Aita santuak konfesatzen zituen Oikiako apaiza

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 8a, 10:00

Xatur eta Joseba Aizpurua, Ariztiren familiartekoak. (Juan Luis Romatet)

Bergoglioren aitorle izan zen Jose Ramon Arizti apaiz oikiarra, Argentinan. Hil zenean, haren arrosarioa lapurtu zuela onartu zuen Frantziskok aita santu zela.

Aita santu berria aukeratzeko konklabea hasi berri dute Vatikanoan. Mundu osotik bertaratutako kardinalak elkartuko dira egunotan Kapera Sistinoan, Frantzisko aita santuaren ordezkoa aukeratzeko. Apirilaren 21ean hil zen Jorge Mario Bergoglio argentinarra, historiara Frantzisko aita santu gisa pasatuko dena. Hari buruzko laudorioak entzun dira aste hauetan zehar, baita kritikak ere. Inork ez zuen esperoko, ordea, Frantziskok Zumaiarekin –Oikiarekin, hobeto esanda– harremana izan zuela. Jose Ramon Arizti apaiz oikiarra da Frantziskoren eta Zumaiaren arteko lotura, Bergoglio gaztearen aitorle izan zelako Buenos Airesen 1950eko hamarkadan.

"Duela hiruzpalau urte izan genuen horren berri. Oikiako lagun bat etorri zitzaigun istorio horrekin, eta hasieran pentsatu genuen izango zela zerbait, txantxaren bat edo. Baina, gero, Interneten begiratuta, ikusi genuen egia zela", dio Joseba Aizpurua oikiarrak. "Aita santua hil zenean pentsatu genuen kontatzeko moduko zerbait zela, bestela ahaztu egingo delako, eta pena da hori", gaineratu du Xatur Aizpuruak, Josebaren aitak.

Aizpuruatarren familiartekoa zen Jose Ramon Arizti –Xatur Aizpuruaren osaba, hain zuzen–, eta biek ere gogoan dute behin edo beste itzuli izan zela Argentinatik Oikiara. "Lehen ez zen orain bezain erraza Argentinatik hona etortzea", dio Josebak. 1990eko hamarkadan bitan ikusi zuela oroitzen du. "Behin baserrira etorri zen, eta familiarekin egon zen. Geroago, [Oikiako] Jesuskoa jatetxean familiarekin egindako bazkari batean ere izan zela gogoratzen dut", dio eskuetan une horietako argazkiak dituela. Aita Xaturrek atera zituen Arizti agertzen den argazki horiek.

Euskal Herrira bueltatzen zenean gauak Zumaian igarotzen zituela kontatu du, bere aldetik, Xaturrek. "Gero, oinez etortzen zen Oikiara, bere sotanarekin. Ez zuen inoiz janzkera aldatzen", du gogoan. Arizti itzultzea Oikian "gertakaria" izaten zela dio. "Pertsona umila zen, baina meza ematen zuenean herri guztia gerturatzen zen elizara".

Baina zein zen Jose Ramon Arizti eta nola sortu zen haren eta Frantzisko aita santua izango zenaren arteko harremana? Eskura dagoen informazioaren arabera, 1899ko azaroaren 9an jaio zen Arizti Oikian, Etxeberri baserrian. Jose Migel Arizti aizarnazabaldarrak eta Manuela Josefa Alkorta oikiarrak izan zituzten zazpi umeetatik seigarrena izan zen Jose Ramon. 12 urte besterik ez zituela, 1912an, Tolosan (Gipuzkoa) zabaldutako apaiztegi sakramentinoan sartu zen. Dokumentuek diotenez, «gaztelaniaz hitz egiten zuten erlijioso eta apaizak prestatzeko sortu zuten [apaiztegia], baita Argentinarako ere». Eta justu Hego Amerikako herrialde horretara bidali zuten Jose Ramon gaztea 1920an, Teologia ikastera. Buenos Aires hiriburuan ordenatu zuten apaiz 1924an, 24 urterekin, eta Argentinan bertan geratu zen. Bigarren Mundu Gerra aurreko Buenos Airesen, 1938an, Eskola Apostolikoa sortu eta zuzendu zuen. 

Aita santu gehiago ere bai

Buenos Aireseko Sakramentu Santuaren basilikan ematen zuen meza apaiz oikiarrak, eta han gau gurtza bultzatu zuen. Larunbat gauero egiten zituzten otoitzetan parte hartzen zutenetako bat Jorge Mario Bergoglio zen. 1954. eta 1955. urteetan gertatu zen hori. Aita santu izendatu aurretik, Bergogliok idatzi zuen "aitorle oso ezaguna" zela Arizti 1950eko hamarkadan. "Bere ordenako probintziala izan zen, irakaslea... baina beti konfesorea. Beti egoten zen ilara Sakramentu Santuaren elizan", zuen gogoan denborarekin Frantzisko izena hartuko zuenak. Harremana mantendu zuten, eta Bergoglio Argentinako jesuiten probintziala zen garaian, 1973tik 1979ra bitartean, Ariztik "sostengu emozionala" eman ziola ere jasotzen dute dokumentuek.

Ez zen Frantzisko izan Ariztik konfesatutako aita santu bakarra: Juan Paulo II.a Buenos Airesera joan zenean, hark aitorle bat eskatu zuen, eta Nuntziaturak Arizti bidali zion.

Historiako pasarte horrek badu bere bitxikeria ere. Izan ere, Ariztik gurutze txiki batekin ematen zuen arrosarioa. Oikiarra 1996ko apirilaren 6an hil zen, 96 urte zituela. Bergogliok, bikario nagusi zela, Ariztiren heriotzaren berri izan zuen, eta basilikara joan zen bere errespetua adieraztera. "Ez zegoen inor, hilkutxa irekita zegoen eta bi agure zeuden arrosarioa errezatzen", zuen Frantziskok gogoan 2022. urtean. Hilkutxara hurbiltzean ohartu zen lorerik ez zuela. "Irten eta kalera joan nintzen. Lore saltzaileak zeuden kalean, eta loreak erosi eta itzuli egin nintzen. Loreak jartzen ari nintzela, arrosarioa ikusi nuen; tentazio handia izan nuen, eta erori egin nintzen: arrosarioko gurutzea lapurtu nion. Gurutzerik gabe joan zen". Hain justu, Ariztirena izan zen gurutzea beti berekin zeramala esan zuen aita santuak elkarrizketa hartan.

72 urtez izan zen apaiz Arizti Argentinan, eta 2022an haren kanonizazio kausari hasiera eman zion Buenos Aireseko Artzapezpikutzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide