Oporrak Bakean programako aurtengo edizioa bere amaierara iritsi da, eta horren harira, Zumaiako Darahli elkarteak udako ekintzen balorazioa egin du.
Alde batetik, eskualdeko zortzi familiatan uda igaro duten haur sahararren esperientzia "baikorra" nabarmendu nahi izan du, aukera eduki baitute ume horiek "bigarren familia bat lortzeko". "Familientzat ere oso esperientzia positiboa izan da, harremana sustatzeko aukera izan baitute".
Bestetik, Larrabetzun (Bizkaia) egin duten Bakeleku udalekuei buruz ere mintzatu da Darahli. Bertako begiraleen lana "apartekoa" izan dela adierazi du elkarteak, era guztitako ekintzak egin baitituzte: otorduak prestatu, gelak jaso, arropa garbitu, garbiketa orokorrak, umeen dutxak... Horretaz gain, irteeretara eta medikuarengana ere beraiek lagundu dietela azaldu du elkarteak.
Laguntzaile guztiei ere "eskerrik beroenak"
Darahlik ez du ahaztu nahi izan proiektua aurrera eramaten lagundu dieten udalez, elkarteez, erakundeez, gazteez eta familiez. "Bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu Zumaiako Udalari, diruz proiektua lagundu duelako, eta Larrabetzuko Udalari, eskola udalekua bihurtu ahal izateko espazioa utzi digulako", gehitu du.
Azkenik, gaineratu dute "datorren udan berriz udalekua martxan jartzeko asmoa" dutela, baita Zumaian eta inguruko herrietan harrera familia gehiago lortzen saiatuko direla ere.