Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azken hilabetetan hainbat bilera egin eta gero, kontsumo taldea sortu dute Aian. Bederatzi lagunek osatzen dute taldea, eta Mari Karmen Agirre bertako kide batek adierazi duenez, maiatza amaieratik aurrera hasiko dira bezeroentzako otarreak egiten.
EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak eta Biolurrek informazioa eman diete kideei, eta informazio horren harira erabaki dute kontsumo taldea sortzea.
Aiako Elkano auzoko baratzetan ekoiztuko dituzte barazkiak; «garaian garaiko barazkiak banatuko ditugu, eta otarreak itxiak izango dira. Hau da, ekoizleek erabakiko dute zer produktuz osatuko duten asteroko eskaintza. Barazkiez gain, gazta ere banatuko dugu».
«Behin guztia martxan» jarrita, bezero gehiago izatea espero dute antolatzaileek. Horretarako, 656 77 33 68 telefonora deitu edo mudi.este@gmail.com helbidera idatzi daiteke. Saski osoa 15 euroren truke eskuratu daiteke, eta erdia, berriz, zortzi euroren truke. Bezeroek saskia astero jasoko dute, herriko plazan, eta hilero ordainduko dute kuota. Maiatzak amaieran egingo duten bileran saskiak zein egunetan jasoko dituzten eta bestelako xehetasun batzuk erabakiko dituzte.
Orion ere saskiak banatzeko asmotan
Aian ez ezik, Orion ere sortu berri dute kontsumo taldea. Agirrek eta beste ekoizle batzuk intxaurrak, gazta edota arrautzak banatzen dituzte bertan.
Hala ere, Agirrek aurreratu duenez, herri horretan ere saskiak banatzeko asmoa dute aurrera begira. Kasu horretan, apirilaren 11n kultur etxean elkartuko da kontsumo taldea, 19:00etan. «Orduan, baratzetako egoera aztertuko dugu, eta otarreak banatzearen inguruan ere jardungo dugu», dio aiarrak.