Txakolin Eguna ospatuko dute hilak 17an

Ane Olaizola 2011ko apirilaren 5a

Beste behin ere Aiako plaza txiki geratuko da Txakolin Egunean. Aste Santuak gerturatzen doazen heinean herritarrek hitzordu finkoa izan ohi dute, eta aurten, apirilaren 17an ospatuko dute bederatzigarren aldiz Txakolin Eguna. Getariako Txakolina jatorri izendapena duten Gipuzkoako 23 ekoizlek osatzen dute, eta horien artean Aiako bi ekoizlek egiten dute lan. Guztira, horietako 20 ekoizle gerturatuko dira hilak 17an Aiara, eta beraien ardoa dastatzeko aukera izango dute txakolin zaleek; izan ere, eguerdian, 12:00etatik aurrera, hiru euroren truke txakolin kopa bat eskuratuko dute plazara gerturatzen direnek, eta nahi duten upategiko txakolina hartu ahal izango dute. Antolatzaileek Eusko Label Jatorrizko Izendapena duten ekoizleekin akordioa dute egun honetarako, eta beraz, ohiko moduan, burruntzian erretako txahal pintxoak ere banatuko dituzte, euro baten truke. 2003. urtean antolatu zuten lehenengo aldiz Txakolin Eguna Aian, eta sorreratik "sona hartu" duen jaia izan dela azpimarratu du Joxe Mari Aiertza Aiako Udaleko ordezkariak; "erantzun ona izan du Txakolin Egunak ekimena sortu zenetik. Horrenbeste ekoizle eta herritarren artean, plaza beti txiki geratu izan ohi da, eta aurten ere hala izatea espero dugu". Herritarrak ez ezik, eskualdeko ehundaka lagun gerturatzen dira plazara, eta aurtengoan ere hala izango dela aurreikusten dute antolatzaileek. Antolatzaileek Getariako txakolina sustatzea dute helburu festa honen bidez; "egun, Gipuzkoa osoko ekoizleen osatzen dute Getariako txakolina jatorri izendapena. Hasiera batean, ordea, Getariako, Zarauzko eta Aiako mahastiek osatzen zuten, eta oraindik orain herrian badaude txakolin ekoizleak. Beste bi herrietan ere egiten dute jai hori, eta gurera ere ekartzea nahi izan genuen, txakolinaren izena zabaltzeko asmoz", dio Aiertzak. Horrez gain, herriak txakolinarekin "aspalditik" duela harremana azpimarratu du Udal ordezkariak: "Betidanik ezagutu izan dugun produktua da txakolina. Lehen, Aiako baserri askotan mahastiak zituzten, eta etxerako egiten zuten edari hori. Orain, profesionalizatu egin da guztia". Honako ekoizleen hartuko dute parte Txakolin Egunean: Agerre, Aizpurua, Akarregi-Txiki, Ameztoi, Arregi, Basa-Lore, Bengoetxe, Eizaguirre, Etxetxo, Gaintza, Gañeta, Mokoroa, Rezaba, Sagarmiñ, Santarba, Talai-Berri, Txomin Etxaniz, Ulacia, Urki eta Zudugarai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide