Negua Zumaian pasatzen duen arranoa

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 30a, 09:30

Frantziako iparraldetik etorritako hegaztia detektatu zuten iaz lehenengoz Beduako irlen inguruan. Hegoaldera bidean, aurten berriro ikusi dute Urolaren hezegunean Zumaiako naturzaleek.

Hegaztien, narrastien eta bestelako animalien babeslekua da Zumaiako Usurbiribilaga eremua. Urola ibaian gora eginda, Beduara heldu aurretik, errio erdian dauden irletan hartzen dute atseden eta elikatzen dira animalia horiek. Zibilizaziotik hurbil, baina gizakiek eragindako zurrunbilotik zertxobait aldenduta aurkitu du Frantziatik etorritako arrano arrantzale batek negua pasatzeko lekua.

Aitor Leiza naturzalearen arabera, ez da hain arraroa espezie hori Zumaian ikustea. "Orain gutxi pare bat arrano ikusi ditut Zumaian, baina honek duen berezitasuna da iaz aurkitu genuela lehen aldiz, eta aurten, hegoaldera egindako migrazioan, berriro itzuli dela". Iazko urriaren hasieran ikusi zuten animalia lehendabizikoz Bedua inguruan Oliver Perez, Imanol Manterola eta Aitor Leiza naturazaleek. Identifikatzeko eraztuna zeraman arranoak, eta bertan jartzen zuena teleskopioaren bidez irakurtzea lortu zuten. Hala jakin zuten Orleans hiritik (Frantziako iparraldean) ehun kilometrora dagoen Saint-Aignan herrian jarri ziotela eraztuna 2023ko ekainaren amaieran. "Oliver harremanetan jarri zen eraztuna jarri zion pertsonarekin, eta denbora honetan harremanetan izan dira".

Zumaian bakarrik ez, Euskal Herriko beste leku batzuetan ere detektatu zuten hegaztia pasa den urtean, Urdaibai biosferaren erreserban, hain zuzen. Hala ere, Zumaian behin baino gehiagotan ikusi zuten, gune berean: azaroan, abenduan, urtarrilean eta, azkenekoz, aurtengo otsailaren 2an. "Horrekin ondorioztatu dezakegu negua hemen igaro zuela arranoak", dio Leizak. Eta joan zen bezala, udazkenarekin batera, iparralde hotzetik hegoalde epelagora itzuli da arrano arrantzalea Zumaiara.

Duela astebete inguru, urriaren 22an, ikusi zuen Oliver Perezek animalia Bedua inguruan, baita horren berri eman ere hegaztiari dagokion fitxan. "Hegazti mota hau, bere migrazioan, Saharako hegoaldean ere ikusi izan da. Arrano honek, ordea, Zumaian geratzea erabaki du".

Bedua, babesgune

Animalientzako habitat bereziak dira, bai Beduakoa, bai Santiagoko padura ere. Biek ala biek gizakien efektu kaltegarria pairatzen dutela salatu du Leizak. "Paduran gertatzen dena izugarria da. Txakurrak nonahi, kanoak eta piraguak bertan... Ez da ezer egiten hura babesteko". Usurbiribilagan ere antzera gertatzen dela iritzi dio naturazaleak, eta turistifikazioaren eragina dela uste du. Zentzu horretan, han atseden hartzen duten animalien ongizatea bermatu asmoz, errioko joan-etorriak Trenbide pasealekutik gertu egitea eskatzen du, eta beste aldea, zuhaitz lehorrak dauden gunea, bakean uztea.

Horrez gain, ehizarik gabe gune bihurtzea ere eskatu dute naturzaleek, ehiztarien tiroek bertan egoten diren hegaztiak beldurtu eta usatzen dituztelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide