2020ko arraun denboraldian gizonezkoen entrenatzailea izango zara. Noiz eta nola jaso zenuen gonbidapena?
Oporretan nengoen familiarekin, Landetan (Frantzia), irailean. Kontxako sailkapenaren ondorengo larunbat horretan izan zen. Deitu egin zidaten. Negutik susmatzen nuen entrenatzaileetan aldaketaren bat egongo zela, baina inola ere ez nuen uste eskaintza hori egingo zidatenik. Zalantzak izan nituen, baina bikotekideak konbentzitu ninduen. Hasieratik esan zidan baiezkoa eman behar nuela.
Niretzat ardura handia zen, eta zalantza nuen lan ona egiteko gai izango nintzen niri asko eman didan elkarte batean.
Kirolari bezala, zein izan da zuretzat denboraldi gogoangarriena?
Asko ditut gogoan. Duela gutxi izan zelako agian, baina 2016an TKE ligara igo ginenekoa gogoratzen dut. Gainontzekoak baino helduagoa nintzen, eta gazteagoekin batera igotzeak izugarri poztu ninduen. Beste era batera bizi izan nuen.
Eskarmentu handiko arraunlaria zara, baina entrenatzaile moduan hauxe izango duzu lehenengo urtea.
Urduri nago. Gauzak garbi ditut, baina ez dakit nire lanak emaitzak emango dituen. Nik arraunean ikasi izan dudana eta gustatu zaidana irakastea gustatuko litzaidake. Arraunlariak gustura egotea nahi dut, hori baita garrantzitsuena.
Luis Mari Olasagasti ‘Luxia’ izan duzu entrenatzaile urte askoan; azken urteetan, berriz, Patxi Frances. Hauengandik zer ikasi duzu, eta zer erakutsiko diezu ondorengoei?
Luxia izan da nire maisua, harekin pasa dut urte gehien. Arraunketa aldetik gertu kokatzen ditut Luxia eta Frances. Lehenbizikoak lan egiten zuen harategian, eta larri heltzen zen, baina errespetu handia genion denok. Hitzik egin gabe ere ulertzen genuen zer jaso nahi zuen guregandik.
Frances arretatsuagoa zen xehetasunekin. Neurri zehatzagoak behar zituen, esaterako. Orain arraunak karbonozkoak dira, neurriak mugitu egiten dira, eta gehiago jartzen zuen arreta kontu horietan. Lagun pila bat egin ditut, baina badago bat aipatu nahi dudana: Jokin Urkidi. Arraunlaria zen, baina maisua ere bai; pertsona bezala eta kirolari bezala.
Zer eskatuko diezu arraunlariei?
Dutena ematea, gogoa jartzea eta lehiakorrak izatea. Nahiago dut indartsua den batek bere dena ematea baino, hain indartsua ez den batek dena ematea. Arraunlariek gogoari eta motibazioari eustea garrantzitsua da niretzat.
Nolako taldea duzu lanerako?
Guztira, 21 arraunlari ditut. Zaharrenak 28 urte edo izango ditu; taldearen urteen batez bestekoa 21 urtekoa da. Talde gaztea da.
Orain arte ikusi dudanarekin gustora nago. Batzuk ezagutzen ditut, nirekin aritutakoak dira. Joseba Aristi eta Daniel Ariztimuño, adibidez. Aurten hasitakorik ez dago, iaz hasi ziren batzuk. Gauza batzuk zuzendu behar izaten dira, baina aldea egiten du horrek, martxa hartuta daudelako.
Bestelako laguntzarik izango duzu taldean?
Prestatzaile fisikoren bat, dietista, laguntzailea… Gaindituzeko Jokin Gijarro izango da prestatzaile fisikoa, eta Helena Albizu arituko da dietista lanetan. Neguan errelebotan egiten dut lan, eta arratsaldez egin behar dudanean, asteko entrenamenduetan Ion Larrañaga izango dut laguntzaile. Nik eskatu nion laguntza.
Zein izango da datorren denboraldiko helburua?
Bigarren txandan aritzea espero dut. Beste elkarte batzuk ari dira fitxaketak egiten: Pedreña, Deustu... batzuk indartu dira, baina gu ez jaistea espero dut. Eskerrak eman nahi nizkioke Naiara Olaizolari, beti alboan izan dudalako. Baita arraunean nire ondoan aritu diren guztiei ere. Jokin Urkidiri ere bai, arraunlari eta lagun ona izateaz gain, balio onak erakusteagatik, eta Luxia-ri, urte hauetan guztietan egin duen lanagatik.
Gainontzeko traineruetan, aldaketarik ez
Eskualdeko gainontzeko traineruetan –Getarian, Zarautzen eta Orion– ez da beste aldaketarik izango entrenatzaileei dagokienez, datorren denboraldian.
Larrañagak denboraldi-aurreko bi estropadak ditu orain jomugan: Hondarribiko uretan izango dute lehenbizikoa otsailaren 8an, eta 22an bigarrengoa, Orion. Oriokoa "serioagoa" izango dela uste du Larrañagak: "Orion beti izaten da estropada serioagoa, eta prestatuago joango dira besteak ere".