Urolaren ibaiertzean pilatutako hondakinak kentzeko eskatu dio Eguzkik udalari

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 22a, 12:10

Hondakinak Urolaren ibaiertzean. (Eguzki)

Talde ekologistaren arabera, duela urtebete URA agentziari eta Zumaiako Udalari ibaiko ibaiertzean pilatutako hondakinak kentzeko eskaerari muzin egin dio azken horrek. Gaineratu du, ibaiko ekosistema arriskuan jartzen dutela hondakin horiek. 

Iazko apirilean salaketa publikoa egin zuen Eguzki talde ekologistak Urola ibaiko errebiretan pilatutako hondakinak direla eta. Eguzkik ohar bidez gogorarazi duenez, URA agentzia eta Zumaiako Udala ere horren jakitun jarri zituen, eta azken erakundi horri eskatu zion hondakin horiek guztiak ateratzeko. "Duela urtebete baino gehiago eskaera formala aurkeztu arren, egoera ez da aldatu eta zabor tonek kalte larria egiten jarraitzen dute ibaiaren ekosisteman", salatu dute. 

Garai hartan bertan Joxe Mari Korta industriagune parean izandako uralita isuriaren berri ere eman zuen talde ekologistak. Beti ere Eguzkiren arabera, URA agentziak urtebete lehenago, "2023ko maiatzaren 3an", ohartarazi zion udalari uralita isuria zegoela Urolaren ibaiertzean, eta udalari zegokiola hondakin horiek kentzea, "osasungarritasun publikoaren eta ingurumenaren mesedetan". Udalak, ordea, Eguzkiren arabera, entzungor egin zuen, eta talde ekologistak salaketa publikoa egin eta gero kendu zituen aipatu uralita horiek. 

Talde ekologistak gogoratu du udalak lankidetza protokolo bat duela sinatuta URA agentziarekin, "ibai-ekosistema lehengoratzeko, kontserbatzeko eta hobetzeko jarduketak egiteko".

 Zabor tonak udalerritik igarotzen den ubide osoan aurkitu dituztela ere adierazi du Eguzkik. Gurpil eta pneumatikoez gain, komunak, nekazaritzako hondakinak, karrozeriako piezak, plastikoak, gomak edota etxeko hondakin ugari topatu dituztela dio oharrean. " Itsasadarraren ezpondan zaborraren artean arratoiak egotea kutsadura-fokuen eta osasun publikoko arazo baten adierazle argia da. Zaborrak ekosistema urtarra kutsatu eta uraren kalitateari eragiteaz gain, gaixotasunen bektoreak (arratoiak, adibidez) ugaltzeko giro egokia ere sor dezake", dio talde ekologistak. 

Hori guztiagatik, Zumaiako Udalari exijitzen dio "ingurumena babesteko dituen legezko betebeharrak betez eta URArekin sinatutako lankidetza-protokoloaren arabera, Urola ibaia kutsatzen duten zabor tonak lehenbailehen kentzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide