Landare bereziez gozatzeko aukera izango dute hilak 30ean eta maiatzak 1ean

Urola Kostako Hitza 2011ko apirilaren 14a

Hilak 30ean eta maiatzak 1ean Landare Berezien azoka egingo dute bederatzigarren aldiz Pagoetako Parke Naturaleko Iturrarango Lorategi Botanikoan. Aurtengoan, 46 mintegik hartuko dute parte, eta Euskal Herrikoak ez ezik, munduko hainbat herrialdeetako landareak izango dira erakusgai eta salgai egun horietan. Urtero bezala, jende andana hurbilduko da munduko landareez gozatzera. Azoka 10:00etatik 18:00etara bitartean zabalduko dute, eta bertara joaten direnek hiru euro ordainduko dute sarrera. Hamabi urte baino gutxiago dutenek, ordea, doako sarrera izango dute. Ohikoak ez diren landareak izango dira bertan, baina bestelako zerbitzuez gozatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek; hala nola, janari eta edari postuak jarriko dituzte. Antolatzaileek bi aparkaleku egokitu dituzte azokara joateko. Lehenengoa Aiako herrigunean jarriko dute, eta bestea Orioko Txurruka auzoan. Bi gune horietatik doako autobus zerbitzuak jarriko dituzte Iturraranera joateko. Halaber, Zarauzko Euskotren  geltokitik ere trenez joateko zerbitzua jarriko dute, doan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide