Zestoako tabernetako terrazen elementuak arautuko dituen ordenantza berri bat ontzeari bide eman zion atzo udalbatzak. Beste herri askotan bezala, COVID-19aren pandemia garaitik terrazek okupatzen duten espazioa finkatzen —eta kasurik gehienetan, zabaltzen— duten baimen bereziak dituzte tabernek, baina egoera aldatu denez gero, baimen horiek berrikustea eta araudi berri bat sortzea onartu zuten herriko zinegotziek atzo 20:00etan hasi zuten udalbatzarrean.
Aho batez, hasierako onespena eman zioten terrazetako elementuak arautuko dituen ordenantza osatzeari. Aurrerantzean, herritarrei aurkeztuko zaie proposamena, eta alegazio fasea ireki, hurrengo udalbatzarrean behin betiko onarpena emateko. “Bere garaian, ostalaritzak jasotako kolpea leuntzeko zenbait baimen eman zituen Udalak, baina pandemiaz geroztik denbora pasatu da. Terrazek espazio publikoa baldintzatzen dute eta ezin dugu ahaztu oinezkoek dutela lehentasuna", adierazi zuen Mikel Arregi alkateak.
Bestalde, auzoetako taxi eta autobus zerbitzua martxan izan dira Zestoan, baina doako autobus zerbitzua bertan behera utzi behar izan zuen udalak, Arregiren esanetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak kostu hori bere gain hartzeari utzi ziolako. Arregik onartu du Zestoak ez duela nahikoa baliabiderik auzo guztietara garraio publikoa jartzeko, baina egun dauden zerbitzuak indartze aldera, taxi-bonua eta auzo taxien zerbitzua bateratuko dituen araudi berri bat osatzea proposatu zuen, eta hasierako onespena eman zuen udalbatzak.
Birpartzelazio proiektua
Zubimusu eta Idiazpi auzuneen artean dagoen lur eremua, egun hainbat aparkaleku dauden lekua, etxebizitzak egiteko birpatzelatuko du Zestoako udalak. Udalbatzak behin betiko onespena eman zion birpartzelazio proiektuari nahiz udalak enpresa promotore batekin adostu duen hirigintza hitzarmenari.
Halaber, udalbatzarreko zortzigarren puntuan, udalbatzako kide guztiak ados agertu ziren Zestoako Udala Oinherri Herri Hezitzaileen Sareko bazkide egitearekin.
Agurrak eta ongi-etorriak
Maiatzaren amaieran iragarri zuen Montse Atxega EAJko zinegotziak bere kargua utziko zuela, eta atzo lehenengo udalbatzarra izan zuen bere ordezkoak, Xabier Gallastegik.
Kontrara, EH Bilduko Jone Expositoren azken udalbatzarra izan zen atzokoa, "arrazoi pertsonalengatik" Kultura zinegotzi izateari uztea erabaki baitu. Mikel Arregik nahiz hainbat zinegotzik eskerrak eman zizkioten azken bi urteetan udalean egindako lanagatik. "Lubakiaren beste aldean egongo naiz", adierazi zuen Expositok.