"Urteko egunik politenetakoak". Halakoxeak dira Euskal Herriko Itzuliko etapak Arritxu Iribarrentzat (Zumaia, 1963). "Tentsio handiko egunak izaten dira, baina izugarri gustatzen zait txirrindularitza, eta gozamena da munduko onenak etxean izatea eta haien berri ematea". Nahiz eta aste honetakoak lan askoko egunak izan, agendan bilatu du tarte bat hizketarako. Eguna esnatu berritan, motoan joateko arropa soinean duela agertu da elkarrizketara. Euskadi Irratiko kirol esataria da 1987tik, ia-ia sorreratik —1982an sortu zen—, eta Zumaiako Udalean Kirol zinegotzia ere bada azken bi agintaldietan.
Gaur egun, txirrindularitzaren ahotsetako bat zara Euskadi Irratian, baina Euskal Filologia ikasi zenuen. Zergatik egin zenuen jauzi kazetaritzaren mundura?
Euskal Filologiako bosgarren mailan geundenean ari zen sortzen Euskal Irrati Telebista, eta hedabide horretarako Euskal Filologiako ikasleak behar zituztela esan ziguten. Zenbait ikaskidek probetarako izena eman genuen: batzuek, telebistarako; eta beste batzuek, irratirako. Niri, betidanik, telebista baino gehiago gustatu izan zait irratia, magikoagoa iruditzen zaidalako. Probak egin genituen, eta aukeratuetako bat izan nintzen. Halaxe hasi nintzen Euskadi Irratian, goizeko saio batean. Handik urtebetera, oposizioak egin zituzten, eta aurkeztu egin nintzen, oso-oso gutxi prestatuta. Irratiko oposizioak nolakoak ziren ikusteko eman nuen izena, etorkizunerako ondo etorriko zitzaidala pentsatuz. Eta horrelaxe, oposizio haiek gainditu egin nituen, asko espero gabe.
1987az geroztik ari zara Euskadi Irratian lanean. Nolakoak izan ziren hasierako urte haiek?
Irratiak liluratu egiten nau, eta hasierako urteak oso-oso politak izan ziren. Lehen bi urteetan, Joxerra Gartziaren gidaritzapean aritu nintzen, lantalde zoragarriarekin: Nekane Peñagarikano, Beatriz Zabaleta, Joxerra Gartzia eta ni neu ginen taldean. Goizeko magazin bat egiten genuen, eta oso-oso ondo pasatzen genuen. Lankideak baino gehiago, lagunak ginen, eta ikaragarri babesten genuen elkar. Denok sekulako ilusioa genuen, bat eginda geunden, eta euskaran, Euskal Herrian eta irrati publikoan sinesten genuen.
LAB sindikatuko kidea ere bazara, eta EITBn lan borroka dezentetan parte hartu izan duzu. Zer borroka irabazi dituzue urteotan? Eta zeintzuk galdu?
Galdutakoei baino garrantzi handiagoa ematen diet irabazitakoei. Jendeak lan baldintza duinak izan ditzan borrokatu gara, eta, batez ere, lanpostu finkoen alde egin dugu. Euskararen alde ere asko borrokatu gara, eta, horri lotuta, gogorra izan zen 2014ko oposizioen harira bizi izan genuena. Oposizio haietarako euskara lehenetsi genuen guk, baina ez Euskadi Irratirako bakarrik, Radio Euskadirako ere bai. Izan ere, guk sinisten genuen euskaratik egin behar genuela Euskadi Irratia —Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Gaztea horren barruan ulertuta—, herri honetan, euskararik gabe ez goazelako inora. Radio Euskadin bazegoen euskara mailarik ez zuen jendea, eta haiei bi urtean euskarazko beharrezko profila eskuratzeko aukera eman zitzaien. Gogorra izan zen borroka hura: batzuek ez zuten gainditu oposizioa, eta ez zuten gure ikuspegi bera. Batzuek oraindik ez digute barkatu hori.
Euskadi Irratian esatari aritu ziren lehen emakumeetakoa zara, eta kirol arloan emakumeen ikuspegia txertatzeko ahalegina ere egin duzu urteotan.
Bai, baina oso era naturalean. Goizetan egiten genuen magazin hartan ohartu ziren asko gustatzen zitzaidala kirola jarraitzea, eta, pixkanaka, ateak irekitzen hasi zitzaizkidan. Asteburuero txirrindulari lasterketak ikustera joaten nintzen, afizioz, eta, horren harira, txirrindularitza kronikak egiten hasi nintzen irratian. Gero, kiroletan aritzeko aukera eman zidaten, eta hori izugarria izan zen niretzat. Lehen emakumeetakoa izan nintzela? Bai, baina, tira, pentsatzen dut denok garela zerbaitetan aurrenak, eta horri ez diot garrantzi handiegirik ematen. Oso era naturalean bizi izan dut hori, eta gaur egun ere hala bizi dut. Lantaldean ez dut inoiz ezer desberdinik sentitu; oso ondo sentitu izan naiz, integratuta, eta bat gehiago izan naiz beti. Uste dut, une honetan, borroka egin baino gehiago, gure espazioa bilatu behar dugula emakumeok, era natural batean. Erakutsi behar dugu besteek bezalaxe egin ditzakegula gauzak eta denok berdinak garela.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.