Kantu berri bat gara proiektuaren ikuskizuna Zumaiarako espresuki moldatu du Jon Maiak, eta izenburuari Harri eta herri gehituta –Gabriel Arestiren liburu aski ezagunari keinu xumea eginez–, emanaldi berezia eskainiko du datorren hilaren 21ean. Itzurun hondartza agertoki bilakatuko da egoerarako, eta herriko dantzariekin, sortzaileekin, elkarteekin eta Zumaiako Udalarekin elkarlanean, ekitaldi gogoangarria eskainiko du.
Azken hilabeteotan Euskal Herriko hainbat agertoki handitan taularatu du bertsolariak Kantu berri bat gara lana; orain, ordea, "antzokirik ederrenean" egingo du: Zumaiako Itzurun hondartzan, alegia. "Nahi beste diru edukita ere, gizakiak ezingo luke Itzurunen pareko eszenatokirik egin", egin du azpimarra bertsolariak. "Bertako harrien atzean dagoen herria eta haren identitatea erakutsi nahi ditut". Ikuskizuna 22:30ean hasiko da, eta sarrera doakoa izango da.
Maiak argi zuen Zumaiako emanaldiak, etxekoak, berezia behar zuela izan, eta urte hasieran hasi zen udalarekin prestaketa lanak egiten. "Protagonistak ez gara artistok izango, antzokia bera baizik". Dantzaz eta musikaz beteriko emanaldia prestatu dute, propio egindako argien eta proiekzioen jokoarekin jantzita: "Hemen ditugun itsaslabar ikusgarriak argiztatuko ditugu lehenengo aldiz historian". Besteak beste, ingurunearen "edertasuna" azpimarratzea da xedea, musikarekin, hitzekin, argiekin eta koloreekin.
Sortutako tokian
Itsasoa eta Itzurun hondartza inspirazio oinarri dituen abesti asko ditu Maiak. Horregatik, hilaren 21ekoa "oso emanaldi berezia" izango dela dio: "Kantu horiek inspiratu dituen eremu zoragarri bezain berezian erditu ahal izango ditut. Zumaiako herriak eta inguruneak eman didan guztia itzultzeko modu bat da, baita bere identitateari gorazarre egiteko modua ere".
Ken Zazpiren Itsasoa gara, Benito Lertxundiren Itsasoari begira –kantuan aipatzen duen zuhaitzaren azpian kantatuko du— eta Ilargia, Gozategiren Welcome to beach eta beste hainbat abesti kantatuko ditu Maiak emanaldian, ez soilik azken diskoa osatzen dutenak. Era berean, "abestientzat zirkulu bat itxiko" dela dio. "Hemen jaio ziren, eta orain hemen aterako dira airera. Inspiratu zituzten harrien artetik entzun ahal izango ditugu".
Ia erabat herriko artistekin osatutako ikuskizuna izango da, eta izaera "korala" izango du: parte hartzailea, hain zuzen ere. Ehun artista inguruk parte hartuko dute: hala nola Lucia Lacarra eta Matthew Golding dantzariak, Astindu dantza taldea, Zumaiako joaldunak eta adar joleak, Maddalen Arzallus bertsolari, abeslari eta aurkezlea, Sambou Diaby aktorea eta Eva Franco argazkilari eta sortzailea izango dira bertan. Halaber, Errenteriako Zaria haur abesbatza ere izango da oholtza gainean.
Maiak, gainera, bere ohiko musikari taldea izango du lagun: Gorka Hermosa (akordeoia), Pello Ramirez (txeloa), Nacho Soto (pianoa eta sintetizadorea) eta Nerea Quincoces (perkusioa eta ahotsa).
Birritan pentsatu gabe
Ez da lehen aldia Lucia Lacarrak eta Maiak agertokia partekatzen dutena. "Izugarrizko poza eta plazera da Maiarekin elkarlanean jardutea", nabarmendu du Lacarrak. "Maiak ikuskizunean parte hartzeko deitu zidanean oporretan nengoen, eta bere mezuak aldartea aldatu zidan", esan du dantzariak. "Asko gustatzen zait Maiaren lana, eta lanaz ari naizenenean atzean dagoen pentsamenduez, zentzuaz eta bihotzaz ari naiz. Gure lanbideak ezberdinak dira, baina gure bizitza dira, eta Maiak inspiratu egiten nau".
Maia ez ezik, Lacarra ere inspiratu du Itzurun hondartzak. Hark aitortu duenez, ez zuen bi aldiz pentsatu baiezkoa eman aurretik, eta hegaldi bat edo beste aldatu behar izan bazuen ere, argi zuen hilaren 21ean Itzurunen dantza egingo zuela: "Egin beharreko guztia egingo nuen egun horretan bertan egoteko. Bizitzan behin izango dut hau egiteko aukera". Agertoki handietan eta berezietan dantzatu du Lacarrak, baina emanaldietan garrantzitsuena eserlekuan dagoen jendea dela iritzi dio: "Askotan kanpoko jendearentzat antzeztu dut nik, eta Zumaian etxekoak, lagunak eta herritarrak izango ditut aurrean".
Marina Bidasoro kultur zinegotziak zumaiarrak eta bisitari oro gonbidatu ditu ikuskizunera. "Itzurun hondartzan ez da sekula dimentsio honetako ekitaldirik egin". Halere, antolatzaileek jakinarazi dute ezinbestekoa izango dela emanaldiaren egunean ateri egitea, eta euria egingo balu, ekitaldia bertan behera geldituko litzateke –kasu horretan data berria zehazten saiatuko direla ere aurreratu dute–. "Dena karta batera jokatzen dugu, baina horrelakoa da Euskal Herria, gure herria, eta horregatik da hain ederra", aditzera eman du Maiak.
Oharra: Antolatzaileek aurreratu dutenez, EITBk grabatuko du hilaren 21eko emanaldi osoa; halere, ez dute ezagutarazi zein egunetan emitituko duten.