Datorren urterako tasen eta zergen %3ko igoera onartu du udalbatzarrak

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 1a, 11:00

Pasa den ostegunean egin zuten iraileko ohiko udalbatzarra. (Zumaiako Udala)

Pasa den ostegunean egin zuten iraileko ohiko udalbatzarra, eta udal gobernuak aurkeztutako ordenantza fiskalen proposamena EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu zuten; PSE-EE abstenitu egin zen. 

2025erako ordenantza fiskalen proposamena aztertu zuten pasa den ostegunean udaletxean egin zuten iraileko ohiko udalbatzarrean. Aztertutako gaien artean, datorren urterako ordenantza fiskalen proposamena izan zen. Oro har, salbuespen batzuk izan ezik, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak ordaintzeko zergen eta tasen %3ko igoera planteatu zen. Proposamena EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu zuten; PSE-EE, aldiz, abstenitu egin zen. 

Unai Larrañaga ogasun zinegotziak proposamenaren aurkezpenean azaldu zuenez, KPIak azken urteotan izan duen igoerak, herritarrengan gertatu bezala, udalaren kontuetan ere eragina izan du, gastuak handitu dituelako. Gaineratu zuen Zumaiako Udala inbertsio ziklo batean murgilduta dagoela eta horri eusteko, "eta udal zerbitzuen kalitatea ez murrizteko", beharrezkoa duela aurrezki garbia azken urteetan bezala mantentzea. Azaldu zuen proposatutako igoerarekin herritarrek "igoera neurtua" jasango dutela, eta "udalak funtzionamendu egokian" jarraitu ahal izango duela.

Datorren urtean aplikatuko dituzten zerga eta tasetan izango diren aldaketen berri ere eman zuen zinegotziak. Hala, familia ugarientzako hobari eskaeren epea urtarriletik abendura aurreratuko dutela esan zuen Larrañagak. Bestalde, zerbitzu berriak eskainiko dituztela ere aurreratu zuen. Esaterako, Informatika Musikaleko eta Lubaki kiroldegian eskainiko duten 65 urtez gorakoentzako mantenimendu gimnasiako ikastaroak sortuko dituzte, eta horiei dagozkien tasak ere txertatu dituzte proposamenean. Horiez gain, istripu atestatuen tasa berria ere ezarriko dutela ere informatu zuen, Udaltzaingoak egiten dituen izapideetarako. Tasa hori beste herrietan ere aplikatzen dela argitu zuen, eta aseguru etxeek ordaintzen dutela.

Uraren tasa

Urari dagokionez, igoera progresiboa ezarriko dutela ere azaldu zuen zinegotziak udalbatzarrean. Horren helburua, "kontsumo jasangarria bultzatzea eta progresibitatea bermatzea" dela adierazi zuen Larrañagak. Igoera arrazoitu zuen esanaz uraren zerbitzua eskaintzen duen Gipuzkoako Urek %11n igoko dutela uraren prezioa 2025ean, eta azken hiru urteetan %28ko igoera aplikatu duela. 

Kontsumitzaile txikiek eta handiek ordaintzen dutenaren artean bereizketa egingo dutela ere adierazi zuen zinegotziak. Hala, etxeko kontsumitzaile gehienei oso igoera txikia aplikatuko zaiela iragarri zuen –bi euro ingurukoa hiruhileko fakturan–; merkatari txikiek eta kontsumo gutxiko enpresek, berriz, jaitsiera izango dute tasetan, eta 30 euro ordaintzetik 15 euro pagatzera pasatuko dira. Aldiz, kontsumo handiko erabiltzaileek "igoera nabarmenagoa" izango dute.  

Kale garbiketa zerbitzuan eta etxez etxeko laguntza zerbitzuan izango diren hobekuntzak ere aurreratu zituen zinegotziak. Kale garbiketako zerbitzua baliabide pertsonal eta material gehiagorekin indartuko dela esan zuen: erraztatzeko makina berri bat erosiko dute eta astean bi egunetan bigarren laguntza makina bat jartzea ere planteatu dute. Plaza eta espaloietan lurra garbitzeko ekipamendu gehigarriak jarriko direla ere aurreratu zuen, "gainazalak irristakorrak gelditu ez daitezen". Kontratu berriak bost urteko iraupena izango du, eta 3,26 milioi euroko balioa

Etxez etxeko zerbitzuari dagokionez, kontratuak hiru urteko iraupena eta 1,89 milioi euroko aurrekontua izango du gehienez, ogasun zinegotziak aurreratu zuenez. "Langileen lan-baldintza hobeak bermatzeko", kontratuaren prezioa handituko dute eta kontratuaren oinarrizko prezio gainditzeko aukera aurreikusten dute, "egon litezkeen beharrei erantzuteko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide