«Bideak hunkitu egiten nau, betidanik. Oso zaila da hitzez azaltzea, baina oso harreman berezia dut bidearekin. Nire bigarren etxea da bidea, eta beti dut gogoa etxera itzultzeko, bidera», dio Juan Ramon Llavorik Donejakue Bideaz. Eta orain arte erakusketa eskaini dio, Peregrinatio, argiaren bidetik. Alondegiko Oxford aretoan dago ikusgai, ekainaren 12ra arte, astelehenetik larunbtaera 18:00etatik 20:00etara, eta igandetan baita 12:00etatik 14:00etara ere.
Hamabi aldiz. Aurten azkenekoz. Oporraldiaren arabera, leku batetik edo bestetik abiatzen naiz, eta beti Santiagon amaitzen dut. Bost aldiz, gainera, Orreagatik edo Donibane Garazitik irtenda egin dut, oso-osorik.
Eta nola egiten duzu, bakarrik ala konpainian?
Beti bakarrik, nahiz eta bidean beste erromesekin topo egin. Harreman oso berezia dut bidearekin, eta bakardadean bizi nahi dut hori. Dena den, beste erromesekin ere harreman oso politak sortzen dira, aterpetxeetan-eta. Gainera, gutxigora behera beti jende berarekin egiten duzu topo.
Jendeak errepikatu egiten du, beraz.
Bai, jende berarekin egin izan dut topo behin baino gehiagotan. Bitxia da, gainera. Bidea hasteko modu asko daude; turista bezala has dezakezu, edo erromes gisa, espiritualki, edo arrazoi kulturalengatik. Baina gero bideak ukitu berezi bat ematen dizu. Bidea egiten dutenak hunkitu egiten dira Santiagora heltzean.
Eta harreman berezi hori hasieratik sentitu al zenuen, bidea lehen aldiz egin zenuenetik?
Bai, oso istorio bitxia da. Lagun batek bidea egiteko asmoa zuela esan zidan, eta nik txalotu egin nuen ideia, oso esperientzia ederra zela esanez, eta joatea gomendatuz. Kontua da nik ez nuela sekula egin. Eta zera esan nion nire buruari: «Nola da posible egin gabeko zerbait lagun bati gomendatzea?». Hurrengo urtean, 2002an, prestatu nuen motxila lehen aldiz. Eta betidanik ezagutzen nuen zerbaitekin topo egin nuela iruditu zitzaidan. Herriko kaleak balira bezala, ezagunak.
Erakusketari Peregrinatio, argiaren bidetik izena jarri diozu. Zer harreman du bideak argiarekin?
Bidea bizitzaren antzekoa da. Areagoa, bidea eta bizitza gauza bera dira. Guk egunerokotasunean, bizitza arruntean, argitasuna behar dugu nora joan erabakitzeko, erabakiak hartzeko.
Artista gehiagorekin osatu duzu erakusketa. Zuk aukeratu al dituzu?
Duela 11 urte pentsatu nuen polita izango zela bidearekiko sentimentuak sustraitzat hartuta erakusketa bat egitea, beste artista batzuk ere esku hartuta. Nik nire asmoa azaldu diet, eta nahiz eta bidearekin inolako harremanik ez izan, berehala ulertu dute proiektuaren nondik norakoa. Bakoitzak bere askatasunetik abiatuta, lantxo bat egin du.
Zein irizpiderekin aukeratu dituzu?
Estetika oinarri hartuta soilik. Artisten lanak ezagutzen nituen, eta banekien, beraz, zer lortuko nuen proiektua haien esku utzita.
Artista zerrenda luzea da.
Zumaiakoak daude, Balentin Manterola, Francisco Hernandez, Ander Hormazuri, Txiki Agirre Keixeta, Arantxa Santamaria, Antton Egiguren eta Iñaki Olazabal. Horiek guztiak herrian bizi dira. Ingurukoak ere badaude: Alfredo Bikondoa eta Jose Maria Navascues. Gehienak bertakoak dira, nahiz eta kubatarrak eta txinatarren bat ere badagoen tartean. Eta Zumaian ikusgai dagoena isla txiki bat baino ez da; proiektua 500 bat piezak osatzen dute. Leku oso handia behar da guzti-guztiak erakusteko.
Hurrengo pausoa ere buruan duzu, beraz.
Bai, dudarik gabe. Nire ametsa, galanta, proiektua leku finko batean uztea da. Baina horretarako etxe berezi bat behar dut. Donazio gisa utzi nahi dut erakusketa.
Ba al duzu etxerik begiz jota?
Nik bai, baina dirua behar da horretarako. Zumaian komentu zaharra da oso leku berezia. Baina proiektu asko dago horren inguruan, eta azkenean ez dakit zer egingo duten, egoera ekonomikoa dela-eta. Askotan pentsatu izan dut leku egokia izango litzatekeela. Erronka jarri dut, eta beste pertsona batzuek erabaki behar.
Zer moduzko harrera izan du?
Oso ona. Jende asko ari da igarotzen egunotan Oxford aretotik, Alondegitik. Pozgarria da, nire lanari zentzua ematen diona.
Misterioa dario erakusketa iragartzen duen irudiari...
Zumaian ateratakoa da. Aspalditik nuen buruan irudi hori. Donejakue Bidean, Burgosko alde zaharrean bueltaka ari nintzela topatu nuen ezpata. Templarioen ezpataren erreplika da. Mezua du argazkiak, gainera. Badakigu zertarako den ezpata: akabatzeko. Baina ezpata buelta emanda jarri dut, bakezko mezua helarazteko. Bakearen aldeko metafora da. Templarioek, gainera, zerikusi handia dute bidearekin. Bidea zaintzen zuten, legendaren arabera. Eta egun ere badaude templarioak, bideko zaindariak; ospitaleroak, esaterako.