Giroa ederra sortu da Arteaga auzoko lehendabiziko jaietan

Aitziber Arzallus 2025ko eka. 8a, 12:19

Besteak beste, 170 bat lagunek parte hartu dute auzo bazkarian. Arratsaldean, umeentzako jolasak, auzo poteoa eta abar egin dituzte, eta gauean izan du segida festak; izan ere, 21:30ean hasita, Arrixku taldearen emanaldia izan zen, eta gero erromeria Ane eta Amets musikariekin.

Zestoako Arteaga auzoan lehen aldiz auzoko festa eguna ospatu zuten atzo, eta herritarrek erantzun ezin hobea eman zioten auzotarrek egun hori antolatzeko hartutako lanari, jendetza bildu baitzen goizean goizetik hasita egin zituzten jarduera guztietan.

09:30ean hasi zuten eguna, Ertxina mendira igoerarekin. Ondoren, 10:30ean, Ertxinara erlojupeko proba egingo zuten hemezortzi bat lagunek, eta ordurako han ziren goizean tontorrera igotako lagunak. Eguerdian, berriz, Lagunartean deitu zuten ekitaldia gauzatu zuten auzoan bertan. Besteak beste, auzoaren izenaren eta haren bilakaeraren gaineko azalpenak eman zituzten, eta ondoren, auzoko zuhaitza neurtu eta auzoko haur jaioberriei ongietorria egin zieten. Halaber, taldeko argazkia ateratzeko ere baliatu zuten hitzordua.

Behin ekitaldi hori bukatuta, auzo bazkaria egin zten 170 bat lagunek. Sabelak bete ostean, berriz, umeentzako jolasak, auzo poteoa eta abar egin zituzten, eta gauean izango zuen segida festak. Izan ere, 21:30ean hasita, Arrixku taldearen emanaldia izango zen, eta gero erromeria Ane eta Amets musikariekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide