Torreagako babes ofizialeko 46 etxeren xehetasunak eman ditu udalak

Maria Maya Manterola 2025ko uzt. 17a, 15:30

Argi Yeregi Hirigintza zinegotzia eta Iñaki Ostolaza alkatea, gaur, Torreaga parean. (Zumaiako Udala)

Zozketan parte hartu nahi dutenek Etxebiden izena eman beharko dute, etxebizitza eskatzaile moduan, irailaren 19a baino lehen. Guztira, 46 etxe zozkatuko dituzte; hamabi, hiru logelakoak, eta 31, bikoak. 180.000 eta 230.000 euro artean balioko dute, BEZa barne, etxebizitzaren ezaugarrien arabera.

Gaur eguerdian agerraldia egin dute Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Argi Yeregi Hirigintza zinegotziak Torreagan bertan, eraikitzen ari diren babes ofizialeko etxebizitzen xehetasunen berri emateko. Horietara sarbidea izateko baldintzak eta izena emateko jarraibideak ere jakinarazi dituzte.

Babes ofizialeko 46 etxebizitza zozkatuko dituzte, eta aurreikuspenen arabera, urte honen amaieran edo hurrengoaren hasieran egingo dute zozketa. Garajea izango dute 46 etxeek. Horietatik 43 kupo orokorrekoak izango dira: hamabi, hiru logelakoak; eta 31, bikoak. Mugikortasun urri iraunkorra duten herritarrentzat hiru etxebizitza gordeko dituzte, bi logelakoak. Bestalde, 46 etxebizitza horietatik hamazazpik trastelekua ere izango dute. Prezioen berri ere eman dute: 180.000 eta 230.000 euro artean balioko dute, BEZa barne, etxebizitzaren ezaugarrien arabera.

Ostolaza pozarren agertu da zozketa aurki egingo dutelako, eta gogorarazi du aspalditik datorren promozioa dela Torreagakoa. Nabarmendu zuen, bestalde, Torreagako promozioari "ikuspegi soziala" txertatzeko lanean aritu direla. Izan ere, hamabi etxebizitza eskuratuko ditu Zumaiako Udalak alokairu sozialera bideratzeko zein apartamentu tutelatu moduan erabiltzeko; gainera, 1.400 metro koadroko espazioa eskuratuko du, zaintzarekin lotutako askotariko beharretara bideratzeko.

Etxebizitzarekin dagoen arazoari "alde guztietatik" heltzen ari direla eta Etxebizitza Plana modu integralean garatzen ari direla nabarmendu du, aldiz, Yeregik. Hirigintza zinegotziak gogorarazi du datozen urteetan etxebizitza babestu gehiago eraikiko dituztela Zumaian, "modu eskalatu eta ordenatuan": Torreaga esparruko etxebizitza tasatuak eta Aita Mari-Puntanoeta esparruetako etxebizitza promozioak, esaterako.

Bi baldintza nagusi

Torreagako etxebizitza babestuen zozketan sarbidea izateko, herritarrek bi baldintza bete beharko dituzte, udalaren esanetan. Erroldarekin loturikoa, batetik: bost urtez Zumaian erroldatuta egon izana azken hamar urteetan; edo, bestela, azken bi urteetan etenik gabe Zumaian erroldatuta egon izana. Bi kasuetan, 2025eko irailaren 19a hartuko dute erreferentziazko epe moduan.

Diru sarrerekin loturikoa da bigarren baldintza: 12.000 eta 45.002,57 euro arteko diru sarrera haztatuak izan beharko dituzte eskatzaileek, 2024ko ekitaldiari dagokion errenta aitorpena oinarri hartuta, beti ere.

Horiez gain, ezinbestekoa da adinez nagusia izatea edo adingabe emantzipatua izatea, etxebizitza premia izatea –bizikidetza unitatea osatzen duten pertsonetako batek ere ezingo du etxebizitzarik eduki jabetzan, jabetza soilean, azalera eskubidean edo gozamenean– eta erantzukizunpeko adierazpena sinatzea, baldintza guztiak betetzeko konpromisoa hartuz. 

Izen ematea, bi pausotan

Zozketarako izen ematea bi pausotan egin beharko dute eskatzaileek. Lehen pausoa egin dezakete jada: Etxebiden izena ematea, etxebizitza eskatzaile moduan. Eskaera hori Etxebideren webgunean edo udaletxeko herritarren harrera zerbitzuan egin beharko da, irailaren 19a baino lehen. Udalak ohartarazi du eskaera hori eginda dutenek baina espedientea berritu beharra dutenek ere epe beraren barruan egin beharko dituztela aldaketak.

Zozketan parte hartzeko eskaera, berriz, GAOn deialdia argitaratu eta hamabost egun baliodunetara egin beharko dute herritarrek, udaletxean edo egoitza elektronikoaren bitartez. Eskaera eredu ofizial bidez aurkeztu beharko da. 

Momentuz, beraz, etxebizitza horien zozketan parte hartu nahi dutenen eginbeharra da Etxebiden etxebizitza eskatzaile moduan izena emateko eskaera behar bezala egitea, edo alta emanda daudenen kasuan, egiaztatzea datuak ondo dituztela, batik bat, bizikidetza unitateari dagozkionak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide