Jesus Mari Aranzabal: "Panda Raid-a esperientzia ona izan da, baina gogorra"

Baleike.Eus 2018ko mar. 14a, 17:42

Panda Raid rallya 17. postuan amaitu dute Mikel Zubiak eta Jesus Mari Aranzabalek. Astebetez Marokoko bideetan bizitako esperientzia kontatu digu Aranzabalek.

Mikel Zubia eta Jesus Mari Aranzabal Panda Raideko etapa batean. (Baleike.eus) Rally batean parte hartu duten lehen aldia izan da Jesus Mari Aranzabal eta Mikel Zubiarentzat. "Esperientzia ona, baina gogorra" izan dela aitortu du Aranzabalek. "Eta eskerrak ez dugun arazo handirik izan. Kotxean ez dugu matxurarik izan eta etapak ere istripurik gabe osatu ditugu. Oso ondo atera zaigu dena". Hain ondo, 17. postuan amaitu dutela rallya, 350 parte hartzaileren artean –14 herrialdetakoak, Zeelanda Berrikoak tartean–. "Guretzat dena berria izan da, baina etxeko lanak ondo eginda joan gara. Batik bat, kotxea oso ondo prestatuta eraman dugu, eta hori oso garrantzitsua izan da lasterketan aparteko zailtasunik ez izateko, eta gauez lo egin ahal izateko. Talde asko ikusi genituen arazo handiekin, etapa amaitu eta gau osoa kotxea konpontzen eman behar izaten zutenak,  goizean goiz hurrengo etapan abiatu ahal izateko... Ez ditut imajinatu ere egin nahi horiek pasatakoak". Panda Raida ez da ohiko rally bat. Ez du irabazten azkarrenak, agindutako lana zehatzen egiten duenak baizik. Astebetez, 300 eta 500 kilometro arteko etapak egin dituzte, gehienak lurrezko eta harrizko bideetan, tarteka hondar gainean. Etapak goizeko zazpiak aldera hasi eta bederatzi orduko tartea zuten helmugara iristeko. Ibilbidean zehar, 20-30 kilometroko zati neurtuak izaten zituzten, eta horiek ziren sailkapenerako puntuagarriak: "Tarte horiek agindutako abiaduran egin behar ziren, denbora jakin batean osatu behar ziren. Adibidez, 30 kilometro orduko abiaduran. Zenbat eta segundo gehiago aldendu eskatutako denboratik, orduan eta penalizazio handiagoa". 4.000 punturekin hasi zuten Panda Raida parte-hartzaile guztiek eta Aranzabalek eta Zubiak 3.956,5 punturekin amaitu zuten. "Oso emaitza ona da; egia esan, parte hartzaile askok 500 puntuko penalizazioak jaso zituzten herriguneetan baimendutako abiadura gainditzeagatik. Antolatzaileek beraiek zeuzkaten radarrak jarrita". Erreportaje osoa Baleike.eus-en irakur daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide