Bizikletan iritsi zen lehenengoz Herrialde Katalanetatik Euskal Herrira, eta erretiroa hartu duen honetan, bizikletan egin nahi du harantz buelta bat. 32 urtez Aiako erizaina izan da Javier Vilches (Lerida, Herrialde Katalanak, 1951), eta ostegunetik erretiratua da Zarauzko bizilaguna.
Horrenbeste urteren ondoren, agur festaren bat eginda erretiratuko zinen, ezta?
Bai, Udalekoekin nahiz lanekoekin egin dugu festaren bat. Hunkigarria izan da, egia esan.
Nola hartu dute aiarrek zure erretiroa?
Joan den osteguna nire azken eguna zela jakin zutenean, asko etorri zitzaizkidan analisiak egiteko eskatzera. Medikuak lasaitzeko esan behar izan zien, erizain berriak egingo zizkiela. Oso gustura egin dut lan Aian, eta eskerrak eman beharrean naiz herritarrei, oso ondo tratatu izan nautelako beti.
Bizikletan iritsi zinen Euskal Herrira.
Bai, opor batzuetan izan zen, 1970 hasieran. Donostiara iritsi nintzen, jazz jaialdi bat ikusten izan nintzen, eta harrituta gelditu nintzen hango hondartzarekin eta edertasunarekin. Orduan pentsatu nuen hona etorriko nintzela lan egitera. Handik bizpahiru urtera izan nuen aukera, 1976an, eta etorri egin nintzen. Zuzenean Donostiako Arantzazu Erresidentzian hasi nintzen lanean. Garai hartan erraza zen lanpostua lortzea erizaintzan. Han bi urte egin nuen, eta gero herri txiki baten bila hasi nintzen.
Zergatik herri txiki bat?
Herri txikietan jendea zintzoagoa delako erabaki nuen aldatzea. Hemezortzi herri txiki zeuden garai hartan erizain edo praktikatzailerik gabe, orduan hala deitzen baizitzaion erizainari. Hasieran Errezilera joan nintzen. Zenbat eta herri txikiagoa, orduan eta jende zintzoagoa aurkituko nuela uste nuen. Garai hartan oraindik ez nekien euskaraz, ordea, eta lo egiteko eta bizitzeko etxea edo logela aurkitzea zaila zen. Garai hartan 24 orduz egoten ginen zaintzaldian, eta behar-beharrezkoa zen lan egiten zen herri berean bizitzea. Atez ate joan nintzen, zerbait alokairuan hartzeko, baina ezinezkoa izan zen. Hala, Aiara joan nintzen. Han ere pixka bat kostatu zitzaidan, baina lortu nuen, azkenean. Eta han gelditu nintzen; 32 urte, guztira. Duela gutxi etorri naiz Zarautzera bizitzera. Seme-alabak nerabezaroan daude eta herri handiago bat erosoagoa da haientzat.
30 urtean medikuntzak eta zuen lanbideak aldaketa asko izango zituen...
Bai, OLT Osasun Laguntzaile Tekniko [gaztelaniazko ATS] gisara hasi ginen. Gero oraingo ikasketekin baliozkotu egin genuen, baina aiarrentzat beti izango naiz praktikantea. Berriak datozenak erizainak dira. Nik ehun urte gehiago jardun arren ez dute izena aldatuko.
Lan egiteko moduak ere ez du lehengoaren antzik izango, ezta?
Orain 08:00etatik 15:00etara egiten dugu lan, eta noizbehinka zaintzak tokatzen zaizkigu. Lehen beti egoten ginen zaintzaldian, eguneko 24 orduak. Asko hobetu da zentzu horretan.
Baserrietara bisitak egitea ere tokatuko zitzaizun, bada...
Bai, bai. Aiak 200 baserri inguru ditu, eta hamabi auzo. Askorentzat lan honen oztopo handiena izango da hori. Niretzat gozada bat da, ordea. Baserri txiki baztertu batera joan eta han nola bizi diren ikustea, beren zelaiekin, abereekin, gozamena da. Oso polita da.
Baserritarrek eta auzoetakoek ba al zuten anbulatoriora joateko ohiturarik? Ala zuek mugitu behar izaten zenuten?
Hasieran geuk mugitu behar izaten genuen. Batzuek ez zuten autorik, eta ohitura zen guri deitzea, gu haiengana joateko. Ez zegoen anbulatoriora joateko kulturarik. Gazteek agian bai, adinekoek ez. Horregatik, programa bat jarri genuen abian. Gaitzaren eta adinaren araberako maiztasunarekin, aldizkako bisitak egiten hasi ginen. Programa hori ezarrita dago jada, herri txikietan nahiz handiagoetan. Ohitura hartzea kostatu zaien arren, poliki-poliki hasi dira dinamika horretan sartzen, eta gaur egun gehiago etortzen dira kontsultara.
Aiara iritsi zinenean ez zenekien euskaraz. Zer moduz moldatzen zinen eriekin?
Hasieran nahikoa gaizki, egia esan. Aiar gehien-gehienek euskaraz egiten zuten, eta nik gaztelaniaz edo katalanez, eta nahikoa zaila zen elkar ulertzea, are gehiago osasun kontuetan. Ez zen zintzoa, ni erdalduna izatea eta haiek, %99a, agian, euskaldunak izatea. Horregatik, euskara ikasten hasi nintzen, ikastaro trinkoa egiten HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundearen bitartez. Lana amaitu ondoren, egunero hiru orduz aritu nintzen. 1978-1979 urteetan izan zen hori. Nahiz eta euskara zaila izan, nahikoa dibertigarria izan zen, eta jende jatorra elkartu ginen, gainera, ikastaroan. Poliki-poliki hasi eta egunero saiatu nintzen, hasieran indioak bezala, hitz solteak esanez, 300 hitz ikasita.
Herritarrek nola hartu zuten zure ahalegina?
Begira, oso zaila da kanpotik joan den batentzat aiarra izatea, nahiz eta 32 urtez bizi izan han. Betirako kanpotarra izango zara. Hala ere, nahiz eta kanpotarra izan, inoiz inork ez dit esan gaizki hitz egiten dudala euskaraz. Inork ez dit esan gaztelaniaz hitz egiteko. Alderantziz, beti animatu izan naute, beti esan izan didate oso ondo egiten dudala. Gure autoestimarentzat balore inportantea da hori. Oso gustura sentitu izan naiz zentzu horretan. Katalunian ez da halakorik gertatzen, han katalanez ondo egiten ez baduzu, gaztelaniaz hitz egiteko esaten dizute azkar.
Nola gogoratzen duzu Aian lehenengo eguna?
Garai hartan medikuei bai, baina guri ez ziguten ez etxerik, ez lanerako tresnarik ematen, eta bizi nintzen etxean gela bat atondu nuen lana egiteko. Hala hasi nintzen. Gero medikuaren etxean jarri zidaten kontsulta niri ere, eta taldean lan egin ahal izan genuen. Artean ez zegoen anbulatoriorik.
Rosa Corral da Aiako medikua. Denbora askoan egin al duzue lan elkarrekin?
Bai, 24 urtez. Bizitza osoa, eta oso gustura, gainera. Harreman onik gabe ezin da lanik egin bi bakarrik izanda; jasangaitza litzateke.
Nolako eriak dira aiarrak zure ustez?
Herri txikietakoak, orokorrean, ez dira zauri txiki batengatik anbulatoriora joaten, ez dizute trabarik egiten, eurek artatzen dute beren burua. Deitzen badute, berriz, argi. Lehenbailehen joan haiei kasu egitera, zerbait larria izango delako. Agian esaten dizute haurrak hatza harrapatu duela atearekin eta pusketa bat galdu duela. Zuk pusketa txikia izango dela pentsatzen duzu, baina ez; azkar joan, pusketa hatz erdia delako.
Halakorik benetan gertatu al zaizu?
Bai, neuri pasatutakoa da orain zazpi-zortzi urte. Horixe esanez deitu zidaten, eta pusketa hartu eta ekartzeko esan nien, izotza jarrita. Benetan, ia hatz erdia zen. Haientzako pusketa da, larritasunaren beste parametro batzuk dituzte. Hirian zauri txikiena egiten badu haurrak larrialdietara aita, ama eta aiton-amonak, guztiak joaten dira. Aian ezta pentsatu ere. Deitzeko zerbait oso larria izan behar du. Oso autonomoak dira. Gainera, sendaketa nola egin esaten badiezu, arazorik gabe egiten dute.
Halako kontuak alde batera utzita, lan lasaia izango zen zurea, ezta?
Herri txikia da, ez da 2.000 biztanlera iristen, eta erdiak Urdanetan eta Santion daude. Erdigunean mila herritar inguru ditugu. Bestalde, Aian ez dugu administrazio langilerik, telefonozainik eta laguntzailerik, eta dena medikuaren eta bion artean egin izan dugu beti. Nahikoa lasaia izan da, hala ere.
Eta, osasunaz nola dabiltza aiarrak?
Osasun ona dute, orokorrean. Hainbat faktorerekin lotzen dut nik hori. Alde batetik, elikadura dago. Ia denek dute baratza, eta bertako jakiak jaten dituzte. Bertan duten haizea ere garrantzitsua da, eta bestetik, egiten duten lana dago. Eta, familia kohesioak ere, bere eragina duela uste dut.