Jazz eta swing doinuekin dantza egiteko gonbidapena

Juan Luis Romatet 2025ko uzt. 10a, 09:00

2022an egin zen Lindy Hop saioko irudia. (Juan Luis Romatet)

Laugarren urtez jarraian, Lindy Hop musika eta dantza saioa egingo dute Zumaian. Egunean zehar jazz eta swing doinuekin dantzan arituko dira herriko puntu desberdinetan, eta arratsaldean Kofradian egingo dute, zuzeneko musikarekin. 

Jazz eta swing doinuekin dantza egiteko aukera izango da aurten ere Zumaian. Laugarren urtez jarraian, Lindy Hop saioa antolatu dute herrian. Larunbatean izango da, eta eguerditik aurrera arituko dira dantzan herriko gune desberdinetan. Arratsaldean, ordea, kontzertua izango da, eguraldiak laguntzen badu, Kofradiako plazatxoan, eta han ere besoak, hankak eta bizkarrezurra dantzan jartzeko aukera izango da.

Laugarren urtez jarraian antolatu dute musika eta dantza uztartzen dituen jarduera herrian. 2022an egin zuten lehena, eta urte hartan eta hurrengoan Gala gauarekin batera egin zuten; iaz, berriz, abuztuaren amaieran izan zen, kalejira eta guzti. "Aurten kalejiraren parte bat kenduko dugu, eta horren ordez Kofradiako saioa egingo dugu, 19:00etatik aurrera", azaldu du ekitaldiko antolatzaile Evelio Perez zumaiarrak. Any Lindy Band musika konbo bilbotarrak jarriko du zuzeneko musika, eta ordu eta laurden inguruko saioa eskainiko duela azaldu du Perez. "Gero, eguraldiak laguntzen badu, Itzurun hondartzara joango gara, ilunabarrarekin dantza egitera", gaineratu du.

Eguerdiko 12:30ean elkartuko dira, Erribera kalean, Goiko eta Trapaia tabernetako plazatxoan, eta han egingo dute lehen dantza saioa. Euskal Herriko txoko desberdinetako jendea hurreratuko dela, azaldu du antolatzaileak, "gehienak gipuzkoarrak, baina baita nafarrak ere, nahiz eta aurten gutxiago etorriko diren, sanferminekin bat egiten duelako". Bazkaria, ohi bezala, Aita Mari elkartean egingo dute. "Beti ere zerbait kolektiboa egin nahi izaten dugu. Horrela, hasiberriek beste dantzariak ezagutzeko aukera izaten dute modu atsegingarri batean".

Integrazioa dantzaren bidez

Perezek garbi utzi nahi du larunbatekoa bezalako jardueren helburua ez dela dantza erakustaldi bat ematea, dantzarako gonbidapena, baizik. "Erakutsi nahi dugu zer den jazza edo swinga, eta dantza horiek ikasi nahiko lukeen jendeari haiek hurreratzea". "Jendeak jazza zerbait konplexua bezala jotzen du, baina dantzarekin eta dibertsioarekin ere lotuta egon daiteke", azpimarratu du Perezek.

Bere esanetan, jendearen arteko integrazioa ere bultzatu nahi dute dantzaren bidez. "Dantza ez dadila izan modu pribatuan egiten den zerbait", nabarmendu du. 

Antolatzaileak eskerrak ere eman nahi dizkio udalari ekimen hau antolatzeko laguntzarengatik. "Hasieran baimenak eman zizkigun kalean halako jarduerak egiteko. Hori beste herri edo hiri batzuetan ez da gertatzen. Gero, dirulaguntzak ere eman dizkigu, eta horiei esker zuzeneko taldeak ekarri ahal izan ditugu. Era horretan, zerbait soziala bihurtzen da, eta ez baduzu dantza egin nahi ere, kontzertua entzun dezakezu", esan du antolatzaileak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide