Telazko poltsan hiru liburu dituela azaldu da Antxon Gonzalez (Tolosa, Gipuzkoa, 1945) Gukarekin jarritako hitzordura. Hirurak ere Antxon Gonzalez Gabarain haren seme zumaiarrak 2012. urtean argiraratu zuen El gran caminante liburuaren aleak dira, baina hizkuntza desberdinetan argitaratutakoak. Gazteleraz atera zuten lehendabizikoz, eta ondoren etorri zen ingelesezko bertsioa. Aurten, aspalditik zuen ametsa betez, euskarara itzuli dute Gonzalez Gabarainek 2011ko uda eta 2012ko iraila bitartean idatzi zuen liburua. Idazleak ez zuen liburua ikusterik izan, idatzi eta bi egunera hil baitzen.
"Antxon Donejakue bideak erabat harrapatu zuen", dio haren aitak koilaratxoarekin kafeari bueltak ematen dizkiola. "Gure ama Aurizberrikoa [Nafarroa] zen, Orreagatik [Nafarroa] sei kilometrora dagoen herri batekoa. Udaro hara joaten ginen, eta beti ikusten genituen han erromesak", du gogoan Gonzalezek. Haren ustetan, han sortu zitzaion semeari Donejakue bidea egiteko zaletasuna. "Bidearen zati batzuk eginak zituen, etxetik, Zumaiatik, Santiagora arteko bidea egitea okurritu zitzaionean". Hori 2008an izan zela dio, eta semea esperientzia hartatik animatuta itzuli zela gogoratu du. "Bueltan, esan zigun bizitakoaz liburu bat idatziko zuela. Lasai egoteko esan zidan, liburu ona izango zela".
2010ean, baina, arraro sentitzen hasi zen Gonzalez Gabarain. "Ez zen ondo sentitzen, hitz egiteko arazoak zituen". Handik denbora batera, ELA alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatu zioten. Lana utzi behar izan zuen, baina gaitzak ez zuen geldiarazi haren zaletasuna: Donejakue bidea egitea. Aitak dioenez, 2011. urtearen erdialdera arte jarraitu zuen bidea egiten. "Orduan hasi zen liburua idazten, dagoeneko oso gaizki zegoenean". Aitak gogoan duenez, liburuaren bosgarren kapitulurako –23 atal ditu liburukiak– semeak ezin zituen eskuak erabili, ezta hitz egin ere. "Ordenagailuan programa bat instalatu genion, eta pantailan agertzen zen teklatu moduko batean, letrak aukera zitzakeen begien keinuen bidez; modu horretan idatzi zuen liburua".
Oraindik liburua amaitzear zuela, Joseba Ossa itzultzaileari eman zioten, hark irakur zezan. "Behin irakurrita, Ossak Antxon bisitatu zuen, eta esan zion liburu hura argitaratu egin behar zela", dio Gonzalezek. "Semeak, ordenagailuaren bidez, galdetu zion ea noizko izango litzatekeen posible argitaratzea. Ossak erantzun zionean abendurako izan zitekeela, semeak esan zion ez zuela denborarik. Hark bazekien hiltzera zihoala. Zortez edo desgraziaz, Antxonen aitaginarreba ere ELAz hil zen, eta bazekien gaixotasunak ez zuela sendabiderik". Gonzalezek gogoan duen bezala, 2012ko abuztuaren 29an amaitu zuen semeak liburua ontzea. Bi egun eskasera hil zen, irailaren 1ean.
Bidaia fisikoa eta intimoa eskaintzen du liburuak. "Bideko kronika bezala hasten da, baina gaixotasunak aurrera egin ahala, intimoagoa bihurtzen da", dio Gonzalezek.
Liburua munduan zehar
Hil zen urtean bertan argitaratu zuten liburua, gaztelaniaz, El gran caminante izenarekin. "Semeari agindu nion liburua argitaratu egingo nuela, eta nire asmoa zela euskaraz ere ateratzea", dio Gonzalezek. Autoedizio moduan atera zuten liburua, eta Gonzalez Gabarainen senitartekoen sorpresarako, pixkanaka sona handia hartzen joan zen, bereziki Donejakue bidea egiten dutenen artean. "Hasieran 600 aleko tirada atera genuen, eta berehala saldu ziren denak. Gure semea ezaguna zen mundu horretan, lagun asko zituen, eta bideko jendea biltzen duten foroetan ere parte hartzen zuen; liburuak hor sekulako arrakasta izan zuen". Egun, gaztelerazko edizioko 6.000 aletik gora saldu dituzte, eta ingelesera ere itzuli dute. "Liburua mundu guztira heldu da", dio haren aitak.
Semeari agindu bezala, orain euskarara itzuli dute, Ibiltari handia izenarekin. Itzulketa lanetan Tere Gabarain, Izaskun Gonzalez, Eneritz Lazkano eta Jon Sudupe aritu dira. Zumaian hiru tokitan jarri dute liburua salgai: Turismo Bulegoan eta Mandala eta Koketa saltokietan. "80 urte ditut, eta semeari emandako hitza bete dut. Orain lasai egon naiteke", dio Antxon Gonzalezek.
Antxon Gonzalez Gabarainek Donejakue bidean utzitako arrastoaren erakusle, hainbat lagunek geldialdia egiten dute Zumaian, "Antxonen herrian", eta haren familia bisitatzen dute oraindik ere. "Ez dago urterik semea ezagutu zuen edota liburua irakurri duen norbait gurekin harremanetan jartzen ez denik", dio haren aitak.