Hamabost jabetze eskolaz eta bederatzi elkargunez osatutako udazkeneko programazioa aurkeztu du Zumaiako Emakumeon Etxeak

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 10a, 09:30

Zumaiako Emakumeon Etxeko kideak udazkeneko programazioaren aurkezpenean. (Zumaiako Emakumeon Etxea)

Ekitaldiez eta jardueraz osatutak udazkeneko egitaraua aurkeztu dute Zumaiako Emakumeon Etxean. Datozen hilabeteetan emango diren jabetze eskoletarako izen ematea zabaldu dute dagoeneko. 

Udako oporraldien ondoren indarberrituta itzuli da Zumaiako Emakumeon Etxea. Zerbitzuak uda sasoian ateak itxita izan baditu ere, udazkenerako programazioa prestatzen aritu dira denbora honetan. Hala, datozen hilabeteetara begirako egitaraua atzo arratsaldez aurkeztu zuten Ardantzabiden kokatzen den egoitzan. 

Hamabost jabetza eskola, bederatzi elkargune, eskola feministak eta agendako ekitaldi sorta aurkituko dute Etxeko erabiltzaileek, edo gai jakin batzuetan interesa dutenek irailetik abendura arte luzatuko den eskaintzan. Agendako ekitaldien barruan, irailaren 27an Emakumeon Etxearen urteurreneko ospakizunak izango dituzte.

Ikastaro desberdinak jasotzen dituzte jabetze eskolek. Indarkeria, autoestima, idazketa, kirolak edota dantza bezalako gaiak landuko dituzte bertan. Egun bakarrekoak izan daitezke edo iraunkorragoak. Eskola hauetan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea. Horretarako, interesduna Emakumeon Etxetik bertatik pasa daiteke izena ematera, edo webgunearen bidez apuntatu, hemen. Izen ematea atzo zabaldu zuten eta irailaren 18ra arte apuntatu ahal izango da eskoletara.

Jabetze eskolak eta etxean eskaintzen dituzten zerbitzuak uztartuz, eta aurreko kurtsoan emandako aholkularitza juridiko eta psikologikoa indartu asmoz, Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak izeneko jabetze eskola emango dute urriaren 8an eta 15ean. Antolatzaileen arabera, indarkeria matxisten bideei helduko diete jarduera honen bidez. "Indarkeriaren irteerak bilatuko ditugu, indar kolektiboekin berriz konektatzeko eta hilabetean behin bilduko den talde-laguntzako autozaintza taldea sortzen joateko", adierazi dute. 

Elkarguneei dagokionez, bederatzi eskainiko dira udazkenean zehar eta horietatik bost berriak izango dira: xakea, patinak, eskubaloia, txalaparta eta bertsotan bat-batekotasuna lantzeko elkargunea. Jabetze eskolekin gertatu bezala, elkargune hauetan parte hartu nahi duenak izena eman ahal izango du Emakumeon Etxean edo webgunearen bidez. 

Eskola feminista eskainiko da aurten ere berdintasun foroaren barruan, eta aurten gai zehatz baten inguruan jardungo dute, ekofeminismoaz hain zuzen ere. 

Zumaiako Emakumeon Etxeak udazkenerako prestatu duen programazioa hemen ikus daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide