Udaleko Berdintasun sailak emandako diru laguntza jaso duzu aurten. Zer proiektu proposatu zenuen?
Beti izan dut buruan halako deialdi batera aurkezteko ideia, baina ez dut jakin halako deialdietara zer aurkeztu. Behin, belaunaldi desberdinetako militanteak mahai baten bueltan bildu genituen, eta han Herri Gaztedi mugimenduaren izena atera zen. Ikusi nuen talde horretako ekintzailea izan zen emakume batek zer indarrekin hitz egiten zuen hartaz, zer garrantzi ematen zion mugimenduari eta zer eragin izan zuen horrek bere bizitzan. Hasi nintzen informazioa bilatzen, eta ez zegoen ezer. Gauza oso txikiak zeuden. Ahotsak.eus webgunean, Zumaiako herritarrei egindako elkarrizketetan, pasarte labur batzuk aurkitu nituen. Idatziz ezer gutxi zegoen. Ikusita garai hartan mugimenduaren parte izan ziren zumaiar batzuek zer garrantzi ematen zioten gaiari, eta, aldi berean, hari buruz ezer gutxi zegoela idatzita, deialdian parte hartzera animatu nintzen.
Zer zen Herri Gaztedi?
Aurretik, Baserri Gaztedi izena zuen mugimendua egon zen, baina 60ko hamarkadan Herri Gaztedi bihurtu zen. 1965ean sortu zuten –1966an Zumaian–, eta Euskal Herri mailan aritu zen, nahiz eta Bizkaian eta Gipuzkoan izan zuen indar handiena. Ibilbidea 1973an edo 1975ean amaitu zuen. Zumaiako ekintzaile batzuek diote 1976an oraindik jarraitzen zuela lanean. Esan daiteke mugimendu heterogeneoa izan zela. Aldizkarietan dokumentatuta daude haren oinarriak, baina herri bakoitzean bere forma eman zioten. Mugimendu bezala, lau ezaugarrirekin definitzen zuten: gazte mugimendua, herri mugimendua, heziketa mugimendua eta, laugarrena, berezi egiten zuena, eliz mugimendua, Elizari lotuta zegoelako. Ikusten zuten Elizak frankismotik ihes egiteko zirrikituren bat eskaintzen zuela. Zumaiako ekintzaileek ziotenez, orduan kristau guztiak eskuindarrak ziren, eta beharra sentitzen zuten ezkerrekoa izango zen kristautasuna sustatzeko.
Zer-nolako lanketa egiten zuen?
Mugimendu dinamikoa izan zen, eta urteen poderioz aldatzen joan zen. Baina hasieratik bukaerara mantendu zituen bi alderdi nagusiak heziketa eta ekintza izan ziren. Garrantzi handia ematen zioten ‘gazteak janzteari’, baliabideak emateari eta gogoeta sustatzeari. Kristautasunaren heziketa bultzatzeaz aparte, marxismoan ere asko sakondu zuten. Ekintzailea ere bazen mugimendua; esaten zuten ezin zela teoria hutsean geratu. Zumaiako ekintzaileek zioten, beraiek Herri Gaztedin hasi zirenean, bazirela Zumaian beste talde batzuk, "proselitistak" zirenak. Beraiek, ordea, ekintzak nahi zituzten. Zentzu horretan, mugimenduaren printzipio nagusiak bost ziren: marxismoa, klase borroka, abertzaletasuna, kristautasuna eta euskara.
Inguruotan, non garatu zen?
Zumaian zuten nukleo nagusia, herri handiena zelako eta militante gehienak han zituelako, baina inguruko herri txikietan ere aritu ziren: Oikian, Aizarnan, Aizarnazabalen, Arroagoian... Herri askotako errealitatean sustraituta zeuden. Bilerak Zumaian egiten zituztela diote, eta oso luzeak izaten zirela, goizaldeko seirak arte-eta aritzen zirela, jendeak lanera joan behar izaten zuenera arte. Batzuetan Guardia Zibila zain izaten zutela ere esan didate.
Ekintzak egiten zituztela diozu. Zer-nolako ekintzak?
Ekintza aldarrikatzaile bezala har daitezkeenak egiten zituzten, unean uneko gertaerei lotutakoak. Gogoratzen dute, 1968an, Txabi Etxebarrieta [ETAko kidea] hil zutenean, Zumaian meza egin zela. Burgosko prozesuan, heriotza zigorretik espetxe zigorrerako ordezpena izan zenean, parrokiako kanpaia gantxo batekin blokeatu zuten. Beste ekintza mota batzuk ere egin zituzten. Adibidez, Espainiatik Zumaiara lanera etorri ziren etorkinekin alfabetatze eskolak egin zituzten orduko Maria eta Jose ikastetxean [gaur egun, Zumaiena ikastola], euskara ikasteko. Asko hausnartu zuten afektibitateaz, emakumeen auziaz, bizi ereduaz. Denbora askoan aritu ziren komuna bat sortzeaz hausnartzen, lehenengo kristauak horrela bizi zirela eta.
Frankismo garaian hasi zuen mugimenduak ibilbidea.
Zumaian hiru aurrekari egon ziren, hirurak ere Elizari lotutakoak: Luistarrak, mutilentzat; neskentzako Mariaren alabak, eta Oargui izena zuen hirugarren talde bat. Aipatzen zuten, adibidez, Oarguikoek egin zutela Indamendiko gurutzea, eta haren oinarrian ikurrina sartu zutela. Herri Gaztediren kasuan, tentsioa sortzen hasi zen garaian aritu ziren. Euskal kleroa ere Eliza Katolikoko jerarkiaren aurka hasi zen altxatzen. Mugimenduak gainbehera izan zuen, faktore desberdinengatik. Elizaren babesa galtzen joan zen. Jose Maria Setienek, Donostiako gotzainaren laguntzailea zenean, garbi esan zien marxismoak ez duela lekurik Elizaren barruan. Bestalde, babes hori ez zuten hain beharrezkoa, alderdiak eta sindikatuak legeztatzen joan zirelako.
1971n hausnarketa prozesu handi bat egin zuten Euskal Herrian. Hasieran bi aukera planteatu zituzten: klandestinitatera jauzia egitea edo alderdi politiko bezala egituratzea. Azkenean, hirugarren aukera baten alde egin zuten: ekintzak erabat alde batera utzi gabe, gazteen heziketan zentratuko ziren, gero gazteek beraien hautu politikoa handik kanpo egin zezaten. Zumaiako kasuan, Herri Gazteditik jende asko EKEra (Ezker Komunista Erakundea) pasatu zen. Herri Gaztediko azken buruzagia, Andres Osa Sakona, apaiz ohia, EKEko kidea zen.
Mugimendu horretan aritutako jendeak jarraitu al zuen bestelako alderdi politikoetan?
Elkarrizketatu ditudan pertsonak hiru taldetan banatu ditut, militatu zuten garaiaren arabera. Mugimendu heterogeneoa zen eta leku guztietara mugitu ziren. Badago jendea LKIra joan zena, Laiara joan zena, Komando Autonomoetara joan zena. Horren guztiaren aurretik, langile komiteak deitu zituzten, eta horietan ere parte hartu zuten. Hasieran, ildo abertzaleago bat izan zuen, baina bukaeran ildo ez hain abertzalea, baita espainolista ere. Horren ondoren, bakoitzak bere taldean jarraitu zuen jarduerarekin, eta beraien arteko talkak ere izan ziren. Herri Gaztedi zertan bihurtu zen definitzeko modu magikorik ez dago.