Aurki zabalduko ditu ateak Komentuak, Zumaiako kultur topagune berriak. Eraikina egokitzearekin batera, haren ingurunea ere berrantolatzen hasi da udala, eta eremu horietako bat da lorategia.
Jatorrizko egitura errespetatuz ari dira lan horiek egiten, udalaren esanetan. Izan ere, "Komentuaren parte den ondare babestua" da lorategia. Hiru alturatan dago banatuta jatorrizko lorategia, eta egitura hori bera mantendu egingo dutela jakinarazi dute, nahiz eta zenbait moldaketa egingo dituzten, irisgarritasuna bermatzeko, esaterako.
Obra, finantzatua
K1 Ekopaisaia ari da proiektua gauzatzen, eta Iñigo Segurola paisajistak diseinatu du. Guztira, 315.065 euroko kostua izango dute lanek, baina udalak jakinarazi du kopuru hori osorik dirulaguntza baten bidez jaso duela, eta beraz, obra %100ean finantzatua dagoela, Kultura Intereseko Ondare izendapenarekin eta turismo erabilerarekin lotutako dirulaguntzen bidez eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Lorategi eraberrituarekin, ingurune berde atsegina eskaini, erabilera hezitzaile eta komunitarioa sustatu eta, azkenik, Komentuaren ingurua espazio bizigarri eta irisgarria bihurtu nahi dute. Ostalaritza establezimendu bat zabaltzeko moduko espazio bat libre utziko dutela ere jakinarazi du udalak.
Habitat berezia
Berezia da Komentuko lorategia, kokapena eta inguratzen duen harresia tarteko, mikro klima moduko bat sortzen delako bertan. Lehendik zeuden eta mantenduko dituzten zuhaitz espezieak honakoak dira: muxikak, intxaurrondoak, laranjondoa, limoiondoa, ahuakateondoa, kiwi zuhaitzak, urritzak, pikondoa, sagarrondoa eta kakiondoa. Proiektu berriaren barruan, gainera, eta lorategiak dituen alturak baliatuta, zenbait zuhaitz berri landatuko dituzte: pomeloa, bergamota, lima, feijoa, litxia, mangoa, pasio-lorea, platanondoak...
Lorategiko lanen berri ematearekin batera, udalak gogorarazi nahi izan du lorategiaren berritzea ez dela ekimen isolatua: "Komentuaren osagarri bikaina izango da, baina baita gune berde atsegin bat ere. Herriko gune berdeak zabaltzeko eta biziberritzeko lanetan erabat murgilduta dago udala, eta hurrengo hilabeteetan, Marianton parke berria prest egongo da, eta Erkibeko gunea Eusebio Gurrutxaga plazarekin elkartuko da. Helburua argia da: ongizatea, kohesio soziala eta ingurumenaren zaintza uztartzen dituen Zumaia eraikitzea".