Harrera beroa egin dio Zumaiak Gukari

Maria Maya Manterola 2024ko eka. 16a, 11:00

Jendetza elkartu zen Itzurun hondartzan hasi eta Beheko plazan amaitu zen kalejiran. Musika entzuteko, dantzatzeko nahiz jolasteko tartea izan zen, eta gero, sardinak parrillan eginda banatu zitzaizkien bertaratutakoei.

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea eta Luis Mari Alkorta.

Guka herriratzeko festa izan zen atzo Zumaian, larunbatarekin. Izan ere, maiatzean aurkeztu zien Urolako Komunikazio Taldeak erakundeei, eta orain, bazkideen, kolaboratzaileen, herriko eragileen eta herritarren aurrean aurkeztea zen asmoa. 

Zumaian, gainera, Guka markaren herriratzeak bat egin du Baleike herri hedabidearen 30. urteurrenarekin, eta atzoko aurkezpenean Baleiketik Gukara egindako bide hori irudikatu nahi izan zen. Hondartzan ekin zieten kalejirari: bertan elkartu ziren trikitilariak, adar jotzaileak eta dozenaka herritar, eta Ondartxo plazara jaitsi ziren giro ederrean. Bertan, Esti Curielek eta Goiz Eder Iturainek hasiera umoretsua eman zieten kalejirari, turismo-gidariaren eta turistaren azalean sartuta, hurrenez hurren. 

Astinduren eskutik, dantzarako beta izan zen gero Ondartxon, eta biribilean jarrita, fandango, arin-arin nahiz zorba grekoak dantzatu zituzten, Zutrik trikitilari taldearen erritmora. Handik errotako izkinara gerturatu zen kalejira, eta han, Akaleiak emanaldi laburra eskaini zuen. Xabier Leteren Lore bat zauri bat abestiaren bertsioa eta Nire etxeko artista abesti propioa hautatu zituen hark pianoaz jo eta zuzenean abesteko. 

Zumai txarangak eta Musika Bandak hartu zuen lekukoa han, eta ederki girotu zuten Goiko taberna parerainoko tartea. Han, txalaparta hotsak entzun zituzten bertso idatziak banatu bitartean, eta gero, elkarrekin abestu zituzten. Eta, kalejira amaitzeko, txarangak eta bandak jarraitu zuten Beheko plazaraino. 

Torreberriko aterpean sardinak parrillan egin zituzten, bertaratutakoei musutruk banatzeko. Kalejirari amaiera emanda, Amaia plazan jarraitu zuen festak gauean: Rodeo talde zestoarra igo zen lehenbizi oholtza gainera, eta gero, Loti DJaren musikak dantzan jarri zituen gerturatutakoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide