Sahararrak eta ikasle talde bat igo ziren oholtzara, bi herriak uztartuz. (Izaskun Urbieta)
Urtarrilaren 30ean Mahatma Gandhiren heriotza eguna gogoratzen da, eta Zumaiako Maria eta Jose ikastetxeak bat egin zuen atzo egun horrekin. "Jasandako intolerantziaren ondorioz erahila izan zen bakezalea. Berak argi esaten zuen: ‘Ez dago bakerako biderik, bakea da bidea’", gogoratu zuen atzo Ibon Ibarguren Maria eta Jose ikastetxeko irakasleak. Ikastetxeak urtero ospatzen du Bakearen Eguna eta herrian egin ohi dute ekitaldia; aurten, ordea, eskolako aretoan egin dute, eguraldi txarragatik.
"Duela urtebete egin genuen ekitaldian, errefuxiatuei ongietorria egingo geniela esan genuen, baina haserre gaude. Europako erakundeei kritika egin nahi diegu, ez baitute esandako hitza bete. Finlandia eta Luxemburgo izan dira hitza bete duten bakarrak", adierazi du Ibargurenek. Espainiaren kasuan, esaterako, errefuxiatuen %13 egin zaie harrera. Beste herrialde batzuetan onartuak ere ez dira izan. "Euskaldunok bere garaian gure azalean bizi izan genuen egoera hori. Errefuxiatuak izan ginen, Zumaian ere kanporatuak izan ziren hainbat emakume eta ume. Beraz, orain lotsa ematen dit guk horren aurrean ezer ez egitea, eta Saharari ere gauza bera gertatzen zaio", azpimarratu du ikastetxeko ordezkariak.
Errekurtsorik gabe
Ikasturte honetan, Mendebaldeko Saharak bizi duen injustizia salatu nahi izan du Maria eta Jose ikastetxeak Bakearen Eguneko ekitaldian. Horretarako, aurreko astean gaia landu eta erakusketa bat ere antolatu zuten. Era horretan bi herri uztartu nahi izan dituzte: Sahara eta Euskal Herria. Aste Santuan gainera, Darahli elkartearekin batera, Zumaiako Herri Eskolako eta Maria eta Jose ikastetxeko hainbat ikasle joango dira hango errealitatea ikustera. "Zergatik ixten ditugu mugak? Gero eta harresi gehiago eraikitzen dira. Saharan ere 2.500 kilometrotako harresi bat dago; lotsaren harresia".
Mendebaldeko Saharako zenbait pertsonak parte hartu zuen Maria eta Jose ikastetxekoen ekitaldian. Zestoan bizi eta Zumaian lan egiten duen saharar batek ere hitza hartu zuen: "Sei urterekin zapaldu nuen lehen aldiz Espainia. Uda pasatzera etorri nintzen bertako familia batengana. Beldurtuta iritsi nintzen, baina egunak pasatu ahala, moldatu nintzen egoera berrira. Etxerako buelta iritsi zenean, triste utzi nuen hau. Izan ere, Saharan gabezia asko ditugu: medikuntza arloan ez ditugu baliabide onak, elikatzeko gauza gutxi dugu". Saharan zuten gabeziagatik familiarekin Euskal Herrira etorri zen bizitzera: "Han kartzelan bezala gaude. Legez ez dira gure lurrak, baina bihotzean gureak sentitzen ditugu. Hemengo gazteei dituzten gauzak baloratzeko esango nieke: hau da, familia, lagunak eta bizitza. Horrez gain, lagun urkoari laguntzeko eta gauzak elkarbanatzeko eskatuko nieke".