Euskara arnas

Zientzian barrena bide berriak zabalduz

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 29a, 10:00

Naiara Barredo metereologoa. (Argazkia: Juan Luis Romatet)

Historian zehar gizarteak eman dituen aldaketetara moldatu behar izan du euskarak. Zientziaren kasuan ere bere lekua aurkitzen ikasi du hizkuntzak, terminologia egokituz edo hitz berriak sortuz.

Gizartearen beste esparru batzuetan gertatu den bezala, euskararen presentzia sendotzen joan da denborarekin zientziaren munduan ere. Terminologia beharretara egokitu egin behar izan zuten kasu batzuetan, hitz berriak sortu besteetan. Horren jakitun dira Imanol Garate Golmaio Biologian lizentziatua eta Kardala Mutrikuko Akuikultura Institutuko irakaslea eta Naiara Barredo Goikoetxea Fisikan lizentziatua eta metereologoa. 

Unibertsitatean hasi zenean "oraindik euskara eraikitzen" ari zela dio Imanol Garatek (Zumaia, 1964). Biologia ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen, Leioako fakultatean. "Euskaraz egiten zen ikasketa bakarrenetakoa zen Biologia, eta euskarazko taldera apuntatu nintzen. 40 edo 50 lagun izango ginen, eta gainontzeko geletan ehundik gora ikasle izaten ziren". Dena berria zela du gogoan Garatek. "Gu izan ginen aurrenekoak, hainbat irakasleren lanari esker, hainbat ikasgai euskaraz ikasten". 

Gerora Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izango zen Juan Ignacio Perez zen euskara zientifikoaren departamentuko burua garai hartan. "Unibertsitatean erabiliko zen euskararen inguruko aholkuak ematen zituen departamentu hark, eta gero, beste erakunde batzuekin batera, Euskaltzaindiarekin eta, unibertsitarerako irizpide linguistiko propioa ezarri zuen". Zentzu horretan, "jende askok esparru askotan lan izugarria" egin zuela dio Garatek, eta horrek euskararen "ikusgarritasunean" eragin handia izan duela. 

Zientzian euskararen presentzia handitzea "probabilitate kontua" dela nabarmendu du Garatek: "Aurretik ezer ez zegoen. Maila akademikoan, zientzien munduan, euskarak aurrerapauso handiak eman ditu, baina agian ez eman behar zituen adinakoak".

Juan Ignacio Perez beraren materiala erabili zuten hasieran Mutrikuko Kardala institutuan. «Errektore izan aurretik akuikultura ematen zuen Biologiako laugarren mailan. Eskola sortu behar genuenean haren apunte denak gure esku utzi zituen; eskolarako euskarazko materiala sortzeko oinarri gisa erabili genituen».

Zientifikoa eta garbia 

Fisikan lizentziatua, meteorologo egiten du lan Naiara Barredok (Zumaia, 1984) Euskalmeten. "Berez, Teknaliako langilea naiz; sei urte daramatzat bertan lanean, baina esan daiteke % 100ean Euskalmeterako egiten dudala lan. EHUn metereologiari buruzko ikastaroa egin nuen, baina alde batera utzi nuen orduan. Gero, jakin nuen Euskalmeten postu batzuk zeudela bete gabe, eta hor mugitzen hasi nintzen". 

Euskalmeten euskarak garrantzia handia duela dio Barredok. "Iragarpenak egiten ditugu, baita mapak ere, baina txostenak eta bestelako edukia ere sortzen dugu. Euskaraz eta gaztelaniaz idazten ditugu, eta garrantzitsua da termino egokiak erabiltzea, baita edukia garbia izatea ere. Alde batetik, zientifikoki zuzena izan behar du, baina bestetik baita ulergarria ere".

Euskalmetek estilo liburua zuen Barredo sartu zenerako. "Termino ugari ditu, eta bakoitzak zer esan nahi duen dio»". Metereologiari buruzko estandar bat sortuta badago ere, batzuetan "hankamotz" geratzen direla ere iritzi dio Barredok. "Erabaki behar duzu gaztelaniazko termino batzuk euskaraz nola erabili. Halakoetan, adostasunera heldu behar izaten dugu". Denborarekin eta erabilerarekin jendea ohitu egiten dela ere uste du zumaiarrak. 

Euskalmeten espresuki euskararekin lanean ari den jendea badela esan du metereologoak: "Zalantzak daudenean termino bat proposatzen dute, eta eztabaidatu ondoren erabakitzen dugu erabili ala ez. Guk egin beharreko bidea da hori". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide