Aurtengo txapelketako irabazleek, finalistek eta pilotari ohi omenduek argazkia atera zuten Aitzuri pilotalekuan finalak amaituta. (Arritxu Salegui)
Aurtengo Dinastia Etxabe pilota txapelketak amaiera borobila izan du, pilotazaleek gogotik gozatzeko aukera izan baitzuten bi finaletako emozioarekin eta tanto sorta ederrarekin.
23 urtez azpikoen finalean, Egigurenek eta Bikuñak hortzak erakutsi zituzten lehen tantoetan. Hasiera bizia eman nahi izan zioten partidari, Bikuña pilota asko kastigatzen eta Egiguren tantoaren bila ziztu bizian joanez. Baina Zubizarretak eta Egigurenek defentsa ikaragarria erakutsi zuten lehen txanpan, eta tantoa egitea ikaragarri kostatu zitzaien bi bikoteei. Hala iritsi ziren bosna berdintzera. Handik aurrera gorriak nahi baino huts gehiago egiten hasi ziren eta ohartzerako zuloa egin zuten markagailuan Zubizarretak eta Iruritak: 6-11, 7-15 eta 11-19.
Partida oso maldan gora jarri zitzaien Egigureni eta Bikuñari. 12. tantoa egin zuten, baina sakearekin asmatu ez eta 12-21era joan zitzaien aldea. Hamahirugarrena egin zuten, ordea. Beste pilota bat atera eta sakean ordura arte ez bezala asmatu zuen Egigurenek. Sei tanto egin zituzten erreskadan, 18-21ekora iristeraino. Zubizarretak eta Iruritak tanto bakarra behar zuten txapela janzteko, baina Egigurenen joko biziberrituari aurre egin ezinik ikusi zuten beren burua. Baina iritsi zen azkenean falta zitzaien tantoa, eta 18-22koarekin Zubizarreta eta Irurita bikote sendoak jantzi zuen 23 urtez azpikoen txapela.
Iraitz Zubizarretak joko bikaina erakutsi zuen beste behin. Hiru pilota baino ez zituen galdu eta zortzi tanto egin zituen ezker airez. Atzelariari konfiantza handia ematen dion pilotaria da ataundarra, eta aurten tantoa egiteko orduan txinparta gehiagorekin aritu da. Bere aldetik, Josu Irurita atarrabiarrak ere final ona egin zuen, erabat konforme amaitu ez zuen arren, partidaren bukaeran Egigurenen sakeari erantzuteko gai ez zelako izan. Bikotekideari lasaitasuna eta konfiantza handia ematen dion atzelaria da, ezkerrez bezala eskubiz, pilota zailak ekarriz.
Ioritz Egigurenek, berriz, ez zuen egunik onena izan finalean. Alde batetik, aurrekoadroetan Zubizarretari tantoa sartu nahian pilota bat baino gehiago alferrik galdu zuelako; eta bestetik, sakeaz ez zelako baliatu azken ordura arte. Eta Iñigo Bikuñari dagokionez, hasiera harrigarria egin zuen kantxan aurrera eta atzera, eta nekea ordaindu zuen partidak aurrera egin ahala. Hala ere, lan ona egin zuen eta txapelketako ezustekoetako bat izan dela esan daiteke.
Egiguren-Oliden garaile
23 urtez azpikoen finalaren aurretik jokatu zen gazte mailakoa, Egiguren-Oliden eta Agirremalloa-Etxeberria bikoteen artean. Partida hasiera orekatu samarra izan zen arren, 4-10 aurreratu ziren Agirremalloa eta Etxeberria, atzean sendo eta aurrean tantoak erraz eginez. Baina Egigurenek eta Olidenek pilota aldatzeko aukera izan zuten bosgarren tantoari esker, eta handik aurrera Oliden konfiantza gehiagorekin hasi zen jokatzen eta Etxeberria berriz ordura arte bezain eroso ez. 11nako berdinketara iritsi ziren. Horrela, elkarrengandik ihes egin ezinik, 19.era ere berdinduta iritsi ziren bi bikoteak. Edonork irabaz zezakeen baina, Etxeberriak ezker izterrean jasandako zaintiratua ere tarteko, Egiguren eta Oliden iritsi ziren 22.era, txapelketako bikoterik sendoenaren sentsazioa emanez.
Julen Egigurenek behetik gora egin zuen finalean. Partidak ihes egin baino lehen pilota egokiarekin asmatu zuen azpeitiarrak. Aratz Olideni lan asko egitea egokitu zitzaion eta bai ongi egin ere. Agirremalloak berriz, hasiera bikaina eman zion partidari baina ezin mailari eutsi. Eta Ekain Etxeberriak partida handia jokatu zuen, galtzea merezi ez den horietakoa.
Itzurungo Pilota Txapelketa, Gorostola eta Mendizabalantzat
Itzurungoko XII. pilota txapelketako finalak jokatu ziren joan den ostegunean, Larretxo auzoko pilotaleku txikian. Jokin Gorostolak eta Gaizka Mendizabalek irabazi zuten finala 22-10, Joseba Martijaren eta Ander Odriozolaren aurka.
Martija eta Odriozola 3-1 aurreratu ziren arren, hiruna eta launa berdindu ondoren, erabat nagusitu ziren Gorostola eta Mendizabal handik aurrera. Martija gozatu ezinik aritu zen aurreko koadroetan eta pilota erraz samar galtzen hasi zen. Lekuz aldatu eta Ander Odriozolaren joko erasokorrarekin partidak bizitasunean irabazi zuen pixka bat, baina ez zen nahikoa izan partida orekatzeko. Jokin Gorostolak pilotari bizi eman eta jokoa nahastuz, eta Gaizka Mendizabalek pilota zailak ekarriz eta oso seguru jokatuz, bikote gogorregia izan zen finalean Martijarentzat eta Odriozolarentzat.
Aurreko partidan, Aitzol Olidenek eta Unai Antiak 22-5 irabazi zuten Imanol Oiartzabal eta Ibon Eizagirreren aurka, hirugarren posturako lehian. Alde handia izan zen bi bikoteen artean eta merezita lortu dute hirugarren postua Olidenek eta Antiak.