Aitor Galar: "Testuinguru denetan funtzionatzen du ausarten klubak"

Maria Maya Manterola 2025ko api. 8a, 10:00

Aitor Galar, eskuinean. (Utzitakoa)

Orokieta eskolan irakaslea eta doktoregaia da Aitor Galar (Tafalla, Nafarroa, 1994) Zumaiako bizilaguna. Eskola indarkeriari aurre egiteko esku hartzea aztertzen ari da.

Zer da Zero Indarkeria Ausarten Kluba? 

Eskoletan aplikatzen den ekintza bat da. Bilatzen duena da, indarkeria ikustean, haurrak biktimaren alde eta erasotzailearen kontra posizionatzea; modu baketsu batean, beti ere.  

Helburua da erakargarritasuna edo protagonismoa ematea posizionatzen diren haur horiei, eta ez, askotan gertatzen den bezala, erasotzaileei. Umeek esaten dute zer onartzen duten eta zer ez, eta horiek izango lirateke beren ausarten klubaren arauak. Kluba sortzen den momentutik indarkeriarik ez da egongo ikasgela horretan, arau horiek betetzeko konpromisoa hartuko dutelako. Onartzen ez duten zerbait egiten badu norbaitek, ikasleak biktimaren alde posizionatzen dira, eta erasotzaileari esaten diote ez dutela onartzen egin duena.    

Adolescence telesail arrakastatsuak eskola indarkeriaren inguruko askotariko alderdiak mahaigaineratu ditu. Batik bat, arazoak planteatzen ditu telesailak. Zero Indarkeria Ausarten Kluba izan liteke arazo horietarako soluzioa? 

Bai. Eskoletan aplikatu behar dira ebidentzia zientifikoen arabera arazoa konpontzeko orduan funtzionatzen duten esku hartzeak. Europako Batzordea ari da esaten funtzionatzen duten gauzak egin behar direla. Argitaratu berri duten txosten baten arabera, hamahiru eskola jarduera daude bullying-arekin amaitu dutenak. Tartean dago ausarten klubarena. Helburua ez da izan behar arazoaren inguruan hitz egitea, konponbideak bilatzea baizik. 

Zein da hazkuntzaren arduraduna? Eskolak, familiak eta gizarteak ardura neurri berean al dute? 

Bai, denok gara arduradunak. Haurrak hezten ditugu erakargarritasuna gauza txarrei emanez. Adibidez, Netflixen, gaizki tratatzen duenari ematen zaio erakargarritasuna, baina gure egunerokoan ere egiten dugu hori konturatu gabe. Esaten dugunean gaizki tratatzen duen mutila azkarra dela, gu geu ari gara ematen erakargarritasun hori jarrera txarrei. Adin txikiko haurrengan gertatzen ari den zerbait da hori; presioa dute txikitatik jarrera txarrekin hasteko.  

Horregatik dira erakargarriak haur eta nerabeentzat sare sozialetan topatzen dituzten maskulinitate erreakzionarioko diskurtsoak? 

Bai, uste dut baietz. 

Eskola indarkeriaren alderdietako bat da emakumeen kontrako indarkeria. Manosferak eragin handia al dauka nerabeen maskulinitatearen eraikuntzan? 

Iruditzen zait bai Interneten, bai errealitatean duela eragina. Jarrera oldarkorrak bultzatzen dira bi esparruetan, eta hori dugun arazo potolo bat da.  

Eskoletako sakelakoen erabilerak kezkatuta sortu dituzte plataforma batzuk azkenaldian. Eskola indarkeriatik libre egongo den espazio bat sortzeko orduan, zenbaterainoko inpaktua izan dezake teknologiaren erabilerak? 

Indarkeriaren inguruan hitz egiten denean, askotan kausetaz hitz egiten da. Azkenaldian asko entzuten da teknologia dela-eta gertatzen ari dela, baina hori ez da kontua. Kontua da nola sozializatzen diren umeak, eta teknologiari dagokionez, ondo erabiltzen ikastea da garrantzitsua. Erabileran dago gakoa.  

Iruditzen zait teknologian tratu txarrak egongo direla ez badira jarduera egokiak egiten. Baina tratu onak baldin badaude errealitatean, sare sozialetan ere isla izango du horrek, eta ez zaie lekurik utziko tratu txarrei.  

Bullying-a hedatzeko bozgorailu izan daitezke sare sozialak? 

Bai. Sare sozialak gazteek duten sozializazio esparru inportante bat dira, eta tratu txarrak baldin badaude, sare sozialetan ere egongo dira. Alderantziz ere gertatuko da: eskoletan gauzak ondo egiten badira, sare sozialetan errazago moztuko dira tratu txarrak. 

Testuinguru guztietan funtzionatzen du ausarten klubak? 

Bai, eta garrantzitsua da hori. Bost tokitan jarri dugu martxan ekintza, eta aldaketa lortu dugu. Gaizki tratatzen zutenak ausartak izatera igarotzen dira, eta biktimak zirenek segurtasuna irabazten dute.  

Zein da esku hartze hori aplikatzeko bidea? 

Oso erraza da, eta dohainik da. Programa garesti batek hobea izan behar duela dirudi, baina ausarten klubarenak erakusten du hori ez dela horrela. Haurrei planteatzen diegu klub bat sortuko dugula eta ez dugula onartuko gaizki tratatzea. Galdetzen diegu ea klubaren parte izan nahi duten, eta beti denek baietz esaten dute. Norbaitek nahiko ez balu, ez dago arazorik.  

Martxan jartzen da kluba, eta tratu txarra gertatzen denean, txikia bada ere, klaseari ematen zaio hitza, irakasleak errieta egin beharrean. Aukera ematen zaie ikasleei esateko zer pentsatzen duten gaizki tratatzen ari den horrekiko. Biktima izan dena defendatu duenari ere errefortzu positiboa emateko tartea ematen zaio. Oso sinplea da egitea.  

Desioaren hizkuntza erabiltzea da garrantzitsua, bestalde: «sekulakoa da zu bezalako pertsonak izatea», «ondo pasatzen dugu zurekin jolasten, eta, gainera, badakigu seguru egon gaitezkeela klasean defendatuko gaituzulako»... Hori irakasleoi asko kostatzen zaigu egitea, ohituta gaude etikaren hizkuntzara, baina ebidentzia zientifikoek esaten dute desioaren hizkuntza erabili behar dugula gauza onei lotuta.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide