Ekainaren 28arekin –Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna– batera irten zen plazara Enor Zumaiako eta inguruko zishetero disidenteen taldea. Duela hiruzpalau urte eratu bazen ere, geldirik izan da ordutik, eta orain aste gutxi berriz abiarazi dute talde transfeminista, "herrian eragiteko eta elkar topatzeko". Palestinarekiko elkartasunez, Queer Cinema For Palestine egitasmoa Zumaiara ekarriko dute gaur.
Gogaitzen duen zerbait da enor-a, garatxoa zumaiarrez. Taldeko kideek azaldu dute horregatik hautatu zutela izen hori. "2021-2022 ikasturtean elkartu ginen, eta elkartzen gintuena zer zen aztertu genuen. Prozesu horren barruan aukeratu genuen Enor izena: Zumaiako hitz bat izatea nahi genuen, ez normatibo izatearekin jokua dauka, eta gainera, zelulen hazkuntza ez normatibo bat da, jendea gainetik kentzen saiatzen dena", dio Urbeltz Gutierrez Arrietak. Esanahi horretan queer mugimenduarekin lotura bat ikusten zutela azaldu du.
Ospatzeko egun bat baino, aldarrikapenerako egun bat da ekainaren 28a Enorreko kideentzat, "memoria eta politika egiteko eguna", eta hori aldarrikatu zuten elkarretaratzearen ondorengo irakurketan. "Kontzientziazio moduan ekarri nahi izan genuen data hori Zumaiara, eta ez festa moduan. Bestela pride [euskaraz, harrotasuna] izango ginateke", esan du Urko Arakistainek. Izan ere, koloretako banderak eramateaz eta itsasgarriak ezartzeaz harago, aliatuak izateko bestelako aldaketak beharrezkotzat jo dituzte.
"Ez gure izenean"
Israelgo Estatuak darabil LGTBIQ+ kolektiboaren bandera Palestinaren aurkako borrokan, Enorreko kideen hitzetan. Pinkwashing-a deritzo horri: "Palestinan aspaldidanik daude LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen alde egiten duten talde eta elkarteak, eta Israelek hori erabiltzen du haiek LGTB friendly [LGTB lagunkoi] herri bat direla erakusteko, genozidio bat egiten ari diren bitartean. Bateragaitzak dira bi gauza horiek, eta gainera, palestinarrei egozten diete lgtbfobia", azaldu du Gutierrezek. Haren hitzetan, "Israelgo Estatu genozidaren propagandaren parte" da pinkwashing-a: "Queer bezala, publikoki agertzerakoan, horretan posizionatzeko beharra sentitu dugu; esatekoa: 'Geure izenean ez, behintzat'".
Arakistainen arabera, ezinezkoa da beste aldera begiratzea: "Ezin dugu Palestinarekin atxikimendurik eduki gabe queerrak izaten segi hain lasai. Erantzukizuna daukagu, eta ez daukaten ahots hori Zumaiara ekarri nahi dugu".
Zinema, Palestinaren alde
Palestinaren alde, Genozidioan harrotasunik ez lelopean, zortzi film laburren emanaldia prestatu du Queer Cinema For Palestine egitasmoak aurten. Film labur horiek Zumaian ikusi ahal izango dira gaur, Enorren eskutik. Emanaldia 18:30ean izango da, Emakumeon Etxean.
2021ean sortu zuten Queer Cinema For Palestine, mundu osoko artistei batzeko espazio bat eskaintzen zien egitasmo solidario gisa, artea Israelen okupazioaren eta palestinar indigenen aurkako apartheidaren etengabeko indarkeriari aurre egiteko erabiltzeko.
Egitasmoaren barruan, gainera, Palestinako queer mugimenduaren deiari erantzunez, 300 zinemagile baino gehiagok konpromisoa hartu dute Israelgo gobernuak babestutako Tel Aviveko Nazioarteko LGTB film jaialdian ez parte hartzeko.