Balenciaga ontziolako sindikatuetako ordezkariak dira Daniel Sanchez (UGT), David Tejera (CCOO), Imanol Beloki (LAB) eta Javier Blanco (CCOO). Ontziolaren azken urteotako egoeraz, jasotako babesaz eta enpresaren bideragarritasunaz aritu dira GUKArekin.
Cofides funtsak ezezkoa eman zion azaroaren erdialdean urrian onartutako berregituraketa planari. Gaur-gaurkoz, zein da egoera?
Imanol Beloki: Mugimenduak badaudela uste dugu, baina ofizialki, guri ez digute ezeren berri eman. Mahai gainean zegoen plan bakarra zuzendaritzak aurkeztu zuen, epaileak onartu zuen, baina gero, inpugnazioak etorri dira. Hartzekodun nagusia Cofides da, eta hura ez dago ados planak adierazten duen bideragarritasunarekin. Planak zioen itsasontziak saldu behar zirela, eta hortik ateratako diru sarrerekin jarriko zela plana bera martxan. Ez daude horrekin ados.
David Tejera: Erantzunik ez daukagu, eta horregatik antolatu nahi izan dugu lan mahai bat. Zuzendaritzak, langileek, udalak, aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuko ordezkaritzak parte hartuko lukete mahai horretan. Ostiralean emango dugu prentsaurrekoan erantzunen berri. Bileretan hitz politak esan dizkigute, baina ez dakigu zertan ari diren.
Ez zintuzten sorpresaz hartu hartzekodunen lehiaketara joateak.
Daniel Sanchez: 2022tik geneukan susmoa.
I.B.: Arazoa ez da atzo goizekoa, baina uste genuen borondate gehiago izango zutela kontu honi heltzeko. Guk egin dugun ahaleginaren pareko erantzuna espero genuen: langileek apustu garbia egin dute enpresaren jarraipenagatik eta bideragarritasunagatik, eta nonbait, kostatzen ari zaie instituzioei pareko erantzuna ematea.
Enpresaren jarduera etetea kudeaketa txarraren ondorio izan dela aipatu izan duzue.
I.B.: Enpresak berak ere onartzen du. Merkatua zaila da.
D.T.: Eta enpresak lan asko hartu zuen momentu batean.
I.B.: Urte batzuk badira bezero mota aldatu genuenetik. Beste merkatu batean hasi ginen lanean, alegia. Ez da erraza izan; sektore honetan asmatzea oso zaila da. Azkenaldian, gainera, hainbat arazo elkartu zaizkigu: lan gehiago hartu izana ez zen ondo kudeatu zuzendaritzaren partetik; ez zen gai izan hartutako lan guztiari garaiz eta ondo erantzuteko. Itsasontziak ez ziren ekoizteko errazak, gainera, eta horrek arrisku handia zekarren atzetik. Eta gertatu da.
Guk 2022ko urte bukaeran jakin genuen ez zegoela dirurik, eta armadoreen diruarekin amaitu genituen azkenengo hiru ontziak. Hori amaitzerakoan bukatu zen diru guztia. Lana bazegoen, eta horregatik erabaki genuen langileok aurrera egitea.
D.T.: Hiru ontzi haiek abal batzuk zeuzkaten. Lana bukatzen ez bada, exekutatu egiten dira, eta guztira, 80 milioi izan zitezkeen. Lana bukatu izan ez bagenu, handiagoak izango ziratekeen zorrak. Kobratu gabe eta gaizki lan egin genuen guk, abal horiek kentzeko. Isilik egin genuen esfortzu hori. Guk egin genuen ahalegina, eta orain instituzioei dagokie.
I.B.: Etorkizuneko lan karga horrek ontziolari bideragarritasuna emango ziola uste genuen.
Hartzekodunen lehiaketa aurrera eramango duen administratzaile bat izendatu zain zaudete.
I.B.: Badakigu berehala izango dela, baina ez dakigu noiz. Aurrekariak ikusita, prozedura gogorra izango dela uste dugu: administratzaile bat jarriko litzateke, eta hark egingo luke txosten bat esanez enpresa zer egoeratan dagoen, bideragarria den ala ez, zergatik ezin duen aurrera egin...
Egin dugun presioak izango du ondorioren bat. Hasiera batean, behintzat, denek eskaini digute babesa. Ea lan mahaia eratzen denean zerbait berria kontatzen diguten.
Udalarekin bildu zarete.
D.T.: Udalak esan digu garrantzitsua dela jarduerak jarraitzea herriari ematen dion bizitzagatik eta ekonomiagatik, baina ez dutela onartuko berriz ere hor azpikontraten eraginez 600 pertsona lanean egotea. Horrek herriari kalte egiten dio; alokairuen igoeran, adibidez. Alkateak argi esan zigun: ados daude jarraitzearekin eta lanpostuak mantentzearekin, baina ez edozein modutara. Hori ezin da berriz gertatu, ez da bideragarria. Ez lana ateratzeko, ezta ekonomikoki ere. Guk ere hori argi daukagu.
Herritarrengandik espero zenuten babesa jaso al duzue?
D.T.: Uste baino handiagoa. Manifestazioaren egunean, ordua iritsi ahala jendetza gerturatu zen, baita herritik kanpokoa ere. Zuzeneko eta zeharkako lanpostu asko ditu ontziolak. Azpikontratetakoak etorri ziren, familiakoak, lagunak... Baita jatorriz herrikoak ez direnak baina Zumaian bizi direnak ere.
I.B.: Horrelako babesa jasotzea kontuan izan beharko luke ontziolak, bera ere solidario izan dadin beste mila kontutan. Burura datorkidan galdera da ea behar besteko konpromisoa hartzen dugun besteen arazo eta gatazkekin.
Jendea harrituko da isilik egon garelako orain arte. Langileok isilik egon gara guk ere lagundu nahi genuelako, baina behin puntu honetara iritsita, guk ere kalera atera behar genuela uste dugu. Bazirudien saihestu genuela arrisku handia, eta hilabetera etorri da arrisku hori. Jarraian jaso ditu bi albiste kontrajarriak jendeak.
Zumaiatik kanpo ere mobilizatu zarete; Gasteizen, esaterako.
I.B.: Lakuara joan gara, batetik; eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzara, bestetik. Aldundian eta udalean ere jaso dute lan mahaian egoteko gonbidapena, eta zuzendaritzakoek ere bai. Badakigu ez dela egun batetik bestera konponduko gatazka, baina presa daukagu, egia esan. Bost nomina zor dizkigute, eta egoera muturrera iristen ari da.
Zenbat langileren etorkizuna dago jokoan?
I.B.: Plantillan 71 gara.
D.T.: Baina azpikontratekin 250 lagun ere izan gaitezke. Alboko enpresa txiki askori ere ematen diegu lana; horietako askorekin zorra daukagu.
I.B.: Hartzekodun txiki horiekin guztiekin akordio bat egin da, eta horiei kenketa bat egiten zaie, ezin zaielako guztiei ordaindu. Hitz eman eta gero, nola bota du atzera plana jabetza publikoa daukan zordun batek? Plana atzera botatzeak ekar lezake hartzekodunen lehiaketan gero enpresa txiki horiek alerik ere ez jasotzea. Gainera, haientzat berme nagusia da ontziolak lanean jarraitzea, eta jarduera horri esker beraiek negozioa egitea.
Zergatik diozue ontziola bideragarria dela?
I.B.: Lan karga badago. Ziur gaude aurreko lan motak baino egokiagoa dela etor daitekeena. Horiek balira orain dela bost urteko lanak, ez zitzaigukeen hau gertatuko ziur aski. Ontzi konplikatuak egin ditugu, oso nagusi gogorrekin eta oso momentu txarrean. Hurrengo pausoak beste era batekoak izango direla ere pentsatu nahi dugu. Inbertsorea behar da, eta horretarako bide bat badagoela uste dugu. Baina beharrezkoa da jarduera berriz ere hastea. Sinesten dugu bideragarritasunean, badakigulako dirua mugitzen dutenek ere sinesten dutela.
D.T.: Hitzak alde dauzkagu. Denbora behar dela diote, baina langileei bost nomina zor zaizkie. Presazkoa da.