Telmo Irureta: "Ikusleek barre zein negar egin dezakete antzezlanarekin"

Juan Luis Romatet eta Intza Trula 2025ko api. 16a, 12:00

Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia, antzezlanaren une batean. (Gorka Bravo)

Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? antzezlana estreinatu du Telmo Iruretak (Zumaia, 1989), Aitziber Garmendia eta Mireia Gabilondo aktoreekin batera. Gai "oso sakonak" uztartzen dituen proiektua da, umore puntu batekin jantzia.

Zer du oinarrian Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? antzezlanak?

Mireia Gabilondok idatzi eta zuzendu du proiektua. Gai asko lantzen dituen emanaldia da; esaterako, osasun mentalaren gaia jorratzen du, bakardadeari buruz hitz egiten du, eta baita suizidioaz ere.

Gai sakonak dira guztiak.

Bai, oso sakonak, norberak bere buruan dituen gatazkak mahai gainean jarri nahi izan ditugu. Mireia Gabilondok, Aitziber Garmendiak eta nik egiten ditugu aktore lanak, baina lau pertsonaia daude; izan ere, horietako batek nortasun bikoitza du.

Aipatu dituzun gaiek drama generoko lan bat osatzen dute bete-betean; hala eta guztiz ere, umorea ere txertatu diozue zuek.

Antzezlanak badu bere alde komikoa, baina gaia oso serioa da; zehazki, gidoian, lana tragikomedia modura aurkezten da. Gidoia irakurri nuenean pentsatu nuen: "Hau komedia baldin bada...". Baina, egia da hizketaldi batzuk oso dibertigarriak direla, beraz, badu umore puntu hori, eta horrek arindu egiten du lana. Horrela ez balitz, oso iluna izango litzateke kontakizuna. Jendeak barre zein negar egiteko aukera dauka antzezlan honekin.

Nola heldu zitzaizun proiektu honetan parte hartzeko proposamena?

Mireiak, Aitziberrek eta hirurok elkarrekin lan egin dugu lehenago, eta dagoeneko ezagutzen genuen elkar. Aukera hau Ezberdinak lanarekin biran genbiltzanean suertatu zen. Mireiak bazuen proiektua buruan bueltaka, eta forma ematen hasi bezain laster jo zuen gugana. Lagun giroan gaude erabat.

Zenbat denbora eskaini diezue entseguei?

Estreinaldia Madrilen egin genuen, gazteleraz, joan den urteko urrian. Ondoren, hilabete osoa pasa genuen bertan, emanaldiak eskaintzen eta entseatzen. Aurten, Euskal Herrira ekarri dugu emanaldia, eta areto ezberdinetan ari gara aurkezten, euskaraz. Beasainen (Gipuzkoa) antzeztu genuen lehen aldiz, eta Bilboko Arriaga antzokian emango dugu bigarren emanaldia. Donostian, adibidez, uztailerako dugu hitzartuta, eta Zumaiara etortzeko asmoa ere badugu.

Zer moduz hilabete hori Madrilen? 

Oso esperientzia polita izan zen, eta denbora horretan asko ikasi genuen. Ia egunero elkartzen antzerkia egiteko, asteartetik igandera entseatzen baikenuen, eta lan asko izan arren, oso gustura egiten genuen. Astelehenak ziren gure atseden egunak, eta egun horietan pentsatzen nuen: "Eta, orain, zer egingo dut?".

Antzezlana orain gutxi aurkeztu baduzue ere, dagoeneko sari batzuetarako izendapena heldu zaizue.

Madrilen banatzen dituzten Talia antzerki sarietarako bi izendapen lortu ditugu jada: bata, Aitziberrek eskuratu du, aktore nagusiaren sarirako, eta, bestea, Mireiak, testu onenaren sarirako. Sari horiek maiatzaren 12an banatuko dituzte, beraz, badugu plana egun horretarako.

Egin dituzun lanak begiratuta, esan daiteke gogokoen dituzun lanak drama eta umorea batzen dituztenak direla?

Erabat, eta alde horretatik oso antzekoak gara Mireia eta ni. Bizitzako arazoei buruz hitz egitea gustatzen zait, baina komedia puntu horrekin. Izan ere, nire ustez umoreak asko laguntzen du bizitzan aurrera egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide