Entrenatzaile ikastaroa egiten ari zara egunotan Zumaian. Zuen arloan ere etengabeko formazioa beharrezkoa izango da, ezta?
Lehen Nazionalean entrenatzeko maila horri dagokion titulua atera behar da, Hirugarren Maila izenekoa; Espainiako federazioak hala eskatzen du. Titulu horrekin, Asobal ligako edota emakumeetan baliokidea den ligako taldeak entrena ditzakezu. Ezinbesteko baldintza da hurrengo urtean Pulpo entrenatu ahal izateko. Baina, titulua lortzeaz gain, egia da egunero formatu behar garela eta ikasketa prozesua ez dela inoiz bukatzen.
Noiz hasi zenuen ibilbidea eskubaloian?
Kimu kategorian hasi nintzen Usurbilen jokatzen. Oso gaztea nintzela, bi denboraldi egin nituen Lehen Nazional mailan Usurbilekin. Ibilbide guztia han egin dut, baina urtebete ere egin nuen Zarautzen, Zilarrezko mailan, bigarren entrenatzaile gisa. Gero, Usurbilera itzuli nintzen, eta gizonen senior taldearen entrenatzaile izan naiz bi urtez.
Oso gazte igaro zinen jokalari izatetik entrenatzaile izatera. Zergatik egin zenuen jauzi hori?
Hainbat arrazoi izan ziren. Lesio larririk ez dut izan, baina nire burua entrenatzaile gisa ikusten nuen. Pistan nengoenean ere, ikusten nituen aldatuko nituzkeen gauza batzuk. Orduan, nire buruak klik bat egin zuen. Jokalari bezala gozatzeari utzi nion, eta nekienarekin eta ikasiko nuenarekin entrenatzaile izateko hautua egin nuen.
Euskadiko selekzioan ere aritu zara, jubenil mailako emakumeen bigarren entrenatzaile bezala.
Lau urtez aritu nintzen horretan, Mikel Alzagarekin batera. Hura zen lehen entrenatzailea, eta ni bigarrena. Aurten ardura hori uztea erabaki dut. Etapak bukatu egin behar dira; lau urtez aritu naiz selekzioan, eta uste dut nahikoa zela. Azkenean, denbora asko kentzen dizu zeregin horrek, beste ogibide bat da, eta igandero eskaini beharreko denbora gehiegizkoa zela ikusi nuen.
Bi urte egin dituzu Usurbilgo gizonen lehen taldea entrenatzen, eta Lehen Nazionalera igo duzu taldea. Egoera horretan, zergatik utzi duzu taldea?
Zumaia bezala, Usurbil herri txiki bat da. Talde oso gaztea izan gara; zaharrenak 32 urte izango zituen, eta hortik beherako guztiak ni baino gazteagoak ziren. Lehenago ere entrenatu izan nituen jokalari horiek, kadete eta jubenil mailetan. Ikusten nuen lagunarteko harremana ari zela bihurtzen gure artekoa, entrenatzaile-jokalari harremanaz haratago. Ikusten nuen etapa horrek ere bukatu egin behar zuela, eta bukatu behar zuela ahalik eta ondoen, bai harreman aldetik, bai kirol ibilbideari dagokionez ere. Denboraldia amaitzeko lau hilabete falta zirela, [zuzendaritzari] esan nion hurrengo denboraldian ez nuela jarraituko. Orduan oraindik ez nuen ezer Pulporekin. Hortik aurrera gauzak hobetzen joan ziren, eta aldaketa bat ere sumatu nuen, bai nire aldetik, baita jokalariengandik ere. Denok gehiago jarri genuen gure aldetik, eta horrek bere fruituak eman ditu. Colindresen [Espainia] egindako sektoreko fasean igoera lortu genuen, eta nik sinatuko nukeen amaiera izan dut Usurbilen.
Ez zait gustatzen bi urte baino gehiago talde berean egotea; alde positiboak baino gehiago, negatiboak ekartzen ditu horrek. Are gehiago, herri txiki batean. Etapa hari amaiera ematea erabaki nuen, etapa berriei ekiteko.
Zumaian egingo duzu etapa berria, Pulpon. Nola heldu zitzaizun eskaintza?
Pixkanaka, jendeak jakin zuen Usurbilen ez nuela jarraituko. Azkenean, eskubaloiaren mundua txikia da, Gipuzkoan behintzat. Ibanek [Narbaiza, Pulpoko presidentea] deitu zidan, eta esan zidan Pulporekin bat egiten zuen profila nuela. Pare bat bileraren ondoren, akordio batera heldu ginen.
Entrenatzaile bakoitzak izan ohi du bere estiloa. Zurea zein da?
Taldeak dituen jokalarien araberakoa izaten da hori. Usurbilen joko eredu bat definitu nuen, nituen jokalarien estiloaren arabera. Zumaian beste joko eredu bat landu beharko dut, bertako jokalariak ez dira-eta berdinak. Defentsa gogorra dut gustuko, partidak defentsan irabazten direlako. Eta hortik aurrera, korrika egitea gustatzen zait, aukera hori badugu. Eraso azkarrak proposatzen ditut, bat baten aurkako aukerak eskainiko dituena. Uste dut taldean badaudela joko estilo horretara moldatzeko osagaiak, eta Usurbilekin alderatuta, parekotasun batzuk badaudela. Hasieran kostatuko bazaigu ere, uste dut lortuko dugula estilo hori egonkortzea.
Jokalariekin bildu al zara dagoeneko?
Lehen bilera egin genuen, eta denboraldiaurrea egituratzeko bigarren bilera ere egin dugu, beraiei jakitera emateko zer lagunarteko partida izango ditugun edota zenbat entrenamendu izango ditugun.
Zuzendaritzak jarri al dizu helbururik?
Zintzoa izanda, nik nire buruari jarritako helburua mailari eustea da. Uste dut horretarako gaitasuna duen taldea dela gurea. Aurreko denboraldian oso lan ona egin zuten, eta hiru jardunaldiren faltan-edo lortu zuten salbatzea. Ea hori hobetzerik dugun, baina lehen helburua salbatzea izango da, eta gero ikusiko dugu zein den gure maila; jakinda, gainera, nire lehen urtea dela, beraiek ez nautela ezagutzen eta nik ere haietako batzuk ez ditudala ezagutzen. Hasieran pixka bat kostatuko zaigu egokitzea, baina uste dut gorago begiratzeko aukera ere egon daitekeela.
Halako kategoria batean lehiatzea, are eta gehiago herri txiki bateko kluba izanda, ez da broma.
Hori ezin da ukatu. Azkenean, etxeko jendeak osatzen du taldea, eta horrek zailtasun batzuk ekartzen dizkio halako maila batean lehiatzeko eta, behintzat, bertan mantendu ahal izateko. Beste klub batzuek fitxaketak egingo dituzte. Horri guztiari aurre eginda, bertakotik abiatuta eta etxekoekin lehiatuta, meritua bikoitza da. Pulpon etxeko jendea besterik ez dago, eta horrek harrotasun puntu bat ematen dio klubari, baita herriari ere.
Denboraldian zehar zure talde ohiaren aurka arituko zara.
Sentsazio bitxia izango da. Herrian ari zaizkit esaten txistu egingo didatela. Gorriz markatutako partidak izango dira, batez ere, Usurbilen jokatuko duguna. Polita izango da, baina polita baino gehiago arraroa niretzako, nik gidatu dudan talde baten aurka jokatuko dugulako. Beraiek gogotsu izango dira niri irabazteko, eta ni are gogotsuago beraiei irabazteko.