Ane Castro: "Irma urakana dela eta tentsioan gaude une oro, mezurik iristen zaigun edo ez begiratzen"

Urola Kostako Hitza 2017ko ira. 8a, 18:29

Ane Castro. Noiztik eta nolatan zaude Floridan? Abuztuaren 8an etorri nintzen Floridara, duela hilabete, zehazki. Linguistikako master bat egiten ari naiz, Floridako hiriburuan. Unibertsitatean bertan irakasle naiz eta gaztelerako klaseak ematen ditut bertako ikasleentzako. Iragarpenen arabera, urakanak balizko hiru norabide ditu, eta haietako bat zuenetik pasatuko litzateke. Zer babes neurri hartzeko esan dizuete? Bai, hala da. Oraindik ez dakigu hemendik igaroko den edo ez, baina badaezpada babes neurriak hartzeko esan digute. Esaterako, oso garrantzitsua dela telebista edo irratia jarraitzea, hau da, informatuta mantentzea beti. Izan ere, iragarpenak aldatzen ari dira une oro. Horrez gain, urakana igaro aurretik hartu beharreko neurrien berri eman digute. Alde batetik, balkoietatik guzti-guztia kentzeko esan digute. Bestetik, Irma igarotzean argirik eta urik gabe gelditu garenez, ur botilak erostea oso garrantzitsua dela azpimarratu dute, baita janaria erostea ere. Gainera, elikagai edo janari horiek hozkailurik behar ez duten jakiak behar dute izan, ez baitugu argindarrik izango. Hala, ontziratutako barazkiak, frutak... eta halakoak erosi behar dira. Horrez gain, autoak gasolinaz beteta egon behar direla esan digute eta dirua esku-dirutan izatea komeni dela azaldu dute. Argiari dagokionez, kandelen ordez linternak erosteko deia egin dute, kandelekin suteak gerta daitezkeelako. Dokumentu garrantzitsu guztiak plastikozko karpeta batean gordeta izatea ere gomendatzen dute. Zer da gehien harritu zaituena?  Irmaren berri izan eta hurrengo egunean joan ginen supermerkatura. Ordurako apal gehienak hutsak zeudela ikusteak asko harritu gintuen. Izan ere, egun baten buruan bertaratzen zirenek ez zuten apenas jakirik aurkituko. Guk jatekoa erostea lortu genuen, baina urik ez genuen inguratu. Beraz, beste dendaren batera joatekoak gara, eta bestela, botila hutsak erosi eta etxeko urarekin betetzea pentsatu dugu, ondoren gordetzeko. Supermerkatuetako apalak ia hutsik zeuden bigarren egunerako. (Ane Castro) Urakana pasatuko balitz, une horretan zer protokolo jarraitzeko agindu dizuete? Urakanak bost kategorietan daude banatuta, batetik bostera arteko eskalan, eta bosgarrena da gogorrena. Irma delakoa lau eta bost kategorien artean dabil. Erregistroak daudenetik Atlantikoan egon den urakanik indartsuena dela esan dute. Gu zorionez ez gara kostan bizi eta urakana hona iristerako kilometro batzuk lurretik eginda iritsiko da, eta bide horretan indarra galtzen joango dela esaten dute. Beraz, Irma gu bizi garen lekura iritsiko balitz, eta, bat, bi edo hiru kategorietan balego, etxean gelditzeko baimena izango genuke, eta bertan gelditu beharko ginateke abisu orokorra jaso arte, urik eta argindarrik gabe, noski. Baina urakanaren kategoria laugarrenaren eta bosgarrenaren artean badago, ebakuatu egingo gaituzte, eta beste nonbaitera eraman. Hori gertatzea posible denez, beharrezko gauza guztiak prest ditugu poltsa batean: dokumentazioa, arropa, janaria... edozein momentutan deitu ahal digute, etxea utzi behar dugula esateko. Behin urakana igarota, hiria suntsituta geldituko da, eta aurreneko egunetan pazientzia beharko dugula esan digute. Izan ere, ez da argirik eta urik egongo, eta jendeak ez du lanera zein ikastera joaterik izango. Floridan, eta horko biztanleen artean, zer nolako egoera nabari da?  Kezka da nagusi, eta jendearen artean ez dago Irma ez den beste gairik. Nabari da jendea urduri dagoela. Etxekoekin hitz egin al duzu? Bai, hitz egin dut etxekoekin, lagunekin... Batzuk bazekiten zein zen egoera, baina beste batzuk ez. Saiatu nintzen ahalik eta tonu lasaiena erabiltzen urakanarena kontatzeko orduan, etxekoak ahalik eta gehien lasaitzen saiatu nintzen. Hemen, Florida hegoaldean, jendea ohituta dago halakoetara [urakanetara], baina Euskal Herrian ia inork ez daki zer den hau, eta asko kezkatzen dira. Halako egoera baten aurrean egon aurretik ez gara jabetzen zer nolako segurtasuna sentitzen dugun etxean. Izan ere, etxean izatean inguruko jendea, familia, lagunak... hor izaten dira beti, aldamenean, eta beste modu batera ikusten dira gauzak; ez da berdina etxean egotea edo putzuaren beste aldean bizitzea. Hemen ere baditut lagunak, ondo gaude, baina Irma urakana dela eta tentsioan gaude une oro, ea telefonoan mezurik jaso dugun begiratzen, etxetik irteteko edo etxean sartzeko agindua emango ote diguten begiratzen... Klaseak bertan behera gelditu al dira? Hasiera batean unibertsitateak ez etetea erabaki bazuen ere, atzo jakinarazi ziguten gaurko eta asteleheneko klaseak bertan behera gelditu direla, Gobernadoreak agindua eman baitu. Horregatik, nahiz eta unibertsitateak nahi ez izan, Gobernadoreak Florida guztian klaseak bertan behera uzteko agindu du, eta hari ezin diote kontrakorik esan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide