Javier de Andres: "Hondartzarako irisgarritasuna eta ingurumenaren zaintza hobetu nahi ditugu"

Baleike.Eus 2017ko aza. 25a, 16:03

Datorren urtean exekutatuko dituzte Santiago hondartzako lanak, eta gunea ikusten izan ziren atzo goizean Javier de Andres Espainiako Gobernuko EAEko ordezkaria, Oier Korta Zumaiako alkatea eta Nika Lertxundi Getariako alkatea. "Pozik" agertu ziren sei hilabetetan egingo diren lanek ekarriko dituzten onurekin.

Atzo elkartu ziren ordezkariak Santiago hondartzan. (Baleike.eus) Zumaiako Santiago hondartzan egingo dituzten obraren ezaugarriak eta nondik norakoak ezagutzera joan ziren atzo Zumaiara Javier de Andres Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria, Oier Korta Zumaiako alkatea eta Nika Lertxundi Getariako alkatea. Beraiekin izan ziren Jose Luis Herrador Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkari ordea, Teresa Ruiz Gipuzkoako Kostako ordezkaritzako ingeniaria eta proiektuaren zuzendaria izango den Cristina Maillo. Proiektua lizitazio egoeran aurkitzen da momentu honetan, eta abenduaren 21etik aurrera ekingo diote aurkeztu diren proposamenak aztertzeari. Hala ere, martxora arte ez da jakingo zein enpresak zuzenduko duen obra. Guztira, 1.700.410, 14 euroko aurrekontua izango du, eta proposamen irabazlea enkante bidez aukeratuko da. De Andresen iritziz, "proiektu potoloa" da, eta aurrekontuaren diru kantitateari bakarrik begiratuz ikusten da obraren handitasuna. "Hondartzarako irisgarritasuna eta ingurumenaren zaintza hobetu nahi ditugu". Egingo dituzten lanen artean da aparkalekuaren pareko hondartzako sarbide txikitik tunelera bitarteko eremuan pasabide bat egokitzea. Pasabide hori metalezkoa izango da eta bi metroko zabalera izango du. Horrez gain, tunelaren ondoko begiratokia egokituko dute eta handik hondartzarako sarbidea errazteko harrizko eskailerak eraikiko dituzte. Obraren egikaritza datorren urteko martxoa aldean hastea aurreikusten dute. "Udan egin behar den proiektua da, eta neguan eta denboraleen garaian, aurkeztutako proposamenak aztertuko ditugu". Lanek sei hilabeteko iraupena izango dute, eta nahiz eta uda bete-betean harrapatu, aisialdiarekin bateragarriak izango direla azaldu dute. "Obrak hainbat fase izango du, eta hondartzaren erabilpena bermatuta izango da", azpimarratu du De Andresek. Alkateak "pozik" Oier Korta eta Nika Lertxundi, Zumaiako eta Getariako alkateak hurrenez hurren, "pozik agertu ziren obraren exekuzioarekin, eta guztien arteko elkarlana nabarmendu zuten. "Guretzat egun garrantzitsua da gaurkoa. Zumaiarrentzat oso obra garrantzitsua izango da Santiagokoa, eta gustura gaude. Hondartzaren berreskurapena inportantea da; bai ingurumen aldetik eta baita erabilpen aldetik ere. Hobekuntzak guztiontzako izango dira", esan zuen Kortak. Lertxundik segurtasunean jarri zuen arreta. "Hondartzaz gain, bertan daukagu Done Jakue bidea, eta askotan, erromesak eta hondartzara etortzen diren herritarrak elkartu egiten dira. Horiei guztiei segurtasuna eta erraztasunak ahalbidetzea ere garrantzitsua da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide