Gorka Otxoa: "Izenburua guztiz ulertzeko antzezlana ikusi behar da"

Aritz Mutiozabal 2013ko urr. 3a, 04:00

(Argazkia: Gaupasa) Bikote arteko endredu dibertigarrian murgilduko da Gorka Otxoa (Donostia, 1979) aktorea, Para lo que hay que vivir... mejor no morirse nunca antzezlanean. Kartelean Carla Hidalgorekin batera iragarri badute ere, aktore madrildarra ez da oholtza gainera igoko, haurdun dagoelako. Haren ordez, Vito Rogado oreretarra izango du lagun Otxoak. Emanaldia bihar gauean eskainiko dute, Aita Mari aretoan, 22:00etan hasita. Para lo que hay que vivir... mejor no morirse nunca. Izenburu kontrajarria da, baina nahiko esanguratsua. Bai, izenburua guztiz ulertzeko antzezlana ikusi behar da. Nire pertsonaiaz hitz egiten du batez ere, eta ikusi ondoren ulertzen da behinik behin. Antzezten dudan pertsonaiak sekulako aurpegia du. Lotsagabe huts bat da. Beti kexaka dabilen arren, primeran bizi da, eta horrelaxe jarraitu nahi du aurrerantzean ere. Hasieran, ordea, koitadu bat dirudi. Langabezian dago, eta lan bila aterako da, baina... Itxura hori emango du hasieran, bai. Oso gaizki pasatzen ariko da lanik ez duelako topatzen, eta bueltaka dabil enpresaz enpresa, baita curriculumak bidaltzen ere. Hala ere, ikusleak berehala konturatuko dira hori guztia ez dela benetan egia. Gezur handi bat ezkutatzen du, eta gezur horren atzean hirugarren pertsona bat dago. Bere emazteak jakin bezain pronto murgilduko gara antzezlanaren mamian. Gizajotik oso gutxi du senarrak. Bere burua hiltzen saiatuko da, ordea. Egunero lanera atera ordez, pertsona berarekin adarrak jarriko dizkio emazteari. Horrela hasiko da bikote arteko tirabira. Emazteak denetarik egingo du senarrarengandik banantzeko: etxetik botako du, poliziari deituko diola mehatxu egingo dio... Horri aurre egiteko estrategia ugari erabiliko ditu nire pertsonaiak, eta horietako bat bere burua hiltzeko ahaleginak izango dira. Amodioaz, adarrez, sentsibilitateaz eta gai unibertsal horiez hitz egiten du lanak. Bikote batentzat gai gogorrak eta dramatikoak badira ere,  hasieratik irauli egiten dugu, eta komedia ikuspegitik tratatzen dugu. Barre egiteko helburuarekin, hain zuzen ere. Gaur egungo egoeraz edo bizitzaz barre egiteko aitzakia da. Jende asko identifikatua sentitu dela esan digu, bere burua islatuta ikusi duela bikote arteko tirabira horretan. Zure pertsonaiak aurpegi galanta du. Emaztea guztiz kontrakoa al da, ala ba­du alde iluna? Emazteak erreakzio moduan zerbait egingo du, baina, oro har, santa bat da. Egunero-egunero janaria prestatzen du, etxea txukuntzen du, lanera doa, alokairua berak ordaintzen du... Senarra, aitzitik, guztiz kontrakoa da: ez du lanik egiten, maitalea du, eta berdin dio gainerako guztiak. Gainera, errealitateaz ohartu arte, animoak ematen dizkio emazteak. Pedro Osinaga, Alfredo Landa edo Arturo Fernandez bezalakoen tankerako antzezlana dirudi. Zerikusirik badu haien antzerki-estiloarekin? Printzipioz, ez. Bikote endredu­ak, adarrak eta halakoak asko egiten dituzte, baina gure ikuspegia eta tonua oso bestelakoak dira. Alde horretatik, ez zait iruditzen zerikusi askorik duenik haien estiloarekin. Duela urtebete estreinatu zenuten antzezlana. Zer moduz funtzionatzen ari da? Oso ongi. Euskal  Herritik kanpo hainbat antzoki bisitatu ditugu: Salamancan, Valladoliden eta Mostolesen, batzuk aipatze aldera. Baina berezki Euskal Herrian funtzionatzen ari da ondoen, eta emankizun gehienak bertan egitean ari gara. Zorionekoa naiz, gainera. Aitzakia horrekin etxera itzultzeko aukera izaten dut. Beste antzerki batekin ere bazabiltza, Los miercoles no existe izenekoarekin, eta sekulako arrakasta izaten ari da. Arrakasta itzela izaten ari gara, bai. Duela bi aste Donostian izan ginen, eta eskainitako bost saioak bete genituen. Madrilen, berriz, Lara antzokian gaude, eta primeran funtzionatzen ari da. Gure artean, aktoreon artean, sortutako antzezlana da, ekoizpen etxeen esku hartzerik gabe, eta etxeetan entseiatzen ari gara. Gure haurtxoa da, eta gustatzen ari dela jakiteak ilusio handia egiten digu. Bi antzezlan dituzu eta Vive cantando telesailean ere bazabiltza. Lanari dagokionez, une gozoak bizitzen ari al zara? Zorionez, ezin naiz batere kexatu. Asko baloratzen dut lana izatea gaur egun, eta are gehiago gehien gustatzen zaidan honetan izatea. Antzerkia eta telebista bateratzen ditut, eta zinemarako proiekturen bat edo beste badut zehazteke. Egia esan, zorteko sentitzen naiz, eta gozatzen ari naiz. Vive cantando telesailak, esaterako, ia musikal baten antza du. Alde horretatik, berritzailea dirudi. Ez da telesail musikatua. Istorioko epizentroa karaoke bat da, eta atal bakoitzean abesti bat dago, gehienez ere bi. Intentsitate dramatikoaren arabera, pertsonaiaren bat eszenatokira igotzen da abestera. Ez gara bat-batean abesten hasten musikal batean bezala, baizik eta karaoke batean bezala, noizean behin norbaitek kantatu egiten du. Telesailak ikuspegi positiboa helarazi nahi du, eta musikak asko laguntzen du horretan. Berritzailea ez dut uste denik, baina, agian, lehengo garaietan oinarritutako telesailen bolada horretatik ihes egiten du, egungo zerbait eskaintzeko. Zu ere abesten agertzen zara. Zer moduzko erronka izan da? Oso gutxitan abestu dut; hamar ataletatik bitan, zehatz-mehatz. Aurretik ez nuen abestu aktore gisa, eta, egia esan, ez naiz oso abeslari ona. Edonola ere, karaoke bat denez, ez dugu zertan ongi abestu. Karaoke batean denetarik dago, baina batez ere ahalik eta ondoen abeste saiatzen den jende normala. Beraz, exijentzia maila ere ez da horren zorrotza. Gainera, dibertigarriagoa da horrela. Bestalde, ETBrako telesail pilotu batean zaude Borja Cobeagaren gidarutzapean. Zeri buruzkoa izango da? Irekian emitituko duten telesaila izango da, eta izaten duen harreraren arabera aterako litzateke aurrera. Ongi funtzionatuko balu eta diru pixka bat bideratzen bada horretara, alegia. Oso telesail berezia da, eta baldintza jakin batzuk iznago ditu. Pagafantas filmarekin zerikusirik izango al du? Borja Cobeagaren estiloa eta ikurra hor dago, baita berekin batera gidoiak idazten dituen Diego San Joserena ere. Badute bere ukitua, baina traman ez du zerikusirik Pagafantas-ekin, ezta Vaya semanita-rekin ere. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako kontseilari baten ingurukoa da. Dagoeneko nazkatuta egongo zara goitizen horretaz, ezta? Egia esan, ez. Nire lehen filma izan zen protagonista nagusi modura, eta ohore bat da. Jendeak egunero gogorarazten dit, eta oihartzun hori pertsonaia gutxik lortzen dute zinema munduan. Aurrekoan filma 25 aldiz ikusi duen batekin egon nintzen, eta nik baino hobeto zekizkien istorioko esaldiak. Hori ez da erraz lortzen, eta ilusioa egiten dit.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide