Julen Agirre, Donostiako Egia kultur etxean duen erakusketan. (Argazkia: Julen Agirre)
Centroa erakusketa inauguratu berri du Julen Agirre Egibar (Azpeitia, 1984) Zumaiako bizilagunak Donostiako Egia kultur etxean, eta hilaren 16a bitartean zabalik izango da. Agirreren lanak ikusteko asmoz bisitan doanak Centroa proiektuko pieza batzuk aurkituko ditu bertan. Azpeitiarrak aurreratu duenez, berriki ikusgai jarri duen egitasmoa "prozesu artistiko baten parte" da, eta aurretik egindako lanekin du "zerikusia". Era berean, Agirrek gaineratu du "marrazkia oinarri" duten lanak direla, diziplina hori baita bere "praktika artistikoa egituratzen duen jarduera, hein batean". Nolanahi ere, eskulturara gerturatzeko "asmoa" agerikoa da Centroa bilduman.
Hiru lan esparru uztartuta
Centroa proiektuaren ezaugarriez galdetuta, Zumaiako bizilagunak adierazi du hiru lan materialetatik sortutako egitasmoa dela: aurretik landutako Centrale proiektuko azken lanetatik, Etxe arrazionala deituriko lanketatik eta David Lynch zinemagilearen
Lost Highway pelikulan agertzen den etxetik. "Aurrez esan bezala, bilduma honetan erabilitako teknika marrazkia da, baina hortik beste diziplina batzuetara ere gerturatzen naiz: eskulturara, esaterako". Hiru lan esparru horien uztartzetik sortutako ideiatik proiektua garatzeko pare bat urte behar izan ditu Agirrek: "Nire lan egiteko modua prozesuaren logikaren baitan kokatzen da, eta, beraz, proiektu bat noiz hasten den eta noiz amaitzen den ez dut garbi izaten".
Guztira, zazpi lanek osatzen dute erakusketa, eta bilduman ez du "gai zehatz bat" landu Agirrek, nahiz eta piezek "lotura formala" duten beren artean. Artista azpeitiarrak adierazi du sortzerako garaian ez duela "gai jakin batean" pentsatzen. Baina, zerbait nabarmentzekotan, arkitekturaren eta eskulturaren arteko "mugak nahasten diren eremu horretan esperimentatzea" interesatzen zaiola dio.
Arte Ederretan lizentziatu zen Agirre 2007an, eta joan den udan doktore tesia egin zuen. Artearen mundutik bizitzea "erraza ez" dela aitortu du, eta arrebak eta haren bikotekideak Zumaian duten jatetxean aritzen da lanean. Amesten hasita, azpeitiarrak dio norberari benetan gustatzen zaion horretatik bizi ahal izatea "aukera egokia" litzatekeela, eta aurrerantzean ere, orain arte egin bezala, "sortzen duen horretan sinesten jarraitzea" du helburu.
Arte Ederretan lizentziatu zenetik gaur arte, hainbat beka eta laguntza jaso du Agirrek, eta taldeko hainbat erakusketetan ere hartu du parte. "Nire lan aipagarrienak zeintzuk diren esatea besteek egin beharreko lana da, baina batzuk aipatzearren, duela bi urte, AEBetako Reno hiriko unibertsitateko Basque Studies Center-en egonaldi artistiko bat egiteko bi hilabeteko beka jaso nuen. Orain dela lau urte, berriz, Lekeitioko Euskal Zine Bileran animazio lan bat aurkeztu nuen, eta saritua izan nintzen. Urte hartan bertan, Kaliforniako San Diego hiriko Space4art arte galerian erakusketa kolektibo batean ere hartu nuen parte".