Zumaiako Udalbatzak, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko 11 botoekin, atzo arratsaldean egindako bilkuran onartu zituen 2025erako aurrekontuak. Orotara, 19.840.479 euroko diru partida izango du Zumaiako Udalak datorren urtean, iaz baino ia bost milioi euro gutxiago. "Arau fiskalen berrezartzeak eragindako" aurrekontuak direla adierazi dute udal gobernuko kideek, eta gehitu dute "lehen aldiz" genero Ikuspegidun txostena txertatu dutela horietan. "Pauso txiki baina garrantzitsua da guretzat", esan dute.
Sarreren artean, arruntak 17.730.074 euro lirateke, iaz baino %1,3 gehiago. "Hori oso berri ona da, zuzeneko zergak eta tasak igota ohiko sarrerak indartzen ditugulako", azaldu zuen Unai Larrañaga Ogasun zinegotziak. Sarreretako beste datu batzuen artean, Larrañagak Foru Funtsari dagozkionak aipatu zituen. "Azalpen sakonagoa behar du, berez jaso beharreko kopurua bederatzi miloi ingurukoa zelako, baina Mutualisten aferagatik, 200.000 euro itzuli beharko dizkiogu aldundiari". Ezohiko sarreren artean, Larrañagak Salbideko lur sailaren salmenta aurreikuspena (1.200.000 euro), Mollaberri eraberritzeko Debegesaren ekarpena (494.000 euro) eta Komentuko lorategia atontzeko diru laguntza (400.000 euro) nabarmendu zituen.
Horrela, udalak aurreikusi du zorpetze maila sarrera arruntekiko %4,08 izatea. "Garrantzitsua da zorpetze ahalmen hori ez galtzea, palanka indartsua izan daitekeelako herriak etorkizunean izan ditzakeen proiektu handiei aurre egiteko", adierazi zuen Larrañagak.
Gizarte gastua, lehentasuna
Sarreretako diru kopurua non erabiliko duten ere gehitu zuen Larrañagak. Gastu arruntetan, pertsonal gastuei dagokienez, KPIaren igoera dela eta, udal langileen soldatak %4,54ko igoera izango dute. Ondasun arruntetan eta zerbitzuetan, berriz, udalak azterketa "sakon" bat egin du, diru hori "modu eraginkorragoan" erabiltzeko. Denera, gastua %1 jaistea lortu dute, nahiz eta partida batzuk "igoera esanguratsua izan duten": etxez etxeko zerbitzuan 600.000 euro erabiliko dituzte –iaz 500.000 euro izan ziren–, kiroldegiko kontratu berrian 830.000 euro, 2025ean behin-betiko martxan jartzea espero duten kale garbiketa zerbitzuan 720.000 euro eta sorospen zerbitzuetan 360.000 euro.
Inbertsioetan, aldiz, Larrañagak aditzera eman zuen "inbertsio fase garrantzitsu batean" murgildurik jarraituko dutela 2025an, azken hiru urteetan eraberritutako Komentua irekiko baitute urtean zehar –2025ean 850.000 euro erabiliko dituzte lorategia eta kapera atontzeko eta gunea ekipatzeko–. Horrez gain, Mollaberri zaharberritzeari ekingo diote –horretan 850.000 euro erabiliko dituzte–, Itzurunbidean igogailuko lanak egingo dituzte (675.000 euro) eta bide publikoak hobetze lanak egingo dituzte (88.000 euro). Gizarte arloko proiektu azpimarragarrienak ere aipatu zituen Larrañagak: Emakumeen Etxearekin hitzarmena (90.000 euro), alokairua sustatzeko diru laguntzak (50.000 euro), euskara sustatzeko diru laguntzak (100.000 eurotik gora), federatuentzako kirol diru laguntzak (110.000 euro), kirol jardueretarako diru laguntzak (52.500 euro), babespeko apartamentuetarako diru laguntzak (55.000 euro) eta merkataritzarako diru laguntzak (80.000 euro).
"Jaietarako, sormenerako, musika arloko taldeentzako, kultur taldeentzako eta baliabide gabeko elkarteentzako diru laguntzak ere inbertsioetan kokatzen ditugu, gure helburua baita zumaiar guztientzat kalitatezko zerbitzuak mantentzea", aipatu zuen Ogasun zinegotziak.
EAJk, bestelako proposamenak
EAJko kideek, aldiz, 535.000 euroko kopurua osatzen duten bederatzi zuzenketa proposamen egin zituzten, ondoren udal gobernuaren ezezkoa jaso zuten proposamenak.
Horiek zeintzuk ziren aipatu zuen Iker Mardaras EAJko zinegotziak atzoko bilkuran: ohiko bilkurak zuzenean ematea; kontsumo eskola bat sortzea gazteen kontsumo ohiturak eta tokiko merkataritza uztartzeko; osasun zentroaren eta kiroldegiaren arteko eremuan bizikletak aparkatzeko gune estalia ezartzea; herriko haur parke ezberdinak berritzea; herriko komun publikoak berritzea eta komun garbigarriak egitea; kiroldegietako gimansioko inbertsioa areagotzea; Hogarrean aire girotua instalatzea; Kofradiako eraikinean, besteak beste, txartel salmenta, bertako produktuen erakusketa eta salmenta puntua, informazio puntua eta gelditzen den azken bentara bisitak dinamizatzeko puntua jartzea; eta udal eraikinen azterketa bat egitea, hutsik geldituko diren gune horietan zer egin erabakitzeko.
Proposamen horiek, gehienbat, udal gobernuak Komentuko kaperan egin nahi duen inbertsiotik eta Etxez Etxeko zerbitzuko partidatik kentzea proposatu zuen EAJk. Hori dela eta, Larrañagak erantzun garbia eman zion oposizioari: "Gure lehentasunetatik dirua kentzeko eskatzen ari zarete, eta horrek negoziazioa ezinezkoa bihurtzen du. Hiru urteko obraren ondoren Komentuaren bihotza ez ekipatzea ez da aukera bat. Bestalde, Etxez Etxeko nahiz Eguneko Zentroko kideak dira diru hori gehien behar dutenak, eta guretzat ezinbesteko oinarria dira Gizarte Zerbitzuak".
Duñike Agirrezabalaga PSE-EEko zinegotziak, berriz, babesa adierazi zion EH Bilduk egindako aurrekontu proposamenari, eta aldeko boza eman zuen. Dena den, bere alderdiaren hainbat proposamen kontutan hartzekotan eman zuen aldeko boza: Zumaiako kaleetan lirdinga kentzeko kanpaina bat egitea, Idazkari kaletik, Petxatoki kalestutik eta han dauden eskaileretatik hasita; han baranda bat jartzea ere eskatu zuen, baita Hirigintza Sailaren udal artxiboa hobetzeko eta ordenatzeko eta haren erabilgarritasuna eta irisgarritasuna errazteko sistema bat aztertzea ere.