Egurrean paisaiak irudikatzen, argazki zaharrak balira bezala

Juan Luis Romatet eta Intza Trula 2025ko mai. 7a, 10:32

Xabin Arzelus artista, Zumaiako koadro baten ondoan. (Juan Luis Romatet)

Sua/zura erakusketaren egilea da Xabin Arzelus artista donostiarra. Pirograbatua teknikarekin egin ditu koadroak, eta Oxford aretoan jarri berri du ikusgai bilduma.

Erakusketa berria zabaldu du Xabin Arzelus donostiarrak Zumaiako Oxford aretoan, Sua/zura izenburupean. Pirograbatuarekin egindako lanek osatzen dute bilduma; hau da, soldagailu batekin egurrezko euskarriak erre ditu, irudiak sortuz. Hemeretzi obra inguruk osatzen dute mostra, eta sorta horretan paisaiak dira nagusi: esaterako, Zumaiako hainbat eta hainbat txoko ikus daitezke, garai batean izan ziren itsasontzien hezurdurekin.

Ordea, pirograbatuaren teknika ez da Arzelusek mostra ontzeko erabili duen bakarra. Izan ere, artistak aitortu du "oso zaila" dela soldagailu baten bidez egurrari "itzalak eta bolumenak" egitea; horregatik, intxaur tintarekin –intxaurraren oskoletik ateratzen den koloratzailearekin– lortu ditu efektu bisual horiek. Intxaur tinta erabilita, obrek "bizitasuna" irabazi dute, donostiarraren iritziz.

Bilduma osotik, Zuloagaren Personajes vascos izenekoa da pirograbatua ondoen ordezkatzen duen koadroa, bai teknikari dagokionez, bai esentziari dagokionez. Artistak kontatu duenez, San Telmo museoan ikusia zuen obra hori, eta bildumako zaharrena da, 1977. urtean egin baitzuen. Berriena zein den ere kontatu du: Zumaiako flyscharen koadroa, hain zuzen ere. 2021ean egin zuen azken hori.

Sua/zura erakusketako hainbat koadro. (Juan Luis Romatet)

Egur anitz

Oinarriari dagokionez, Personajes vascos eta Gernika koadroak pinuaren egurretik ateratako oholen gainean eginak daude; gainerakoak, berriz, haritzaren azalean. Lanek duten itxuraren inguruan galdetuta, berriz, artistak dio "argazki zaharren" tankera dutela.

Arzelusek argi dio berarentzat afizio bat dela koadroak sortzea. Orain jubilatuta dagoen arren, lehen, lanetik kanpo zuen denbora librea baliatzen zuen koadroak egiteko: "Ez dakit esaten zehazki zenbat denbora behar izan dudan koadro bakoitza sortzeko, libre nituen tartetxoetan egiten bainituen".

Gainera, azaldu du pirograbatuaren teknika erabiltzen hasi aurretik olio pinturarekin margotzen zuela, baina teknika motelegia zen berarentzat: "Denbora asko behar zuen lehortzeko, eta ez zitzaidan gustatzen". Une horretan, pirograbatuarekin heraldika eta abizenak egiten zituen gizon bat ezagutu zuen Arzelusek, eta orduan hasi zen bera ere probatzen.

Erakusketa ikusgai egongo da maiatzaren 11ra arte, aste barruan, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan, 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide