Buruko gaixotasunak dituzten familiei eta zaintzaileei dago zuzendua hitzaldia.
Agifes Gaixo Psikikoen eta Familiartekoen Gipuzkoako Elkarteak hitzaldi bat antolatu du gaurko. Zumaiako Alondegian izango da saioa, 19:00etan. Buruko gaixotasunak dituzten pertsonen errekuperazio prozesuan familiaren papera aztertuko da bertan.
Agifeseko psikologo Yolanda Iglesiasek senideen arteko harremanak sendotzeko aholkuak emango ditu saioan, eta krisi egoerak identifikatu eta horiei irtenbidea emateko moduak azalduko ditu. Horretaz gain, buruko gaixotasunak dituzten pertsonez arduratzen diren familiartekoek «beren burua zaintzeko beharra» dutela nabarmenduko du Iglesiasek, ez dezaten beren buru osasuna kaltetu.
Elkarteko kideen iritziz, garrantzitsua da gaixoaren senideek eta bere ingurukoek diagnosia «unean-unekoa dela eta hobe daitekela» argi izatea. «Asko eta asko ez dira atzera bueltarik gabeko egoerak. Gainditu edota hobetu daitezke, tratamenduen bidez», azaldu dute.
Buruko gaixotasunak dituzten kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko sortu zen Agifes elkartea 1985ean, eta pertsona horien beharrei erantzuna emateko asmoz. Egun mila bazkide inguru ditu. Horretaz gain, buruko gaixotasunen inguruko informazioa eta ezagutza zabaltzeko ere lanean ari dira da elkartea.
Yolanda Iglesias, Agifes elkarteko psikologoa
"Gaixoa ez da eskizofrenikoa, eskizofrenia du"
Buruko gaixotasunak dituzten familiakoen elkarteko psikologoa da Yolanda Iglesias (Donostia, 1969), eta gaur iluntzean hitzaldia emango du Alonegian.
Buruko gaixotasunez hitz egiten dugunean, zein gaixotasunez ari gara?
Hitzaldia buruko gaixotasunak dituzten pertsonen familiako kideei edota pertsona horiek zaintzen dituztenei dago zuzenduta. Buruko gaixotasunez hitz egiten dugunean depresio larriez, nortasun desorekez, edo desoreka bipolar larriez dihardugu, besteak beste. Gaixotasun horiek zenbaitetan zuzenean eragiten diote gaixoaren inguruari, eta familiaren egunerokoa guztiz aldatzera iritsi daitezke.
Buruko gaixotasunak dituztenen familiakoek edo zaintzaileek presio handia jasaten al dute?
Gaixotasun jakin baten aurrean pertsona bakoitzak modu jakin batean erantzuten du, eta familiaren sufrimendua horrekin zuzenki erlazionatuta dago. Badaude familiak errealitatea onatu nahi ez dutenak; beste batzuk, lotsagatik, hasiera batean gaixo dagoen pertsona gutxiesten dute; eta badira gaixoa gehiegi babesten dutenak ere.
Zer egin behar du buruko gaixotasuna duen pertsona baten familiak?
Nire iritziz garrantzitsuena gaixoari azterketa sakona egin, eta diagnosi ona egitea da. Ondoren familiak gaixotasun horren inguruan informatu behar du. Ez da pentsatu behar pertsona hori eskizofrenikoa denik, pertsona horrek eskizofrenia duela baizik; gaixoa diagnosiaren gainetik ikusten ikasi behar dute. Horretaz gain, garantzitsua da zaintzaileak ingurukoen laguntza izatea, sufrimendua eta emozioak gaixoa ez den beste norbaitekin konpartitzeko. Elkarteetan ere behar duten laguntza aurki dezakete familiakoek, euren egoera berean dagoen jendea ezagutuko baitute.