Lanaldia bukatu bezain pronto heldu dira bi puntistak hitzordura. Urte asko daramatzate elkarrekin eta elkar ondo ezagutzen dira. Batak bestearen hitzei jarraipena ematen diete. Cosme Agirrerentzako azken Herriartekoa izango da Zumaiarekin, eta ez erretiroa hartu duelako: Arroara joan da bizitzera eta txapelketako arauak ez dio utziko berriro Zumaiarekin jokatzen. "Haientzako zestoarra izango naiz", dio.
Gazteak zarete baina esan daiteke bizitza osoa daramazuela elkarrekin jokatzen.
Cosme Agirre: Jubeniletara arte beste bikote batekin aritu nintzen, baina seniorretara paso egin nuenetik berekin jokatu dut. Hamar urte badira dagoeneko.
Ondo ezagutuko duzue elkar.
C.A.: Gehiegi, agian!
Unai Uranga: Haserraldi bat edo beste ere izaten dugu.
C.A.: Denbora asko goaz elkarrekin. Elkarrekin entrenatzen, elkarrekin jokatzen...
Herriarteko txapelketa irabazi berri duzue Zumaiarekin. Nolakoa izan da txapelketa?
U.U: Lehen partida, Mutrikuren aurka, galdu egin genuen. Aritz Egañarekin jokatu nuen, Cosmek ezin zuelako. Hondarribira joan ginen bigarren jardunaldian eta justu biok partida oso txarra jokatu genuen; hala ere, irabazi egin genuen, 29-30, eta hori aurkariak saskia hautsi zuelako [kar kar kar]. Gero, ondorengo bi partidak erraz irabazi genituen, bai Mutrikun, bai etxean Hondarribiaren aurka. Kadeteek ez dute txapelketa osoan aurkaririk izan eta partida guztiak irabazi dituzte. Guk, berriz, aipatutako partida kenduta, beste denak ere bai. Espero genuen finalera heltzea, baina behin finalean ez genekien zein izango ziren aurkariak.
C.A.: Txapelketa honetan edozeinek jokatu dezake, beti ere herrikoa bazara, eta Mutrikun profesional mailako puntistak dituzte, Urreisti eta Manci. Entzun genuen bi puntista horiek jokatuko zutela finala, baina gu lasai joan ginen.
Eskuz eta palan klub asko dauden bezala, zesta puntan hiru besterik ez dira egon: Hondarribia, Mutriku eta zuek. Beste herrietan ez al da modalitate horretan jokatzen?
U.U.: Tolosan, adibidez, jokatzen dute, baina haiek ere gure antzerako arazoak dituzte kategoria desberdinetako jokalariak aurkezteko. Guk jubeniletan dugu jokalari falta eta kadeteekin bete behar izan dugu hutsunea aurten.
C.A.: Herriartekoa jokatzeko kluba dagoen herriko bizilaguna izan behar zara. Ni, adibidez, Arroara joan naiz bizitzera, eta orain zestoar bezala hartuko naute. Hau izan da nire azken Herriartekoa Zumaiarekin. Donostiako klubek, esaterako, pilotari asko dituzte, baina inguruko herrietan bizi direnak.
Zumaiak aurretik ere irabazi du txapelketa hau.
U.U.: Nik uste etxean bost txapel ditudala. Aurtengoa, oker ez banago, bosgarrena izan da. Lehenengo hura inork espero ez zuelairabazi genuen. 2010ean izan zen, Zumaian frontoirik gabe geunden garai hartan.
Berria ez bada ere, poza emango du irabazteak, ezta?
U.U.: Bai, bai, bereziki gazteengatik. Jubeniletan aritu diren bi jokalarientzako, lortu duten lehendabiziko txapela izan da. Gazteak ilusionatuta ikusi ditugu. Gainera, harrobiko gazte batzuk partida ikustera ere etorri ziren. Kirol aldetik baino, ilusio gehiago eman digu jarraipen hori izateak. Klubeko giro on horri jarraitzeko aukera emango digu.
Gazteak kirol horretara hurreratzeko modua ere izan daiteke.
C.A.: Jende berria erakartzea baino gehiago da daudenak mantentzea. Ikusten badute klubarekin txapela irabazi daitekeela, agian jarraituko dute beste urte batzutan.
Horri lotuta, jubenil mailako partidak kadeteek jokatu behar izan dituzte, jubenilik ez dagoelako klubean. Badago hor hutsune bat.
U.U.: Adin tarte horretan Frida [Watkins] bakarrik geratu da. Hurrengoak kadeteak dira.
C.A.: Jendea ikasten hasten da, unibertsitatera joaten da, eta herrian beste kirol pila bat ere badago. Hor dago saltoa. Eta beste kasu batzuetan, kirola utzi egiten dute.
Hutsune horrek izan du eragina txapelketan. Jubeniletako partida galdutzat jotzen zen, eta kadeteena irabazitzat. Zuen esku geratu zen irabazteko ardura.
C.A.: Gainera, azkenak jokatuta bazirudien ardura handiagoa genuela.
U.U.: Egia esan, presio gehiegirik ere ez dugu igarri. Bizitza osoa goaz jende beraren aurka jokatzen. Irabazi edo galdu, saiatzen garena da ahalik eta hobekien jokatzen, eta ondo pasatzen. Azken finean, ondo pasatu gabe ez du merezi jokatzeak.
Mutrikuren aurkako finala aurretik bereziki prestatu zenuten?
C.A.: Normalean ez ditugu partidak aurretik prestatzen. Abenturara joaten gara.
U.U.: Esan bezala, disfrutatzera joaten gara eta disfrutatzen badugu, edozein irabazteko gai gara.
C.A.: Gu gurea egitera joaten gara.
Gipuzkoakoa irabazi duzue. Euskadikoan parte hartuko al duzue?
U.U.: Klubak ez du izenik eman, kadeteak udalekuetan egongo zirelako. Azken urteotan Bizkai aldean dezenteko maila dago, eta ikusi beharko genuke zer gertatuko zen.
Uda sasoian ba al duzue partidarik edo txapelketarik?
C.A.: Momentuz ez. Udakoa atsedena hartzeko garaia izaten da.
U.U.: Beti dago aukera herriren bateko festetan antolatzen duten jaialdiren batean jokatzeko. Zortzi edo hamar jokalari profesionalen talde bat dago eta normalean haiek jokatzen dituzte txapelketa handiak. Batzuetan sorpresak ere izaten dira, eta beste jokalari batzuk programatzen dituzte. Gu beti ere prest egoten gara jokatzeko, horretarako zaintzen gara. Aurrera begira, hurrengo hitzordua Dinastia Etxabe izango da, eta hori prestatzen gabiltza, elite mailako txapelketaren bat antolatzeko.
Zesta punta susperraldia izaten ari da azken urteotan. Horrek eraginik izan al du zuengan?
C.A.: Justu gu izan gaitezke okerrenak galdetzeko. Asko igo da, baina jokalari multzo batentzako bakarrik. Gu kanpoan geratu gara hor. Batzuetan deitzen digute, partida Zumaian delako eta zumaiarrak garelako.
U.U.: Partida bakarra izanda, ez dakazu aukerarik zure jokoa erakusteko. Ez daukazu konfiantzarik, ez zaude ohituta erritmo horietara edo pilota horietara. Ez dituzu aurkariak ezagutzen, eta haiek zure ahultasun guztiak aprobetxatzen dituzte.
C.A.: Ez da, adibidez, tenisa bezala, apuntatu zaitezkeela eta behe behetik hasita txanda desberdinak irabaziz aurrera egin dezakezula. Hau itxitako talde bat da, eta beraiek nahi badute jokatuko duzu. Bestela, ez. Ez dago beste irizpiderik. Ez dakit zenbat txapelketa irabazi badituzu ere ez zaituzte jarriko.
U.U.: Igarri duguna da gero eta jende gehiago etortzen ari dela klubera. Frontoiaz hitz egiten entzuten duzu jendea, eta inoiz frontoira ni ikustera etorri ez dena, orain badator. 31 urte bete behar ditudanean etorri dira lehendabizikoz! Modan dagoelako edo, jendeari orain ilusio gehiago egiten dio frontoira joateak. Eta gero, ume asko ikusten duzu frontoian. Hori pozgarria da. Lanketa bat egin behar da hauei segida eman eta goraino eramateko, ez egoteko orain dugun hutsunea.
Eta egoera horretan, nola mantentzen da ilusioa?
U.U.: Kirola asko gustatzen zaigulako. Ez dago beste azalpenik. Nire kasuan, ahalik eta hobekien jokatzen saiatzen naiz. Gero, aukerak badatoz, ongietorriak izango dira, baina ezin zara haien zain egon.
C.A.: Bestela, aurretik utziko genuen kirola. Ez bazaituzte deitzen, obsesionatu zaitezke horrekin. Jarraitzen dugu kirola gustatzen zaigulako eta disfrutatzen dugulako.