Lucia Lakarra: "Nire lehen helburua konpainia atzerrira eramatea izango da"

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko urt. 31a, 10:10

Irailetik aurrera Victor Ullate konpainiako zuzendari artistikoa izango da Lucia Lakarra (Zumaia, 1975). Ilusioz eta gogo biziz dago proiektu berriari ekiteko.

Lucia Lakarra. (Izaskun Urbieta) Duela astebete iragarri zuen Victor Ullatek konpainiako zuzendari artistikoa izendatuko zaituztela. Zer moduz sentitzen zara? Pozez beteta nago, oso motibatuta, gogo askorekin eta ideia berriz beteta. Beti jakin dut egunen batean zuzendaritza bat hartuko nuela. Beti gustatu izan zait antolatzailearen alde hori: plan guztiak egitea, programazioa osatzea... Inoiz ez dut manager edo agente bat izan: nik antolatu dut guztia, eta 20 urte baino gehiago nabil batetik bestera bidaiatzen, galak egiten, konpainia ezberdinekin lanean... Victor Ullate konpainiak aurten 30 urte betetzen ditu. Garai ona al da aldaketa egiteko? Bai, eta hala uste du Ullatek ere. 15 urterekin, profesional bezala lanean hasi nintzenean, nire lehen konpainia izan zen. 18 urterekin utzi nuen, baina beti gorde dut harreman ona taldearekin. Uste dut bizitza honetan bakarrik ez zarela inora iristen. Beti onartu eta eskertu behar da bidean aurkitutako laguntza guztia. Victorrek eman zidan dantzan egiteko behar den oinarria eta eszenatoki batean jartzeko lehen aukera. Bera izan zen nire lehen zuzendaria. Urte askoko ibilbidea egin du, eta uzteko gogoa dauka. Argi esan zidan: «Zuk ez baduzu hartzen konpainia itxi egingo dugu. Zu zara lanpostu honetarako ikusten dugun pertsona bakarra. Konfiantza daukagu eta badakigu harro gauden lan bat egingo duzula. Konpainia  gora eramango duzu». Zaila egin zitzaizun baiezkoa ematea? Egia esan ez. Lehen esan dudan moduan, banekien horrelako zerbait egingo nuela etorkizunean, eta, gainera, momentu ona da niretzat. Lan asko egiten ari naiz, aldi berean, baina, gehiago eta lan ezberdina egiteko prest nago. Dantzari gazteentzako lan egin nahi dut. Lau konpainiatan ibili naiz lanean eta gauzak nola egin behar diren ikusi dut. Noski, ikasi dut zer ez den egin behar ere. Nik jaso eta ikasi dudan guztia bildu eta besteei azaltzeko momentua da. Pasioa, ilusioa, gorputza eta arima jarri ditut nire bizitzan eta nire lanbidean. Orain, hori islatu nahi dut konpainian ere. Victor Ullate ere pozik agertu da zure izendapenarekin. Berak eta inguruko jendeak ere animoak eman dizkidate, eta hori pozgarria da niretzat. Ohartu naiz nire lana errespetuz ikusi dutela. Iritsi naizen lekura egindako lanagatik iritsi naiz. Balletaren munduan nire izena serio hartzen dute, eta horrek motibazioa ematen dit. Zein helburu dituzu? Ideia asko ditut buruan, baina lehenengoa da konpainia atzerrira eramatea. Espainian zehar lan asko egiten dute, baina nire izena eta kontaktuak aprobetxatu nahi ditut atzerrira joateko. Badakigu nola izaten den kontua. Hau da, kanpora joan behar zara etxean zure lana onartzeko. Konpainia hau beti egon da borrokan bere lekua mantentzeko; beraz, orain, kanpora eramango dut. Zehazki zein izango da zure eginkizuna konpainian? Zuzendari artistikoa izango naiz. Horrek ez du koreografo izatearekin zerikusirik. Nire lana programazioa osatzea izango da batik bat. Hau da, errepertorioa finkatu, kontratuak lortu, emanaldiak eta birak antolatu... Horrez gain, irakasleak eta koreografoak izendatzea ere nire zeregina izango da. Konpainia txikietan arlo ezberdin gehiago jorratu behar izaten dira, eta niri hori egitea egokituko zait. Horrez gain, konpainiako dantzaria ere izango naiz. Konpainia atzerrira eramateko nire izena behar dut, eta, beraz, dantza egiten jarraituko dut; gainera, gogoa ere badut horretarako. Konpainia "mentalitatez zabaltzea" ere zure helburuetako bat da. Estilo jakin baten inguruan egin dute lan beti. Hemendik aurrera ere estilo hori mantentzea izango da nire helburua, izan ere, konpainiaren bihotza da. Baina koreografo berriak ekarri nahi ditut, eta estiloen fusio bat egin. Hau da, lehen egiten zituzten gauzak mantendu baina berriak txertatuta. Dantzarientzat ere hori ona izango al da? Abenduan, Bilbon egin zen emanaldi batean, konpainiako dantzariei eman genien nire izendapenaren berri, eta momentu hartan aldaketen garrantziaz hitz egin nien. Gure lanean, lan artistikoan, aldaketak onak dira: zure eginkizunetan eroso gelditzen bazara, beti gauza bera egiten, ez zara inora joaten. Aldaketek birziklatzea eta norbere burua proban jartzea ekartzen dute, eta nire iritziz horrek motibazioa areagotzen du. Irailean hartuko duzu zuzendaritza. Nola emango da aldaketa? Urtero, uda sasoian, konpainiak emanaldiak izaten ditu Madrilen dagoen Teatro del Canalen. Aurtengo udako denboraldia berezia izango da konpainiarentzat, azkena izango baita. Hori dela eta, 30 urteko antologia biltzen duen ikuskizuna aurkeztuko dute bertan. Urte hauetan egin dituzten ballet ikuskizunen zatiak hartuko dituzte, eta konpainiako historia osatuko dute. Hor amaituko da beren lana eta nik hartuko dut erreleboa. Berezia izango da. Era natural batean pasatzen al dira dantzariak zuzendari izatera? Ez pentsa. Zuzendaritza bat hartzea ez da gauza normal bat. Agian, irakasle izatea ohikoagoa da. Askok, dantza egiteaz aparte, ez dakite nola egiten diren gauzak lanbide honetan, nolako antolakuntza dagoen... Beraz, irakasle edo koreografo moduan jarraitzen dute beren ibilbidea, ez zuzendari moduan. Dantzan jarraituko duzu. Ez duzu uztea pentsatu? Ez dut horretan pentsatu. Oraindik lanerako indarra daukat: maila badut, gustura nabil, eta nirekin lana egiteko gogoa dute konpainiek. Gustura ez nagoela ikusitakoan utziko dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide