Liburuen Etxetxoa ezarri berri dute Oikiako eskola zaharraren aterpean: irakurzaletasuna sustatzea eta edonork liburuak doan eskuratzea helburu dituen proiektua da, eta Oikiako Eskolak jarri du martxan. Edonork har ditzake liburuak –beti ere, itzultzeko konpromisoarekin–, baina norberak behar ez dituenak bertan uzteko kanpaina ere egin dute auzoan.
Miren Linazasoro Oikiako Eskolako irakasleak eta hizkuntza proiektu arduradunak aipatu du beti egin izan dituztela ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzeko saiakerak. Horien artean da maleta ibiltariaren proiektua: "Ikasle bakoitzak bi astez izaten du etxean maleta, eta bertan mahai jokoak, liburuak nahiz ipuinak sartzen ditu. Helburua irakurzaletasuna eskolaz kanpo ere bultzatzea da, familietan". Maleta ibiltariarenari "buelta bat" eman nahi ziotenean egin zuten topo beste herri batean abian zen proiektu batekin. "Halako etxetxo bat eraiki zuten liburuen trukaketarako. Ikasleei gustatu egin zitzaien, eta gainera, hemen, Oikian, ez dute liburutegirik eskura", azaldu du Linazasorok. Bide batez, haur guztiei eman nahi diete aukera dohainik irakurtzeko, "familia batzuek liburuak erosteko aukera badutelako, baina beste batzuk ez".
Haurrekin batera egin zuten etxetxoa eraikitzeko prozesua. Linazasorok azaldu du hasiera batean beraiek eraiki nahi zutela egitura, baina bilatzea erabaki zutela azkenean, Gabonak baino lehen etxetxoa ezarri, eta haurrek liburu berriak eskuratutakoan zaharrak uzteko aukera izan zezaten ordurako. Tamaina eta prezioa aintzat hartuta egin zuten hautaketa Internetez, eta hamar egunen bueltan iritsi zen eskolara. Etxetxoa betetzea zen hurrengo pausoa, eta horretarako, ikasle eta irakasleez gain, auzo guztira zabaldu zuten liburuak uzteko deia.
Non kokatu ere eztabaidatu zuten ikasgeletan. "Parkean jartzea pentsatu genuen, baina euriarekin eta haizearekin hondatu egin zitekeen. Elizpean ezartzearen aukera ere aztertu genuen, baina ez dago oso agerian. Eskola zaharreko aterpea iruditu zitzaigun aproposena", dio irakasleak. Etxetxoa paretara lotzea erabaki zuten segurtasun arrazoiengatik, eta eskola zaharraren pean lotu zuten hormara, alkatearen baimenarekin.
Oikiarrek nahi adina liburu hartu eta utzi ditzakete etxetxoan, baina erabilera arau batzuk zehaztu dituzte guztien artean: nahi dutenean hartu ahal izango dute liburua, parkean, etxean edo kalean erabiltzeko, baina etxetxora itzultzeko konpromisoarekin. Libururen bat norberarentzako nahi izanez gero, hartu daiteke, baina trukean etxetxoan beste bat uztekotan.
Ohitura etxetik ere bai
Irakurtzeko ohitura izatea garrantzitsua da gaur egun, Linazasororen arabera. Euskal literatura landu dute, eta zenbait ipuin irakurri ere bai eskolan. Etxetxoaren ideiarekin eman diote lanketa horri guztiari bukaera. Izan ere, familia giroan irakurtzeko ohitura bultzatzea garrantzitsua da haren ustez, eta "asko nabaritzen" da gero ikaslearen ikasteko gogoan, esfortzuan eta ulermenean.
Dena den, aurrerantzean ere jarraituko dute irakurzaletasuna lantzen: Pello Añorga ipuin kontalariaren bisita jasoko dute hil honen bukaeran.