Azaroaren 29tik abendura 3ra bitartean ospatuko da Zumaian Euskararen Astea

Maria Maya Manterola 2024ko aza. 23a, 17:00

Udaleko ordezkariak eta Baleike nahiz Larraina elkarteetako kideak. (Zumaiako Udala)

Asteazkenetik aurrera, lau ekitaldi izango dira herrian udalak eta Larraina nahiz Baleike elkarteek antolatuta. Euskararekiko konpromisoa indartu eta ospatzeko "aukera paregabea" izango dira ekitaldiok antolatzaileen esanetan, eta herritar oro gonbidatu dute bertaratzera.

Zumaiako Udalak Larraina euskara elkartearekin eta Baleike kultur elkartearekin elkarlanean antolatu du aurtengo Euskararen Asteko programazioa. Datorren asteazkenetik Euskararen Egunera bitarte lau ekitaldi izango dira herrian.

Julene Azpeitia literatur lehiaketaren sari banaketa ekitaldia izango da lehena. Ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta behin sariak banatuta, Lotura basatiak performancea eskainiko dute Debako GOAZ antzerki taldeko kideek.

Ostegunean, berriz, hilaren 28an, Xirrikituak zabaltzen. Euskararen historia soziala Zumaiai 1940tik 1980ra ikus-entzunezkoaren aurkezpena izango da, Aita Marin bertan, 19:00etan. Udalak eta Ahotsak ekimenak ekoitzitako dokumentala da. 

Abenduaren 2an, Hamaika argi gure euskarari liburua aurkeztuko du Imanol Azkuek, 19:00etatik aurrera, Alondegia kultur etxeko ganbaran. Udal artxiboan egindako ikerketa lan baten emaitza gisa, artikulu sorta argitaratu zuen Azkuek Zumaia Guka (orduan Baleike) aldizkarian. Dani Carballok marraztutako irudiekin jantzitako artikuluak liburu forman argitaratu du orain Baleike Kultur Elkarteak, eta hura aurkeztuko du hilaren 2an Alondegian.

Euskararen Egunean itxiko dute programazioa, abenduaren 3an. Solasaldi berezi bat izango da: Amagoia Mujikak Jon Maia elkarrizketatuko du zuzenean, 40 urte oholtzan izeneko saioan. Larraina euskara elkarteak antolatu du azken ekitaldia, eta 19:30ean izango da, Aita Marin. 

Euskaraz bizitzeko konpromisoa berrindartu eta ospatzeko aukera "paregabea" dira ekitaldiok, udalaren esanetan. Izan ere, euskara "hizkuntza baino askoz gehiago" dela irizten diote: "Zumaiarron eguneroko bizitzaren eta identitatearen parte garrantzitsua da". Hala, udalak nahiz Larraina eta Baleike elkarteek herritar guztiak gonbidatu dituzte saioetara bertaratzera. Euskararen garrantziaz jabetu, eta presenteago egon dadin herritarrak aktibatzeko balio dezala nahi dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide