alokairuaren alde lan egingo dugu, batik bat». Besteak beste, «eraginkortasun energetikorako plana» garatu nahi dute, zentro publikoetan aurrezteko neurriak ezartzeko. Energia berriztagarriak ere sustatuko dituzte eraikin publikoetan: «Esate baterako, eguzki-energia termikoa». Aiako Udalerako alderdien hautagaiak EAJ 1. Igor Iturain. 2. Maria Jesus Arruabarrena. 3. Asier Ibarguren. 4. Idoia Iribar. 5. Arkaitz Iruretagoiena. 6. Ander Arrillaga. 7. Naiara Esnal. 8. Nekane Arrizabalaga. 9. Ignacio Maria Zuloaga. 10. Pilar Sarasola. 11. Jon Ander Azpiroz. Bildu 1. Haritz Arruti. 2. Aitzpea Elgarrezta. 3. Asier Egaña. 4. Amaia Maria Gurutzeta. 5. Mikel Zulaika. 6. N. Concepcion Lazkano. 7. Eñaut Solaguren. 8. Amaia Iturzaeta. 9. Frantzisko Manzisidor. 10. Onintza Callejo. 11. Haritz Izagirre. PSE-EE 1. Alberto Agirrezabal. 2. Lurdes Agirrezabala. 3. Valentin Elola. 4. Jose Miguel Lukas. 5. Jose Luis Zimmermann. 6. Juan Carlos Caño. 7. Fatima Molina. 8. Jose Antonio Ramiro. 9. Maria Angeles Hernandez. 10. Anastasio Monedero. 11. Margarita Iparragirre . PP 1. Enrique Lopez. 2. Maria Pilar Gil. 3. Maria Isabel Gonzalez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide