Asentzioko ferian parte hartzeko deialdiak zabaldu dituzte

Urola Kostako Hitza 2011ko apirilaren 7a

Maiatzak 29an Asentzioko Feria egingo dute Aian, eta azoka hori prestatzeko Antolatzaile Batzordeak herritarrei parte hartzeko deia luzatu die. Haur, gazte nahiz helduek parte hartu dezakete jai horretan, antolatzaileek herritarrak «eragile aktibo» izatea nahi dute. Hainbat postu eta ekimen egingo dituzte egun horretan; txakolin dastaketa eta sagardo dastaketa postuak, txistorra, odolki eta antxoa postuak edota nekazaritza munduko eszenifikazioa egingo dute. Ekintza horietan aritzeko eta bestelako proposamenak egiteko hilak 14ean 21:00etan kultur etxean egingo duten bileran hartu dezakete parte. Bestetik, herriko merkatari eta ostalariek euren saltokiak baserri inguruko tresnekin apaintzeko proposamena luzatu die. Horretarako maiatzak 11 baino lehen eman dezakete izena, kultur etxean. Horrez gain, baserritar ekoizleek ere izango dute zereginik egun horretan. Baserritarrek beraien animaliak erakutsiko dituzte Asentzioko ferian, eta horretarako ere maiatzak 11 bitartean Udaletxean eman dezakete izena. Horiek, animaliaren identifikazio zenbakia edota ustiakuntzaren zenbakia aurkeztu beharko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide