Zaletasun hutsa baino gehiago Oxfordeko hormetan ikusgai

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 29a, 09:39

Argazkia: Juan Luis Romatet.

Esteban Oroz margolari nafarraren lanak daude ikusgai Alondegiko aretoan. Kaleko pintura lehiaketen zale, karrika eta txokoetan margotutako lanak bildu ditu Oxforden.

Urteak daramatza Esteban Orozek (Etxauri, Nafarroa, 1943) kaleko pintura lehiaketetan parte hartzen. Estudioan margotzen aritu baino, nahiago du tresneria kalera atera, hain ezaguna ez den txokoren bat aurkitu eta gune hori mihisean jasotzea. Alondegiko Oxford aretoan erakusketa zabaldu zuen asteburuan bertan, esaterako, bi lehiaketa zituen agendan apuntatuta, nahiz eta bakarrean parte hartu ahal izan zuen; larunbatean Elorrion (Bizkaia) jokatutakoan, hain zuzen.  Beste lehiaketa Eibarren (Gipuzkoa) izan zen igandean, azken hamarkada askoan bizileku izan duen herrian, baina ezin izan zuen parte hartu han, lehiaketaren antolatzaileetako bat bera zelako. Izan ere, Eibarko margolarien elkarteko burua ere bada Oroz. 

Nire saltsan izena jarri dio Orozek azaroaren 10era arte Zumaian bisitatu ahal izango den erakusketari. Duela hamar urtetik gaur arte sortutako lanak bildu ditu margolariak erakusketan. Artelan gehienak lehiaketetarako egindakoak dira, baina badira "kapritxo batzuk" ere. "Koadro handiak lehiaketetara aurkeztutakoak dira; txikiak, berriz, kuriositateak bultzatuta egindakoak". Paisaiez eta kaleko irudiez gain, erretratu batzuk ere erakutsi nahi izan ditu Zumaian. "Lan gehiegi ekarri ditut, eta dozena bat-edo etxera bueltatu behar izan ditut. Guztira, berrogei bat lanez osatzen da erakusketa", azaldu zion Orozek Gukari erakusketaren irekieran.

Artista damu da erakusketarako ez duelako Zumaiari lotutako margolan berririk egin. "Bi koadrotan jaso ditut Zumaiako irudiak; batean, iturri bat [Sanjuaniturria] ageri da, eta bestean, herriko panoramika bat". Azken horrekin, maiatzean egindako Zumaiako Kaleko Pintura Lehiaketan bigarren saria jaso zuen Orozek. Sarritan parte hartu du Zumaiako lehiaketan, eta bitan jaso du lehen saria.

Koadro bat egunero

Txikitatik izan du pinturarako zaletasuna Orozek. "Haurra nintzenean, gaixo zegoen lagun bat nuen, eta konpainia egitera joaten nintzen haren etxera. Margotzen aritzen ginen biok, eta halaxe hasi nintzen". Edarien komertzial gisa egin du lan urteetan. "Enpresa txiki-txiki bat zen, eta ordu asko sartzen genituen". Erretiroa hartzean, zaletasunean buru-belarri murgiltzeko aukera izan zuen, eta ordutik, egunero koadro bat margotzen du. "Erretiratuta nago, eta pentsatzen jartzen naiz zer egin dezakedan: 'Eibarko iturria margotu dezaket edo bodegoiren bat'. Disfrutatu egiten dut horrela".

Onartu du lehiaketekin gozatzen duela gehien Orozek. Horren erakusgarri da aurten dagoeneko 25 bat lehiaketetan parte hartu izana. "Lehiaketa hauetan gustatzen zaidana borroka egitea da; ez jendearekin borrokatzea, koadroarekin edo gaiarekin baizik. Konpondu behar diren arazoak ikusten ditut". Ohikoak diren lekuak baino, leku edo txoko desberdinak islatu nahi izaten ditu bere margoetan. "Etekina ateratzeko aukera ematen didaten lekuak ditut gustuko. Lehiaketa antolatzen duen herrira joan aurretik, normalean jakiten dut zer margotu nahi dudan, eta batzuetan, aurretik leku horretako argazkia ere izaten ditut. Baina gero hara joaten naiz, eta zerbait zeharo desberdina egiten dut".

Prozesua zuzenean

Erakusketaz gain, kaleko pintura tailerra ere eskainiko du Orozek Zumaian oraindik zehaztu gabeko data batean. "Koadro bat egingo dut, prozesua oso-osorik azalduz. Lehiaketa hauetan aritzen garenok metodo bat dugu lan egiteko, eta metodo hori behar-beharrekoa da; bestela, jai duzu". Alondegiko Oxford aretoan egingo dute tailerra, eta hara joaten direnek Orozen lanketa zuzenean ikusteko aukera izango dute. 

Bilduma egunero egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara. Asteburu eta jaiegunetan, eguerdietan ere zabalik izango da, 12:30etik 14:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide