Bertikalean eta grabitatea ardatz hartuta, hamabi artistek sorturiko eskulturak daude erakusgai Alondegiko Oxford aretoan, atzo arratsaldeaz geroztik, Bertikalean izeneko erakusketan. Uztailaren 27ra arte ikusi ahal izango dira lanok, eta tartean bada zumaiarren lanik ere, Luisa Aldabururen bi eskultura, hain zuzen. Haren hitzetan, bizitzaz, heriotzaz eta magiaz mintzo da mostran.
Bere burua irudikatu du Aldaburuk eskultura horietako batean: hilzorian ageri da, eta landare bat ari zaio hazten sabeletik; goian, arima irudikatu du adar batzuk erabilita. Gorputza du izena: "Organismo bizia da gorputza, eta bere kabuz funtzionatzen du. Zahartu egiten gara, eta hil. Badirudi zentzua galdu egiten dela hiltzerakoan, baina ez da horrela; continuum bat da, jarraipen bat, eta ibaiko errekak bezala jarraitzen du izateak. Zati bat sakabanatu egiten da ingurura". Bizitzaren zikloa amaitzea "aldaketa bat" besterik ez dela nabarmendu du artista zumaiarrak: "Egoak ez dauka zentzurik, galdu egiten da, eta hor bukatzen da bere zikloa. Hor goian ageri da arima, kontzientzia edo energia".
Erratza, aitzakia
Basoan topaturiko adar handiak oihalarekin lotu, eta erratz erraldoi bat ere sortu du Aldaburuk. Hori da Zumaian ikusgai dagoen bere bigarren eskultura: "Aitzakia bat da erratza. Emakume naizenetik, adierazi nahi izan dut gainditu behar izan duela askotan zokoratua egotea, askatasuna edota espazioak mugatzea, jarri zaizkion zailtasunak eta nola jarri duten kontrolpean. Gogorarazten digu emakumeak erre eta zigortu zirela, baina sorginen erreminta ere bada erratza, besteekin batzeko eta amesteko tresna bat". Olerki bat eta konjuru bat ere idatzi ditu hura laguntzeko. Erakusketan aurrera egin ahala irakurriko ditu bisitariak horien zatiak.
Uztailaren 27ra bitarte, egunero zabalduko dute Oxford aretoa, 18:30etik 20:30era, eta asteburutan eguerditan ere bai, 12:30etik 14:00etara.
Aldabururaren lanekin batera, beste 11 artistaren lanak biltzen ditu Bertikalean erakusketak. Ondorengoenak, hain zuzen: Cristina Cerdan, Felix Lizarraga, Delirio, Nery A. Pradenas, Julian Lizarraga, Silvia Etxandi Erzila, Josu Bayo Ochoa, Belen Arevalo, Iñaki Villanueva, Paul Montague eta Uxue Lasa.
Artista horietatik zazpi dira emakumezkoak, eta hamar, nafarrak. Aldaburuk aipatu du "zorte handia" dela horien lanak Zumaian ikusgai egotea: "Oraindik ere emakume artistak bigarren lerro batean daude. Iruñean, esaterako, 80 eskultura publikoetatik hiru besterik ez dira emakumeek sorturikoak. Talentu eta ibilbide handiko jendea dago Zumaiako erakusketako piezak sortu dituzten artisten artean, eta zorte handia da hori".