Elizaren eraikinak herritarren beharretara irekitzearen inguruko eztabaida mahai gainera atera dute aizarnarrek

Aitziber Arzallus 2025eko azaroaren 24a

Gure ondarea, gure historia izenburupean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuak antolatutako jardunaldi irekia egin zuten larunbat goizean Aizarnan. Han parte hartu zuten herritarrek Andre Mariaren Zeruratzea parrokian dagoen kultur ondareari eta azken urteetan han egin dituzten zaharberritze lanei buruzko azalpenak jaso zituzten batetik, eta Elizaren eraikinen erabileraren inguruan duten iritzia eman ahal izan zuten bestetik.

Joan den larunbatean, Gure ondarea, gure historia izenburupean Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuak antolatutako jardunaldi irekia egin zuten Aizarnan, bi helbururekin. Bata, Andre Mariaren Zeruratzea parrokian dagoen kultur ondareari eta azken urteetan han egin dituzten zaharberritze lanei buruzko azalpenak herritarrei ematea; hain zuzen ere, Laura Calvo eta Kristina Fernandez Gordailuko kideak aritu ziren horretan. Bestea, aizarnarren iritzia jasotzea elizak gaur egun zein etorkizunean izan behar lukeen erabileraren inguruan. Dozenaka izan ziren hitzordura bertaratu ziren herritarrak, eta hainbat hitza hartu zutenak, guztiek ere gauza bertsuak adierazteko, eta batez ere eskaera bera egiteko: prest daudela eliza ahalik eta ondoen zaintzen jarraitzeko, baina aukera eduki nahi dutela Elizaren eraikinak herriaren eta herritarren beharretarako erabili ahal izateko.

Elizak jabetzan dituen eraikinen erabileraren inguruko eztabaida mahai gainera ateratzeko beharra nabarmendu zuten herritarrek, horiek publiko laikoari irekitzeko garaia badela irudituta, eta adierazi zuten eraikin horietan, esaterako, ongietorri, ezkontza edo agur ekitaldi zibilak egiteko aukera eman behar liekeela Elizak. Herriak eraikitako eraikinak badira, herritarrek haiek erabiltzeko aukera eta eskubidea izan behar lituzketela defendatu zuten.

Sergio Sebastian Donostiako Elizbarrutiko arkitektoa han zen, eta hark hartu zuen hitza herritarrei erantzuteko. Adierazi zuen Elizaren eraikinak hustu ahala, horiek sakralizatuta egoteari ere utzi egingo diotela, eta denborarekin litekeena dela orain eskatzen duten hori posible izatea. Azaldu zuen zenbait herritan hasiak direla Eliza eta udala eraikin horien erabilera partekatua egiteko akordioak egiten, eta aukera hori hor dagoela, baina, momentuz, erabilera horiek mugatuak direla; organoari lotutako jarduerak eta bisita gidatuak jarri zituen adibidetzat.

Aizarnarrek, baina, eraikinak desakralizatzeko zain egon beharrik gabe, gaurtik horiek erabiltzeko aukera aldarrikatu zuten. "Eraikin horiek zaindu herritarrek egiten dituzte, baina erabili ez; anomalia bat da hori", adierazi zuen herritar batek. Elizaz gain, alboan duen apaiz etxea ere herriaren beharretarako erabiltzeko aukera defendatu zuten.

Maria Jose Telleria aldundiko Kultura Ondarearen zuzendaria ere han zen, eta hark adierazi zuen, elizen kasuan, ondare historiko eta artistikoak izanik, beti egongo direla eraikin hori erabiltzeko mugak, haietako ondarea zaindu eta babestu beharra dagoelako, baina herritarrak gonbidatu zituen, Elizaren eraikinen bat behar dutenean, "naturalki" Elizbarrutiari eskaera egitera. Horrez gain, eraikin horiek zertarako erabili nahiko lituzketen pentsatzen hasteko eta guztia idatziz jartzeko eskatu zien aizarnarrei, urratsak egiten gaurtik hasteko.

Ondareaz zertzelada batzuk

Itziar Gutierrez Gordailuko bildumetako teknikaria arduratu zen bi ordu eta erdi inguru iraun zuen saioa gidatzeaz, eta hark aurkeztu zituen Aizarnako parrokiako ondareari buruzko xehetasunak eman zituzten Gordailuko bi kideak: Laura Calvo Artearen Historia irakaslea EHUn eta arte modernoan aditua, eta Kristina Fernandez ondarearen eta artelanen kontserbazioan eta zaharberritzean aditua eta aldundiaren aholkularia.

Calvo hasi zen Aizarnako elizaren historiaren nondik norakoak azaltzen. Hark kontatu zuenez, 1500. urtearen inguruan sekulako sutea izan zen, eta ondorioz, herria eta herritarrak tenplurik gabe gelditu ziren. Berria eraiki ahal izateko, herritarren artean dirua biltzen hasi ziren; hain zuzen ere, familiek, urtero, beren ondasunen parte bat Elizari eman behar izaten zioten eraikin berria egin ahal izateko.

Hiruzpalau hamarkada geroago hasi ziren eraikina egiten, eta "garai hartarako, nahikoa azkar" egin zutela adierazi zuen Calvok, behintzat arkitekturaren partea. Adituaren esanetan, pizkunde garai betean ziren Italian, baina Euskal Herrian erabat sartu gabe zegoen arte joera hura, eta horregatik, Aizarnako elizak, pizkunde garaikoa izan arren, baditu estilo gotikoaren ukituak arkuetan zein kresterietan, eta baita elementu klasikoagoak ere, esaterako, elizari eusten dioten zutabeetako kapiteletan. XVI. mendearen bigarren erdian bukatu zuten eraikina, eta orduan hasi ziren apaintzen edo janzten; aurrena, erretaula nagusia egin zuten eta gero egin zituzten besteak.

Gaur egun elizan dauden hiru piezari buruzko azalpenak emanez jarraitu zuten. Aurrena, erretaula nagusiari begira jarrita, ezkerraldera geratzen den horman dagoen triptikoaz jardun zuten. Triptiko hori herriko familia noble baten enkarguz egindakoa dela zehaztu zuen Calvok, garai hartan ohikoa izaten zela hori, "botere soziala erakusteko modu bat" zelako. Aizarnako elizan dagoen triptikoa Europa iparraldean egindako dela azaldu zuen, Anberesen (Belgika) hain zuzen, eta "nahikoa handia" dela handik honaino zaldiz, astoz edo itsasontziz ekarri behar izango zutela kontuan hartuz gero. Egurrezkoa da eta kolore biziz margotuta dago. Enkargua egin zuen familiako hainbat kide ezik, Santa Katalina ere ageri da irudietan.

Fernandezek azaldu zuenez, duela urte batzuk zaharberritu zuten triptikoa, eta zehaztasunez kontatu zituen egindako lanak, harrizko hormaren kontra-kontra egoteagatik eta beste hainbat faktoregatik kalteak zituelako. Adituaren esanetan, ondo zaintzea merezi duen pieza da, Gipuzkoan gisa horretako oso gutxi gelditzen direlako. "Daudenak, batez ere, kostaldeko herrietan daude, itsasoz ekartzen zituztelako". Zumaian bi badaudela esan zuen, eta Zestoan zeuden beste bi erre egin zirela.

Erretaula nagusiaren ezaugarriak azaldu zituzten segidan. XVII. mendearen azken urteetan egindakoa dela adierazi zuen Calvok, txurrigeresko estilokoa dela, eta Aizarnakoa egin zuen eskultoreak Beasaingoa (Gipuzkoa) izan zuela inspirazio iturri, hangoaren forma kopiatu eta eguneratu zuela. 2010ean zaharberritu zuten erretaula, eta 2022an berriz, erretaulako pieza nagusia den ama birjina oso egoera kaskarrean zegoelako.

Erretaula dagoen tokira hezetasuna sartzen da oso garbi ez dakiten nonbaitetik, "zorutik ziur asko", eta horrez gain, xilofagoak ere baditu, bai lehen eta bai orain. 2022ko esku hartzean, ama birjina "oso hauskor" topatu zutela azaldu zuen, "barru guztia janda". Hain justu, larunbatean Aizarnan zen zaharberritze lan haietan aritu ziren kideetako bat, eta berak hartu zuen hitza azalpenak emateko. Zehaztasunez kontatu zuen zomorroa hiltzeko eta ama birjina kontsolidatzeko, egonkortzeko eta gaur egun dagoen tokian eta dagoen bezala jartzeko zer-nolako lanak egin behar izan zituzten.

Hirugarren geldialdia elizaren atzealdean dagoen erretaularen parean egin zuten herritarrek eta adituek, hura ere duela urte batzuk zaharberritu baitzuten. Lan haietan parte hartu zuen kideetako bat ere han zen larunbatean, eta hark eman zituen azalpenak. Kontatu zuen pintura hondatuta zuela, baina gaineko geruza zurixka kendu ahala, beste kolore bat eta kalitate askoz hobea zituen pintura agertu zela, eta azken hori berreskuratu zutela. Erretaulak hutsik zituen zatiak betetzeko, berriz, elizako beste leku batzuetan topatu zituzten irudiak erabili zituzten, erretaularen ezaugarriekin pare-parera zetozelako.

Eliza barruko itzulia bukatuta, lau taldetan banatu eta eraikina kanpoaldetik ikuskatzera joan ziren herritarrak. Hormetan, haietan dagoen landaredian, hezetasun aztarnetan, teilatuaren egoeran, teilatu hodienean eta abarretan jarri zuten arreta, eta ondorioztatu zuten eraikinak mantentze lanak behar dituela, batez ere hormetako landaredia kentzeko eta teilatuaren eta teilatu hodien zati batzuk konpontzeko.

Proba pilotua

Gure ondarea, gure historia. Zaindu dezagun gure ondarea goiburu duen egitasmoa berritzaile Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat lan egiten duten hainbat lagunek jarri dute martxan, herritarren parte hartze aktiboarekin Gipuzkoako ondare kultural erlijiosoari balioa emateko asmoz. Gizartea sekularizatzearen eta zahartzearen ondorioz hainbat azpiegitura erlijioso erabiltzeari uzten ari dira, eta talde horrek uste du ondarea babesteko eta kontserbatzeko estrategiak aldatzea ezinbestekoa dela, erabilera sozial eta kultural berrietara egokituta. Izan ere, erabiltzen ez dena, ez da zaintzen.

Hori guztia kontuan hartuta, ondareaz hitz egiteko eta hausnartzeko espazioak sortu nahi dituzte, eta bide horretan antolatu zuten larunbateko Aizarnako jardunaldi irekia. Aizarna aukeratu dute proba pilotua egiteko, ondare aldetik duen balioagatik, eta datozen asteetan eta hilabeteetan Gipuzkoako beste hainbat tokitan gauza bera egiteko asmoa dute.