Dagoeneko kalean da "proiektu luze baten emaitza"

Mireia Galarza Bastida 2024ko ira. 26a, 17:00

Juan Martinez Mendarokoaren inguruko liburua argitaratu dute dagoeneko, eta atzo aurkeztu zuten liburu hori Oxford aretoan. Hiru hizkuntzatan irakur daiteke lana.

2020ko udan iritsi zen Juan Martinez Mendarokoaren botozko taula Gordailura, Gipuzkoako ondare bildumen zentrora, beste era batera esanda. Bertan egin zioten beharrezko esku hartzea, eta pare bat urte geroago itzuli zen pieza bera beti egon den lekura, Zumaiako San Pedro parrokiara. Taula zaharberrituari harrera xumea egin zioten orduan, eta liburua aurkeztu dute orain. Atzo izan zen aurkezpena Oxford aretoan, eta bertan izan ziren Zumaiako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko nahiz Elizbarrutiko ordezkariak. 

Bart Fransenekin batera, Maite Barrio Gordailuko zaharberritzailea izan da Juan Martinez Mendarokoaren botozko taula liburuaren koordinatzailea, eta hark azaldu zituen lanaren nondik norakoak. Haren hitzetan, liburu "potolo eta mardula" da argitaratu berri dutena, eta hainbat diziplinatako hamalau autoreren artikuluek osatzen dute. Gainera, ehun ilustrazio baino gehiago ditu, eta hiru hizkuntzatan irakur daiteke: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. "Taula oso ondo ezagut daiteke liburu hau irakurrita", gehitu zuen Barriok. 

2019tik orain arte

Barrioren hitzetan, proiektu "luze baten emaitza" da liburua, 2019an Euskal Itsas Museoak Elkanoren inguruko erakusketa bat antolatzeko lekuz mugitzea eskatu zutenean hasi zena. "Taula nahi zuten, bertan XV. euskal itsasontziak azaltzen zirelako", adierazi zuen koordinatzaileak.  

Taula egoera oso onean ez zegoela eta Juan Martinez Mendarokoari buruz gutxi zekitela aprobetxatuta hartu zuten erabakia: urgentziazko esku hartzea egitea. Horretarako lantaldea osatuta hasi ziren prozesuarekin. Profesionalek ondorioztatu zutenez, taula flandestarra da, eta berezia, besteak beste erlijio eszena bat eta itsas eszena bat uztartzen dituelako, inskripzio batekin batera. 

Irene Cardaba Gordailuko teknikariaren hitzetan, garbiketa prozesua "luzea eta konplexua" izan zen, fase desberdinetan banatutakoa. Lehenik geruza originala identifikatu zuten, ondoren iztukatu eta kolorearen berrintegratzea egiteko. Amaieran, eremuaren azterketa klimatologikoa egin zuten, jakiteko margolanak zer parametro behar dituen egoki mantendu dadin aurrerantzean ere. 

Erakundeak, «pozik»

Marina Bidasoro Zumaiako Kultur zinegotzia, Marijose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria eta Joan Pablo Aroztegi Zumaiako parroko ohia izan ziren aurkezpenean, eta hirurek eskertu zieten Gordailuko kideei egin duten lan guztia. "Altxor handi" baten pare jarri zuten Zumaian kokatuta dagoen taula, eta Gordailuko kideen "lanerako grina" eskertu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide