Sortuko kideak: "Denok gara ezinbestekoak parte-hartze prozesu honetan"

Julene Frantzesena 2016ko aza. 16a, 10:44

Haritz Alberdi (Getaria, 1977) eta Nekane Zinkunegi (Errezil, 1990) Sorturen birfundazio prozesuan murgilduta dabiltza. Herritarren parte-hartzearen garrantziaz ohartarazi dute.

(Julene Frantzesena) Abian eztabaida prozesua bukatuta, birfundatzeko aroan sartuta da Sortu. Zohardia txostena aurkeztu dute, eta hori izango dute herritarrek eztabaidagai urtarrilaren 21ean Sortuk egingo duen kongresura bitartean. Zer dela-eta birfundazioa? Haritz Alberdi: Inportantea izan zen 2010ean Zutik Euskal Herria onartzea. Ikaragarrizko iraultza izan zen, ezker abertzaleak estrategia aldatu zuelako. Estrategia hori oinarri hartuta, egungo testuingurura berregokitzeko, Abian ezker abertzalearen ariketa kolektiboa egin zen joan den ikasturtean. Jendeak asko eman zuen, eta ondorioak dira gaur ezagutzen ditugunak. Orain ariketa da ezker abertzalea berrasmatzea. Sortuk egingo du ariketa, eta gero Ernaik eta LABek. Abianek ezker abertzalea eraldatzea proposatzen zuen, eta Sortuk hartu du lekukoa, hura delako ezker abertzalearen erreferentzia politikoa. Datorren fasean lortu behar da prozesu independentistaren olatua eraikitzea, eta herritarren gehiengoa independentziaren aldeko bihurtzea. Nekane Zinkunegi: Sortuk hartu du zehaztasun horiek lantzeko ardura, eta birfundazioak erantzuten die irudikatzen dugun zerumugarako behar ditugun estrategiari eta tresnei; hau da, ezker independentistak nolako tresna izan behar duen erantzutera dator. Independentzia historikoki dagozkigun eskubideei eta kulturari lotu izan zaio, eta orain beharrezkoa ikusten da ongizatea ere burujabetzarekin lotzea. Independentzia zentzu pragmatikoan landu da. Estrategiak aglutinatzailea izan behar du, gehiengoa artikulatu behar du, eta gehiengoa artikulatzeari esker egingo dira urratsak. Zer jasotzen du Zohardia ponentziak? H.A.: Historikoki ezker abertzaleak eztabaida guztietan jasotzen duena: oinarri ideologikoak, ildo politikoa eta antolakuntza eredua. Oinarri ideologikoak dira Euskal Herri independentista, sozialista, feminista eta euskalduna. Berritzailea dena da ez dela ez mugimendu eta ez alderdi soila proposatzen, bietatik jasoko duen alderdi-mugimendu bat baizik. Horrez gain, antolakuntza eredua berria proposatzen da: gardena, horizontala, parte-hartzailea eta irekia. N.Z.: Tokian tokiko errealitateari aurre egiteko antolaketa ereduaren alde egiten da. Marko nazionala, zuzendaritza taldea, erabakigune estrategikoak... egongo dira, baina herrietako egituren mesedetan lan egingo dute. Gainera, eguneroko dinamikari erantzuteaz gain, epe luzera begirako eta arnas luzeko planteamenduak egiteko ildoak egon behar dutela ere jasota dago txostenean. Berritzailea da horregatik guztiagatik. Irudikatu nahi dugun herri eredua definitzerakoan jartzen ditugun adjektibo horiek denak barne hartzen dituen antolakunde bat sortzera goazela dio: parte-hartzailea, demokratikoa, gardena... H.A.: Historikoki beti egin du ezker abertzaleak errealitatearen irakurketa ahalik eta objektiboena, eta hortik abiatutakoak dira planteamenduak. Zer helburu proposatzen dizkio fase honi? N.Z.: Hiru dira helburuak: krisialdi estrukturalari, ekonomikoari eta lan baldintzen prekarietateari buelta ematea, eta ongizate soziala eta bizi baldintza duinak bermatuta izango diren euskal eredua eraikitzea; aurreko fasea ixtea gatazkaren ondorioei konponbide integrala emanez; eta euskal sozialismoaren bidean pausoak ematea. Euskal sozialismoa hitz handi, potolo eta polita da, baina fase honi dagokio hori edukiz janztea. H.A.: Zohardiak 2026rako euskal errepublikaren prozesu eratzailean urrats erabakigarriak egitea proposatzen du. EH Bilduri erreferentzia egiten zaio ponentzian. N.Z.: Aipatzen da, baina asko sakondu gabe; izan ere, EH Bildu osatzen duten alderdi eta kidego guztiei dagokie koalizioaren etorkizunaz hausnartzea eta erabakitzea. Ezker abertzaleak EH Bilduren aldeko apustu garbia egiten du, paper garrantzitsua duelako prozesu independentistan. Zer aukera dute herritarrek prozesuan parte hartzeko? N.Z.: Prozesuak bere egutegia dauka, eta hori jarraituko dugu Urola Kostan ere. Azaroaren 26ra arte Zohardiaren edukiak ulertzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko aukera izango da. Hainbat aukera jarri dira horretarako: Interneten akreditatu daiteke, www.partehartu.sortu.eus-en;  herriz herri akreditatzen lagunduko duten arduradunak jarri dira; eta bozka delegatuaren aukera ere eman da preso daudenek ere eztabaidan parte har dezaten. Hilaren 26a igarota jakinaraziko da ponentzia eta horri lotuta aurkeztu den taldea onartzen diren edo ez. Gero, ponentziari emendakin zehatzak egiteko aukera izango da, eta baita zuzendaritza nazionala osatzeko falta diren kideak proposatzekoa ere. Urtarrilaren 9aren eta 21aren artean, emendakinak erabaki eta proposatutako hautagaiak aukeratuko dira. Urtarrilaren 21eko kongresuarekin bukatuko da lehen fasea. Gero beste aro bat hasiko da, 2017ko irailean egingo den konferentzia politikora artekoa. H.A.: Adimen kolektiboa probestu nahi da. Parte-hartze eredu jakin batzuekin jende batengana iritsi gara, baina ez oinarri sozial zabalarengana. Horregatik, bitarteko berriak jarri ditugu. Denok gara ezinbestekoak parte-hartze prozesu honetan, eta behar-beharrezkoa da gutxieneko iritzia ere. Garrantzitsua izango da herrietan egingo diren eztabaidaguneetan parte hartzea, norberaren iritzia partekatzeko eta janzteko.
Urola Kostako egutegia PONENTZIA AURKEZPENAK Zarautz. Bihar, 18:30ean, Gaztelekuan, Arkaitz Rodriguezekin. Azpeitia. Etzi, 19:00etan, Sindikatu Zaharrean, Jone Etxeberria eta Nuria Alzugarairekin. Zumaia. Azaroak 22, 19:00etan, Inpernupen, Jone Etxeberria eta Itsasne Fernandezekin. Azkoitia. Azaroak 23, 19:00etan, Elkargunean, Arkaitz Rodriguezekin. ZUZENEKO EMANALDIAK Larunbatean ponentziaren aurkezpen nazionala emango dute. Azkoitia. 10:30ean, Zakelan. Azpeitia. 10:30ean, Orkatzen. Zestoa. 10:30ean, Kultur Etxean. Errezil. 10:00etan, Erniopen. Getaria. 10:00etan, Alhondigan. Zarautz. 09:45ean, Arranon. EZTABAIDA-GUNEAK Azpeitia. Azaroak 23, 19:30ean, Baigeran. Errezil. Azaroak 23, 19:00etan, Borondegin. Zarautz. Azaroak 24, 19:00etan, Arranon. Azkoitia. Azaroak 26, 11:00etan, Elkargunean. Zestoa. Azaroak 26, 10:30ean, Kultur Etxean. Zumaia. Azaroak 26, 10:00etan, Alondegian. Getaria. Azaroak 26, 10:00etan, Alhondigan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide