Santiagotxikin pilatutako hondakinak biltzeko ekintza egingo du Geoparkeak azaroaren 9an

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 31a, 11:00

Santiagotxikin pilatutako hondakinak. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Hondakin bilketa azaroaren 9an egingo dute eta parte hartzeko interesa dutenei aurrez izena ematea gomendatu die Geoparkeak.

Zumaiako Santiagotxiki ingurunea garbitu eta han pilatutako hondakinak biltzeko deialdia egin du Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Let's clean up Euskadi (Euskadi garbitu dezagun, ingelesez) ekimenarekin bat eginez. Ekintza azaroaren 9an egingo dute, larunbatez, goizeko 11:00etan hasita. Hala, paduran eta Zuloaga etxearen bueltan dagoen bidean pilatutako hondakinak bilduko dituzte. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango duela azaldu du Geoparkeak.

Ekintzak bi orduko iraupena izango duela informatu du Geoparkeak. Goizeko 11:00etan bilduko dira Santiago hondartzako aparkalekuan, eta lehen azalpenak jaso eta gero, hondakin bilketari ekingo diote. Gutxi gorabehera ordutez arituko dira garbitze lanetan, eta haren amaieran sortutako ideiak eta hausnarketak partekatzeko denbora hartuko dute. Hurrengo larunbateko ekintzan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, hemen

Santiagotxikin egingo duten garbiketa saioa Let's clean up Euskadi kanpainaren barruan kokatzen da. Hondakinen prebentziorako Europako astearen barruan antolatua, aurtengo kanpainaren helburua herritarrak eta parte hartzen duten erakundeak sentsibilizatzea da, "lurzoru osasungarria eta hondakinik gabea mantentzearen garrantziaz, pertsonentzako eta ingurumenerako zerbitzu ugariren iturri baita".

Habitat garrantzitsuak

Azaroaren 9an garbitzen saiatuko diren eremua Natura 2000 Sareko Urola itsasadarraren Kontserbazio Bereziko Gunearen kanpoaldean dago eta kostaldeko habitat garrantzitsuak ditu. "Badiaren barruko aldean padurak daude eta leku hori migrazioetan dauden hegaztientzako oso garrantzitsua da, hegaztiak bertan geratzen baitira atseden hartzeko eta elikatzeko. Beste aldean, berriz, itsas bazterrean pilatutako hareatza dago, eta han zabaltzen da euskal kostaldean oso urria den landaredia; dunetako landaretza, alegia", nabarmendu du Geoparkeak.

Itsasoak, ibaiak eta mareek bultzatuta, hondakin ugari pilatzen da eremu horretan. Horiek jasotzeko lanak egin izan dira urte hauetan guztietan, baina, Geoparkeak azpimarratu duenez, hondakin handiak kentzen badira ere, "lurrean bestelako batzuk geratzen dira, txikiak eta apenas ikusten ez direnak, gehienetan. Horietan jarriko dugu oraingoan indarra. Izan ere, hondakin txiki horiek janaritzat hartzen dituzte gunea bisitatzen duten animaliek eta horiekin asetzen dira benetako elikagaiak kontsumitu gabe".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide